Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatzen duen Kultura Bonuaren bigarren edizioa ostiral honetan, abenduak 3, jarriko da abian lurraldeko 44 saltokitan. Bi bonu mota izango dira, kultura-ondasun eta -zerbitzuetarako, eta 5.500 (iaz baino mila gehiago) jaulkiko dira guztira, otsailaren 28ra arte iraungo duen kanpainan.

Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kulturako arduradunaren arabera, bonu honekin “herritarrei kultura-ondasunak eta -produktuak eskuratzen laguntzea bilatzen da, kultura-sektoreko enpresak indartzearekin batera, bai eta arte- eta kultura-banaketaren merkatua dinamizatzea ere, produktu eta zerbitzu horien kontsumoa sustatuz gure lurraldean, produktu eta zerbitzu horiei atxikitako establezimenduetan, profesionaletan, mikroenpresetan, enpresa txikietan eta enpresa ertainetan bereziki”.

Del Valek adierazi duenez, aurtengo berrikuntza nagusia da 5.500 bonu egongo direla eskuragarri (iaz baino 925 gehiago). Gainera, bi bonu mota egongo dira, eta ez lau: lehen bonu bat 10 euroko deskontuetarako euskarazko kultur ondasun eta zerbitzuen kontsumoan, gutxienez 20 euroko erosketarekin, eta bigarren bonu bat 10 euroko deskontuetarako, euskara ez den beste hizkuntza bateko kultur ondasun eta zerbitzuen kontsumoan, bai eta musika-tresnak erosteko ere, gutxienez 30 euroko erosketarekin.

Beste berrikuntzetako bat da pertsona bakoitzak 5 deskontu-bonu kontsumitu ahal izango dituela (iaz baino bi gehiago). Herritarrek erosi ahal izateko, nahikoa da atxikitako saltoki batera joatea eta bertan deskontua aplikatzea. 16 urtetik gorako edozeinek egin ahal izango du (iaz 18 urte zituen).

Guztira 44 enpresa atxiki dira, iazko kopuru bera. Programari atxikitako establezimenduetan eta profesionaletan erosten direnean, ondasun hauetarako deskontua lortu ahal izango da berariaz: liburuak, komikiak eta nobela grafikoa, musika, filmak, dokumentalak eta serieak, edozein grabazio-formatutan, musika-tresnak eta kultura-produktutzat har daitezkeen beste ondasun batzuk.

Kanpo uzten dira, berariaz, papergintzako produktuak eta eskulanak, marrazketa-materialak, testuliburuak, eskuliburu teknikoak eta hiztegiak, oposizioen gai-zerrendak, bideojokoak, ekipo periferiko eta kontsumigarri informatikoak, argazki-kamerak, ikus-entzunezko gailuak.

Zerbitzuak honako hauek dira: arte ederretako eskolak eta ikastaroak (kantua eta musika-interpretazioa, dantza eta dantza barne), marrazketa, argazkigintza, eskultura eta interpretazioa, bisita gidatuak ondare-multzoetara eta interpretazio-zentroetara, zinema-emanaldietarako edo zuzeneko antzerki edo musikarako sarrerak, museo eta arte-azoka pribatuetarako sarrerak eta kulturaltzat har daitezkeen beste batzuk.

Berariaz baztertzen dira laguntzako eskolak eskolako edo unibertsitateko irakasgaietarako, hizkuntza-eskoletarako, mekanografia-eskoletarako eta antzekoetarako, museo eta arte-galeria publikoetarako sarreretarako.

Arabako Ganbera, erakunde laguntzailea

Foru Aldundiak, berriz ere, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala izan du erakunde laguntzaile, atxikitako enpresekiko harremana zein plataforma teknologikoarekiko kudeaketa errazteko.

Kultura Bonurako erabilgarri dagoen aurrekontu osoa iazko bera da, 55.000 euro (beste gastu batzuez gain, zabalkundea, kartelak eta abar). “Inbertsio horrekin, 2021erako aurreikusita genuen A Planaren % 100 baino gehiago gauzatu genuen”, adierazi du Del Valek.

Gogoratu duenez, gastu arrunterako diru-laguntza 250.000 eurotik 275.000 eurora igo zen hasieran, eta kultura-proiektuetarako diru-laguntza, berriz, 200.000 eurotik 220.000 eurora.

Kopuru horiei honako hauek gehitu behar zaizkie: 135.000 euro partikularren ondare-eraikinak kontserbatzeko diru-laguntzetarako, 75.000 euro Kultura Bizian inbertitzeko eta 55.000 euro Kultura Bonurako.

“Hau da, 740.000 euro inbertitu beharrean, azkenean 760.000 inbertitu ditugu 2021ean Kulturaren A Planean, eta horrek, zalantzarik gabe, susperraldian lagundu du, eta, batez ere, 2022ko aurrekontu bat proiektatu ahal izan du, kultura bat sustatzeko eta haren kalitate-jauzia egiteko, zeina, datorren urtea amaitzen denean, inoiz baino biziago egoteaz gain, osasun ona izan beharko baitu”, ondorioztatu du foru arduradunak.

Egilea Andoni Beitia