Arabako Foru Aldundiak eta Vital Fundazioak Gabonetara begira atera zituzten Araba Marketen 6.250 bonu berriak astebete pasatxoan agortu dira.

Foru erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, dagoeneko ez dago bonurik Araba Marketen Gabonetako kanpainarako, urteko azken hilabete eta erdian landa-saltokietan erosketak sustatzeko.

Zentzu horretan, adierazi du ekainean hasi zen salmentaren lehen fasean sortutako interesak bigarren fase honetan harrera ona izatea aurreikusten zuela, baina herritarren erantzunak “harritu” egin dituela.

Proiektuaren bultzatzaileek ikusi dute Araba Market plataformara egindako bisitak modu esponentzialean handitzen ari zirela azken egunetan, lehen fasetik geratzen ziren 2.000 bonu inguru eta bigarrenean zeuden 6.000 baino gehiago agortuz.

Bonuak erosi dituzten pertsonek abenduaren 30era arteko epea dute atxikitako negozioetan trukatzeko. Araba Marketek sustapen-kanal digital bat eman nahi die landa-eremuko Araban jarduera ekonomikoa garatzen duten negozio eta profesionalei, salmentak areagotzeko aukera eta ikusgarritasun handiagoa izan dezaten.

Horrez gain, “Arabako landa-bizitzaren abantailen inguruan sentsibilizatzea eta landa-eremuko Araba ingurune gisa sustatzea, ekiteko eta lan egiteko” dute helburu.

Egilea Andoni Beitia