Bilboko 2022rako aurrekontu-proiektua 633,1 milioi eurokoa da, aurten baino % 8,1 gehiago, eta 115,3 milioiko inbertsioa aurreikusten du. Astelehen honetan oposizioko hiru taldeek aurkeztutako osoko zuzenketen izapidea gainditu du, eta EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Alderdi Popularrak aurkeztutako 34 zuzenketa partzial sartu dira kontuetan, 1.278.000 eurokoak.
Bilboko Udalean astelehen honetan egin den ezohiko osoko bilkuran EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Alderdi Popularrak aurkeztutako hiru osoko zuzenketak eztabaidatu dira. Zuzenketa horiek bertan behera geratu dira EAJ eta PSE-EE osatzen duten Gobernu Taldearen gehiengoaren botoekin.
Kontuak itzultzeko eskatzen zuten zuzenketak atzera bota ondoren, oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketa partzialak eztabaidatu dira, 402 guztira. EH Bilduren 50 zuzenketa partzialetatik, 535.000 euroko hamar transakzio egin dira, eta Elkarrekin Podemos-IUk planteatutako 184 zuzenketetatik beste hamar onartu dira, 385.000 eurokoak. PPk proposatutako 168 zuzenketa partzialetatik 358.000 euroko 14 gehitu dira.
EH Bilduk Bilboko kontuetan 2022rako sartu ahal izan dituen zuzenketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: etorkinentzako euskara-ikastaroak (50.000 euro), gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea jarduketari ekimenak emateko (100.000 euro), bideojokoak eta gazteen ludopatia prebenitzeko kanpaina (30.000 euro), karga azkarreko puntuak lur gaineko aparkalekuetan (150.000 euro), eta udalaren laguntza bereziak energia-gastuetarako (50.000 euro).
Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk sartutako zuzenketek barne hartzen dituzte gizarte-larrialdiko egoeretarako udal-laguntza bereziak, merkatuen sustapena (40.000 euro), emakumeen prekarietatea murrizteko diagnostikoa/laguntzak (30.000 euro), emakume biktimen arretarako prestakuntza (25.000 euro) eta energia-komunitateen kanpaina bat (100.000 euro).
PPk lortu du datorren urterako Bilboko kontuetan honako zuzenketa hauek sartzea, besteak beste: 100.000 euro gizarte-larrialdietarako laguntzak handitzeko, 30.000 euro Bilboko merkataritzan moda sustatzeko, 20.000 euro Hiesaren aurkako Batzordeari laguntzeko, 30.000 euro Zorrotzako zamaketa-garabia zaharberritzeko, 30.000 euro Herritarren Segurtasunerako droneak alokatzeko eta 40.000 euro bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzua hobetzeko azterlan baterako.
Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren defentsan, Marta Ajuria Ogasun zinegotziak adierazi du 2022rako kontuek “helburu bikoitza” dutela: “Bilbon susperraldi ekonomikoa indartzea eta hiri eredu sozialagoa, bidezkoagoa, inklusiboagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa sendotzea”.
Nabarmendu du 2021ean baino 47 milioi euro gehiago izango dituztela, hau da, % 8,1 gehiago, aurtengo urtearekin alderatuta. Ajuriak azpimarratu duenez, “Inbertsio publikoaren aldeko apustu garbia egin da, 115 milioi euro guztira, 2021ean baino 32,5 gehiago”.
Ogasuneko titularrak adierazi duenez, 2022ko Aurrekontuen proiektuak “asmo handikoa izan behar du nahitaez”, eta udal-kontuetan sartutako proiektuek “ekonomiaren sektore guztietan eragin biderkatzailea duten lanpostu eta jarduera berriak dakartzatela” ziurtatu du, “Zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeaz gain, betiere Bilboko herritarren zerbitzura”, baita auzoetarako eta hiri-mugikortasunerako baliabide gehiago ere.
Aurrekontuen “izaera sozial nabarmena” ere azpimarratu du, 62 milioi eurorekin gizarte-ekintzaren, berdintasunaren, gazteriaren eta garapenerako lankidetzaren arloetan.
Ajuriak udal talde guztien arteko “lankidetza aktiborako” deia egin du, “Une zailetan hitz egiteko eta itunak egiteko gai garela erakutsi dugulako, eta kasu hauetan guztietan balantzea beti positiboa izan delako”.