Euskal Autonomia Erkidegoko industri produkzioa 2021eko urrian 2020ko hil berean ikusitakoa baino % 3,6 handiagoa izan da, lan-egutegi homogeneoari dagokionez, eta 2021eko lehen hamar hilabeteetako balantzea industri jardueraren % 10,9ko igoerarekin itxi da, Eustatek landutako datuen arabera.

Urria aurreko hilarekin, 2021eko irailarekin, alderatuz gero, Euskadiko industri produkzioa % 1,9 hazi da, urtaro-ondorio egokiak zuzendu ondoren.

2021eko urriko indizearen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan, bitarteko ondasunetan izan ezik, horietan urte arteko % 2,9ko jaitsiera izan baita.

Sektore horretan sartzen dira metalurgiako eta produktu metalikoen fabrikazioko jarduerak, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.

Energiaren urte arteko hazkundea % 22,2 izan da 2021eko urrian. Sektore horretan energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea sartzen dira.

Kontsumo-ondasunek, oro har, % 8,4ko hazkundea izan dute, kontsumo-ondasun iraunkorrek % 27,8koa eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 3,7koa.

Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean, altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak agertzen dira. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.

Ekipo-ondasunak (ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makina eta -materialen eraikuntza eta aeronautika edo ontzigintza), berriz, % 4,5 gehitu dira.

Eustatek emandako datuen arabera, euskal industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, honako hauek izan dute urte arteko hazkunderik handiena 2021eko urrian: energia elektrikoa, gasa eta lurruna ( % 18,4), Makineria eta ekipoa ( % 8,5) eta Zura, papera eta arte grafikoak ( % 2,9).

Aitzitik, jaitsierarik handienak sektore hauetan gertatu dira: kautxua eta plastikoak ( % 9,8), Material eta ekipo elektrikoa ( % 8,4), Elikadura-industriak ( % 2,5).

Industri Produkzioaren Indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da urrian Bizkaian ( % 6,7) eta Gipuzkoan ( % 4,9). Araban, aldiz, % 3,2 jaitsi da.

2021eko lehen hamar hilabeteetako metatuan, Gipuzkoa izan da hazkunderik handiena izan duen lurraldea 2020ko aldi beraren aldean ( % 13,5), gero Bizkaia ( % 9,9) eta azkenik Araba ( % 8,2).

Egilea Andoni Beitia