Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bi milioi euro bideratuko ditu 2023ra arte Azti zentro teknologikoa buru duen proiektu batera, Oarsoaldean itsasoari lotutako ekonomia bultzatzeko eta “Pasaiako badia” ekonomia urdinaren garapen-marka gisa kokatzeko.

Gobernu Kontseiluak atzo eman zion argi berdea partida horri, eta enpresen inkubagailu bat eta bi karga-estazioz osatutako azpiegitura bat sortzen lagunduko du, bata Pasaiako Portuaren barruan eta bestea kanpoan, energia berriztagarrietan oinarrituta. Bere eginkizun nagusia itsas ibilgailuen garapenean interesa duten enpresentzat erakargarri bihurtzea eta esparru horretan proposamen berritzaileak garatzea da.

Proiektu honek balio erantsi handiko itsasoko produktuak egiteko planta bat garatzea ere aurreikusten du, sukaldaritzaren merkatura eta elikagaien industriara bideratuta. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi zuenez, “Espazio teknologiko lehiakorra eratzeko” eta “klima aldaketa kontuan hartuko duten merkatu eta produktu berriak definitzeko”.

Avatar

Egilea Andoni Beitia