Foru Aldundiak Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari zuzeneko laguntzak ematea onartu du covid-19ak eragindako krisiaren aurrean, pandemiak gehien kaltetu dituen azpisektoreei babesa emanez, guztira 1.187.435 euroko zenbateko ekonomikoarekin.
Ezohiko deialdi honen bidez, Foru Aldundiak 480 onuradun laguntzen ditu, honako jarduera hauetan dihardutenak: behi-azienda (haragia, esnea), ardi- eta ahuntz-azienda, sagardoa egitea, txakolina egitea eta behi-azienda suharra.
“Krisiaren eragina eta azpisektore horietako ustiategi asko pairatzen ari diren zailtasunak arindu nahi ditugu, eta, horrela, Gipuzkoako landa-ingurunearen jarduera ekonomikoari, enpleguari eta dinamismoari eusten lagundu”, nabarmendu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak.
Laguntza horien % 29,87 (354.696 euro) esne-behien ustiategietara bideratu da, 108 onuradunekin. % 23,53 (279.388 euro) ardi- eta ahuntz-azienda duten ustiategiei, 140 onuradunekin.
Haragitarako behien ustiategiei dagokienez, 246.798 euro banatu dira, eta azpisektore hori izan da eskaera gehien izan dituena, zehazki 182, laguntza guztien % 20,78rekin. Pandemiak sagardo-ekoizleei ere eragin die zuzenean; beraz, laguntzen % 17,52 (207.990 euro) azpisektore horretarako izan da, eta 56 izan dira onuradunak.
Txakolinaren ekoizleek laguntzen % 7,11 jaso dute (84.437 euro), eta 28 izan dira onuradun. Azkenik, sei azienda-ustiategik 14.124 euro jaso dituzte, laguntzen % 1,19.
Krisiaren eragina desberdina izan da lehen sektorean; izan ere, azpisektore batzuek nahiko normaltasunez eutsi ahal izan diote beren jarduerari, eta beste batzuek, berriz, geldialdi ekonomikoak, eskariaren krisiak edo beste faktore batzuek eragin handiagoa izan dute.
“Eragina bereziki nabarmena izan da jarduera horietan, eta galera nabarmenak eragin dizkie autonomoei eta jarduera horietan aritzen diren enpresa txiki eta ertainei. Plan honekin bere biziraupena bultzatu nahi dugu “, azaldu du Larrañagak.
Gehienez, 7.500 euro
Laguntzen gehieneko zenbatekoa 7.500 eurokoa da onuradun eta azpisektore bakoitzeko. Hasierako aurrekontua milioi batekoa bazen ere, Aldundiak handitu egin du dauden eskaerei erantzuteko zuzkidura.
Berrikuntza nagusietako bat behi-aziendaren sektorearentzako zuzeneko laguntzak deialdi honetan sartzea da; izan ere, krisiaren eraginari “lehengaien prezioaren igoeraren zailtasun erantsia gehitu behar zaio, batez ere animalia-pentsuarena, neurri hori hartzera eraman gaituena sektoreari arnasa ematen saiatzeko”, ziurtatu du foru diputatuak.
Deialdia Gipuzkoako Ekonomia Indartuz sare ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko planaren parte da. Tresna horren bidez, foru-erakundeak programa, laguntza eta neurri multzo oso bat hedatzen ari da, lurraldeko ekonomia indartzeko eta covid-19ak eragindako krisia gainditzeko helburuarekin.
Foru erakundeak adierazi duenez, plan honek egoeraren araberako alderdi bat du, pandemiak gehien kaltetutako pertsonei eta sektoreei (ostalaritza, merkataritza, turismoa edo lehen sektorea) laguntzeko laguntza ekonomikoak eta neurri fiskalak biltzen dituena, arreta enpresa txiki eta ertainetan eta autonomoetan jarrita.
Lehen sektoreari zuzendutako laguntzen deialdiaren kasuan, Aldundiak bigarren urtez jarraian aktibatu du. 2020an, Gipuzkoako 290 ustiategiri eman zitzaien laguntza, 893.074 eurorekin, nekazaritza-turismoak eta lore-mozketak barne. Pandemiak markatutako bi urte hauetan 2 milioi baino gehiago erabili dira, eta horri esker 670 nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategitara iritsi gara.