Gaur egun, elektrizitatearen prezioak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du ordutegi-tarte desberdinetan eta egun desberdinetan. Teknologia berriek ere arlo horretan laguntzen dute, energia berriztagarriak sortzeko azpiegiturek (eolikoak, termosolarrak edo fotovoltaikoak) sare orokorrean zer elektrizitate-kopuru sar dezaketen jakiteko. Eta hori guztia posible da big data, analitika aurreratua eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiei esker.
Amaia Acha-Orbeak eta Ibon Salbidegoitiak Meteo for Energy enpresa sortu zuten Gasteizen 2013an, hainbat bezeroren beharrei erantzuteko. Amaiak, negozio eta finantza arloan zuen esperientziatik, eta Ibonek, teknologien eta bezeroen ezagutzarekin, merkatuaren azterketa egin zuten eta enpresa bat sortzeko nitxoa zegoela ikusi zuten.
Beren produktua web plataforma bat edo software bat da, energia berriztagarriak sortzen dituzten plantei hurrengo ordu edo egunetan zenbat energia ekoitziko duten asmatzeko aukera ematen diena. “Guk produkzio iragarpen bat eskaintzen dugu, energia berriztagarri edo ez-berriztagarriko planta guztiek hurrengo 24 orduetarako produkzio iragarpena emateko betebeharra dutelako. Beraz, planta ororen helburua da ahalik eta zehatzen ezagutzea zenbat ekoitziko duen. Teknologia fosilekin erraza da, haiek atera edo sortu nahi dutenaren arabera doalako. Arazoa iturri berriztagarri berri horietan zegoen, meteorologiaren, haizearen, eguzkiaren eta hainbat baldintza klimatikoren mende baitaude. Guk energia berriztagarriak sortzeko plantei laguntzen diegu, zehazki jakin dezaten zenbat ekoizteko gai izango diren, planten bizitza erabilgarria optimizatzeko eta haien errentagarritasuna hobetzeko”, azaldu du Amaia Acha-Orbea Meteo for Energyko Business Development managerrak.
Eguraldiaren iragarpena
Energia sorkuntzaren inguruko iragarpen horiek egiteko, Arabako enpresak datu historiko meteorologikoen analitika aurreratua, eguraldiaren iragarpena denbora errealean, eta beste informazio garrantzitsu batzuen tratamendua konbinatzen ditu, Acha-Orbeak azaltzen duenez: “Datu kopuru handiak erabiltzen ditugu. Alde batetik, meteorologia-zentroen informazioa erabiltzen dugu, eta iragarpen meteorologikoak haiekin egiten ditugu. Ekoizpen-planten datu historikoak erabiltzen ditugu, eta, adimen artifizialeko tekniken eta machine learning delakoaren bidez, energia-produkzioaren aurreikuspenak egiten ditugu. Sektore espezifiko bat dago, termosolarra hain zuzen ere, hodei-kamerak dituena; beraz, irudien tratamendua erabiltzen dugu, eta, bestalde, eguzkiaren eremuan Meteosaten satelite-irudien teknologia erabiltzen dugu. Informazio guztia prozesatzen dugu eta 15 minututik behin, denbora errealean, Espainian, Europan edo munduan hodeiak zein izango diren zehatz-mehatz jakiteko gaitasuna dugu. Eta, azkenik, guk garatu ditugun eredu iragarleen eta adimen artifizialaren konbinazioarekin, orduz orduko produkzioaren iragarpena egiten dugu merkatuan integratzeko”.
Meteo for Energyk lantzen dituen iragarpen meteorologikoen marjinak 15 minututik zortzi egunera bitartekoak dira, bezero bakoitzaren beharren arabera. “Hodei-kamerei eta satelite-irudiei esker, sare-arazoak, biltegiratzea edo banatutako energiak direla-eta hala behar duten proiektuetan, 15 minutuan behin iragarpenak egin ditzakegu”, Meteo for Energyren Business Development managerrak azpimarratu duenez. “Baina Europan garrantzitsuena da orduz orduko aurreikuspen bat eskaintzea, merkatuak hala eskatzen baitu. Europan merkatua etengabea bilakatzen ari da, eta orduz orduko produkzioaren aurreikuspena eguneratu daiteke. Hori oso garrantzitsua da kostuak murrizteko, ezarritakoa baino gehiago edo gutxiago ekoizten baduzu, zigortu egingo baitzaitu. Aurreikuspena eguneratzea eta denbora errealean eguneratu ahal izatea lagungarria da zure penalizazioak txikiagoak izan daitezen. Aipatu denez, Europan aurreikuspen-denbora hori 15 minutura arte aldatuko da”.