MAIALEN MUSATADI / 2020-01-07/ Bizkaiko Foru Aldundiak % 2,2ko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena mantendu du 2019rako, eta % 1,9koa aurreikusi du 2020rako, Ekonomia eta Zerga Koiunturaren Buletinean jasotako informazioaren arabera. Bizkaiko Aldundiko Ogasun Sailak egin eta Europa Press berri agentziak jaso duen azterketak nabarmendu du lurraldeko ekonomiak hazten jarraitzen duela, hazkunde neurridunagoa den arren.

Foru erakundearen arabera, 2019ko hirugarren hiruhilekoan nolabaiteko “susperraldia” lortu zen, % 2,3ko hazkundearekin, lehen bi hiruhilekoetan % 2,1ekoak izan ondoren. Horrela, Euskadiko % 2,1eko batez bestekoaren gainetik hazi zen Bizkaia.

Kanpo merkataritzaren “hauskortasuna” dela eta, barne eskaria ekoizpena bultzatzen ari den faktoretzat jo du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta hala izaten jarraitzea espero du.

Bilakaera horrekin, eta “zuhurtziak” markatutako ingurunean, foru erakundeak uste du egokia dela aurreko hiruhilekoan egindako aurreikuspenari eustea, lurraldeko Barne Produktu Gordina (BPG) 2019an % 2,2 haztea aurreikusten baitzuen.

Hasi berri den urteari begira, Bizkaiko Aldundiak “zuhurtasunaren” alde egin du, testuinguru ekonomikoa osatzen duten “ziurgabetasun” politiko eta komertzialak eta hautematen diren “dezelerazio” zantzuak direla eta. Hori dela eta, 2020an Bizkaiko ekonomia % 1,9 haziko dela uste du.

Egilea Andoni Beitia