LAB sindikatuak Errenteriako Okin taldeko Urkabe Benetan enpresan grebarako eskubidea urratu dela salatu du. Enpresa horretako langileek bi orduko lanuztea egin dute ostegun honetan. Sindikatuak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan, “Bulegoko langileak produkzioan lanean” ari zirela egiaztatu baitu.

LABek ohar batean azaldu duenez, ostegun honetan 91 langilek lan egiten duten enpresako lanuzteak “ia langile guztien” jarraipena izan du.

Ildo horretan, zehaztu du produkzioko langile guztiek lanuztearekin bat egin duten arren, greba-batzordea lantoki barrura joan denean egiaztatu ahal izan duela “bulegoko langile batzuk produkzioan ari zirela lanean”.

Sindikatuak Urkabe Benetan enpresako zuzendaritzaren jokabidea salatu du eta, ondorioz, salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan, “Grebarako eskubidearen oinarrizko urraketa delako”.

LABeko hiru kidek eta ELAko bik osatutako enpresa-batzordea enpresa-ituna negoziatzen ari da martxotik, eta zuzendaritzak, “Enpresaren egoera ona izan arren, soldatak izoztu, antzinatasunak murriztu eta ABLEen erabilera kronifikatu nahi du”.

LABek “onartezintzat” jo du aldi baterako laneko enpresen bidez langileak “erabili eta botatzeko zapi gisa tratatzea”, eta zuzendaritzari “aberastasuna banatzeko eta prekarietatea mugatzeko konpromisoak” eskatu dizkio.

Urkabe Benetan enpresako langileek mobilizazioekin jarraituko dute datozen asteetan. Horrela, ostiral honetan bi orduko lanuztea egingo dute, abenduaren 13an, 14an eta 15ean geldialdia 4 ordukoa izango da, eta 16an eta 17an bi greba egun egingo dituzte.

Avatar

Egilea Andoni Beitia