Addilanek metalezko 3D inprimagailuak egiten ditu

Addilan enpresa 2017an eratu zen, makina-erremintaren bi fabrikatzaileren lankidetzaren ondorioz: Ona Electroerosión eta Maher Holding Taldea. Enpresa bakoitzaren dibertsifikazio-estrategiari eta bikaintasun teknologikoaren eta bezeroei balioa sortzearen aldeko apustuari erantzuna emateko sortu zen enpresa, fabrikazio gehigarriaren sektorean murgilduz. Testuinguru horretan, Addilanen helburua WAAM teknologia erabiltzen duten fabrikazio gehigarriko makinen fabrikaziora bideratu da.

WAAM metodologia (Wire Arc Additive Manufacturing) metalezko objektuen fabrikazio gehigarriko edo 3D inprimaketako metodologietako bat da. Zenbait laser-motaren bidez batu edo fusionatzen diren hauts metalikoak erabiltzen dituzten beste batzuek ez bezala, WAAMek hari edo barra metalikoak erabiltzen ditu, soldadura bidez urtzen direnak, objektuaren geruza bakoitza sortzeko. Galdatutako deposizio bidez modelatzeko FDM teknologiaren antzera, material termoplastikoetarako ezagunena eta erabiliena, Addilanen makinak hari metalikoa urtzen du, kordoi bat sortzen duen arku bidezko soldadura-prozesuen bidez. Kordoiak gainjarriz geruzak sortzen dira eta geruzak gainjarriz objektua sortzen da.

Merkatua

Addilan balio erantsi handiko osagaien eta tamaina ertain-handiko osagaien merkatura bideratuta dago zenbait industria-sektoretan, hala nola aeronautikarenean, aeroespazialean, trenbide-sektorean eta oil & gasean. Besteak beste, altzairua, titanio-aleazioak, superaleazioak eta aluminio-aleazioak lantzen ditu. “Titanioarekin lan egiteaz gain, altzairu edo Invar aluminioetan asko aurreratu dugu”, azaldu du Amagoia Paskual gerenteak. Konpainiak bilakaera handia izan du.