Eusko Jaurlaritzak 47,8 milioi euro gehiago jarri ditu Bilakatu, Emaitek, Azpitek eta Hazitek laguntza-programetarako. Laguntza-lerro hauetara bideratutako partiden gehikuntza Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste aurrekontu-programa batzuetan aitortutako soberakinen zati batekin egingo da, baldin eta horien zenbatekoak ez badira erabiliko. Guztira, igoera ia 48 milioi eurokoa izango da; beraz, Eusko Jaurlaritzak enpresei emango dizkien laguntzak, hainbat kontzepturengatik, 223,4 milioira igoko dira.

Soberakinen onuradun diren programen artean, Bilakatu covid-19k diru-laguntzak bideratzen ditu pandemiak eragindako enpresentzat, dibertsifikazio- eta/edo birlokalizazio-jarduerak egiten dituztenentzat, gaitasun berriak garatuz.

Industriak hasieran aurreikusitakoak baino 33 milioi gehiago bideratuko ditu programa horretara (1,6 milioi baino gehixeago 2021ean, 14,8 milioi 2022an eta 16,5 milioi 2023an). Guztira, 44 milioi bideratuko dira.

Emaitek Plus programak Foku Anitzeko Teknologia Zentroen (CCTT) eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroen (CIC) jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen du. Hasierako aurrekontua hiru milioi eurotan handitzea erabaki da, 71 milioira iritsi arte.

Azpitek Plusen 2021eko deialdia azpiegitura zientifiko-teknologikoak erosten laguntzeko programa berri honetako lehena da. 27 proiektu jaso dira, hamalau milioitik gorako aurrekontua aurkeztuta, eta horrek gainditu egin ditu hasierako aurreikuspenak. Programak 5,3 milioi euroko zuzkidura zuen hasieran. Jaurlaritzak partida hori 12,1 milioi eurora igotzea erabaki du.

Hazitek Plus laguntzak finantzatzeko, enpresako I+G laguntzeko programa, 91,3 milioi euro bideratu ziren. Aurtengo deialdira aurkeztutako proiektuen bolumenak bost milioi euroko aparteko inbertsioa eskatzen du.

Egilea Andoni Beitia