Gasteizko Europa Jauregiak ‘Euskal Hiria’ kongresuaren hogeigarren edizioa hartuko du astelehenean eta asteartean. Kongresu horretan 200 aditu inguruk hirien etorkizuna aztertuko dute.

Aurten, ‘Esku-hartzea hirian, lurralde osasungarriagoa lortzeko tresna gisa’ izeneko topaketa antolatu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, ONU-Habitatekin elkarlanean.

Kongresua bi egunez egingo da, hilaren 29an, astelehenean, eta
Azaroaren 30ean, asteartea, Gasteizko Europa Jauregian, eta modu presentzialean edo telematikoan jarraitu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Kongresura joango diren 200 adituek hirigintzako politiketan iraunkortasunera bideratutako metodo aurreratuak planifikatzeko eta aplikatzeko jardunbide egokien adibideak emango dituzte.

Astelehenean kongresua ireki ondoren, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak eta Carmen Sánchez-Miranda ONU-Habitat-eko Espainiako bulegoko buruak hitzaldi bana emango dute Sara de la Ricaren (EHUko Ekonomia katedraduna) eta Katja Schäferren (ONU-Habitat-eko aholkularia) eskutik, Somalia edo Yemen bezalako lekuetan hiri-planifikatzaile gisa izandako esperientzia kontatzeko.

Astearteko saioan Joan Closek, ONU-Habitat-eko zuzendari ohi eta Bartzelonako alkate ohiak, emango dio hasiera saioari. Bertan, hiria gizarte mailan nola eraldatu azalduko da. Oraingo honetan, hiri-berroneratzea landuko da, Europan, Euskadin, Extremaduran edo Madrilen izandako esperientziak aztertuz.

Kongresua lau ardatz tematikotan oinarrituko da: ‘Hiri-berroneratzea eta leheneratze-planak’; ‘hiria eta lurraldea, funtsezko erronkak’; ‘hiri-eraldaketa gizarte-klabean: osasuna, berdintasuna, kultura, enplegua’ eta ‘eraldatzea klabe berdean: klima-aldaketara arintzea eta egokitzea’.

Egilea Andoni Beitia