Euskal Autonomia Erkidegoak inoiz baino gehiago inbertitu zuen ikerketa eta garapen teknologikoan 2020an, eta ondoz ondoko bost ekitaldiko hazkundea erregistratu zuen. Urte horretan covid-aren eragina handiagoa izan zen BPGan I+Gko inbertsioan baino.

I+Gko inbertsioa, 2020an, 1.490 milioi eurokoa izan da guztira Euskadin, eta errekorra izan du atal honetan, covid-aren krisiak markatutako ekitaldia izan arren.

Eustaten datuen arabera, 2019an baino 8,6 milioi euro gehiagoko gastua izan zen ( % 0,6), eta, BPGari dagokionez, inbertsioa % 2,08ra iritsi zen, aurreko urtearen aldean igoera handia ( % 1,86), pandemiak eragin handiagoa izan zuelako BPGan I+Gko gastuan baino. Datu horiek 27. Europar Batasunekoekin (27-EB) alderatzeko, 2019ari dagozkionak erabili behar dira ( % 2,27).

Lurraldeka, EAEko I+Gko gastu osoaren % 47,3 Bizkaian egin zen (BPGaren % 1,95); % 42,6 Gipuzkoan ( % 2,63) eta % 10,1 Araban ( % 1,35).
I+Gko gastuaren egikaritze-eremuari dagokionez, % 76,7 (1.143,0 milioi euro) enpresek egin zuten, % 17,4 (258,7 milioi) goi-mailako irakaskuntzak eta gainerako % 5,9 (88,3 milioi) Administrazioaren mendeko erakundeek.

Sektorekako banaketa hori, aurreko ekitaldian Administrazioan izan ezik, nahiko egonkor mantendu da azken urteetan. Hala, 2019. urtearekin alderatuta, enpresek eta goi-mailako irakaskuntzak I+Gko gastua % 1,2 eta % 1,9 igo zuten, hurrenez hurren, eta Administrazio Publikoak, berriz, % 9,9 egin zuen behera.

Finantzaketaren ikuspegitik, enpresek 813 milioi euro bideratu zituzten, 2019an baino % 1,8 gehiago, hau da, finantzaketaren guztizkoaren % 54,6. Finantzaketa publikoak, bestalde, 510 milioi euroko ekarpena egin zuen, I+Gko gastu osoaren % 34,2 (+%1,8).

Finantzaketa publikoaren jatorriari dagokionez, Administrazio autonomoaren ekarpena da nagusi (411,7 milioi), aurreko urtearen aldean % 0,9 hazi baita eta guztizkoaren % 80,8 hartzen baitu atal honetan; Administrazio zentralaren finantzaketa (74,7 milioi) % 8,1 hazi da eta partaidetza % 14,7an kokatzen du, eta foru-aldundiek eta toki-administrazioek (23,3 milioi) % 4,6rekin parte hartu zuten, ekarpena % 1,9 jaitsiz.

Egilea Andoni Beitia