Etxebizitzak erosteko hipoteken sinadurak % 46,5 egin zuen gora irailean Euskadin, aurreko urteko hil beraren aldean; izan ere, 2.148 mailegu sinatu ziren, baina igoera hori Estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da.

Espainiako Estatuan, irailean, etxebizitzen gaineko hipotekak 42.547 eragiketara iritsi ziren, 2020ko hil berean baino % 57,7 gehiago, eta 2011ko martxotik izandako kopururik handiena, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astearte honetan argitaratutako datuen arabera.

Iraileko igoerarekin, hipoteken sinadurak gora egin du Euskadin bi hilabetez, ekainean eta uztailean beherakada handiak izan ondoren.

EAEn, guztira, era guztietako finken gaineko 2.826 hipoteka sinatu ziren irailean, 473,4 milioi euroko kapital mailegatuarekin. Horietatik 54 landa-finken gainekoak ziren, eta 2.772 hiri-finken gainekoak; gehienak, 2.148, etxebizitzak. Hirien artean, gainera, 29 orube eta 595 hipoteka zeuden garaje, bulego eta trastelekuen gainean.

Etxebizitzen gaineko hipoteketarako Euskadin mailegatutako kapitala 317,4 milioi eurokoa izan zen, 2020ko irailean baino % 45 gehiago.

Gainera, aurtengo bederatzigarren hilabetean 1.813 hipoteka ezeztatu ziren, horietako askok etxebizitzen gainekoak (1.363) eta beste 446k erregistroetan aldaketak izan zituzten berritzearen (342), zordunaren subrogazioaren (56) edo hartzekodunaren subrogazioaren (48) ondorioz.

Espainiako Estatuan, oro har, etxebizitzak erosteko maileguen batez besteko zenbatekoa 143.831 eurokoa izan zen, 2020ko otsailetik izandako kopururik handiena, alegia.

Egilea Andoni Beitia