José Manuel González Robles
Bizkaiko Higiezinen Jabetzaren Agenteen
Elkargo Ofizialeko preisdentea
“Higiezinen merkatuan gardentasun- irizpideak sartu behar dira”
José Manuel González Robles Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta, egun, COAPI Bizkaiko zuzendaria da. 1949an sortua, Higiezinen Jabetza Agenteen Bizkaiko Elkargo Ofizialak, COAPIk, zerbitzuak eskaini ditu urte luzez. Higiezinen agentzia etxebizitza, lokal edo, orokorrean, higiezinen salerosketan aritzen den enpresa da. Elkarrizketa honetan, higiezinen merkatuaren egoeraz eta etorkizuneko panoramaz dihardu
Ezagutzen ez dutenentzat, zer da COAPI? Zein funtzio betetzen ditu?
COAPI Higiezinen Jabetza Agenteen Elkargo Ofiziala da; hauek probintziakoak izaten dira, eta, beraz, gurea Bizkaiko COAPI da. Elkargo ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, lanbide-interesen eta ogibidearen izen onaren alde egiten duena, agindu guztietan eta gure eskura dauden baliabide guztiekin, eta agintari eskudunengandik gertu sustatuz lanbiderako onuragarritzat jotzen dena.
Zer berme eta balio erantsi eskaintzen dizkie saltzaileei eta erosleei zuen Elkargoko kide baten zerbitzua izateak?
Elkargokide batekin jarduteak onurak soilik ekarriko dizkio bere ondasun-higiezinen eragiketak egitean; izan ere, erakunde ofizial baten profesionaltasuna eta babesa emango dizkio.
Zein izan da azken urteotan euskal higiezinen merkatuaren bilakaera? Higiezinen krisia behin betiko gainditu al da?
2000. urtetik 2006. urtera bitartean, etxebizitzen merkatua prezioak etengabe igo ziren, urteko %15. 2006. urtearen erdialdean, geldialdia gertatu zen, eta entregatzeko zain zeuden eraikuntza berriko etxebizitzak izan ezik, 2007an eta 2008an egin zirenak, jarduerak aurrera jarraitzen zuela zirudien, baina inertzia efektua baino ez zen. Salmenten prezioa jaisten hasi zen; egun, EAEn, %40koa da, batez beste. Eta batez besteko alokairuari dagokionez, jaitsiera txikiagoa izan da, %25.
Finantza-erakundeek eragindako higiezinen krisia ez da gainditu. 2014. urtearen amaieratik, etxebizitzen erosketa berriz finantzatzen da (%80, lehen, %100 baino gehiago). Alabaina, azken urteotan ez da prezioen aldakuntza esanguratsurik egon.
Gero eta gehiago dira etxebizitza alokatzea eta ez erostea erabakitzen duten pertsonak. Zergatik gertatzen da fenomeno hori?
Lehen, etxebizitza osoa eta gehiago finantzatzen zen. Orain, %80 gehienez. Lanprekarietateak, soldaten erosahalmenaren galerak eta aurrezkirik ez izateak, batez ere, gazteak alokairu-merkatura jotzera behartzen ditu.
Higiezinen sektorean, ia edonork egin dezake bitartekari lana. Hori intrusismo profesionala dela uste al duzu? Beharrezkoa al da erregulazio eta kontrol handiagoa sektore horretan diharduten profesionalekiko?
2000. urtera arte, higiezinen profesional gisa jardun ahal izateko, beharrezkoa zen azterketa batzuk gainditzea, jarduera gauzatzeko prestakuntza profesionala zenuela frogatu ahal izateko.
2000. urteaz geroztik (4/2000 Errege Lege Dekretua eta ondorengo 10/2003 Legea, higiezinen sektorea liberalizatzekoa), higiezinen agente lanbidea egikaritzeko, ez da beharrezkoa goi-mailako titulaziorik (edo bestelakorik) izatea, ez helbide fisiko zehatza izatea, ezta erantzukizun zibileko asegurua izatea ere.
Beraz, ez da inolako baldintzarik eskatzen edozein pertsonak bere bizitzan zehar hartzen duen erabaki nagusietako batean, bere etxea eskuratzean, bitartekari gisa aritzeko. Higiezinen merkatuan gardentasun-
irizpideak sartu behar dira, kontsumitzaileen babesa bermatu behar da, eta higiezinen transakzioetan
esku hartzen duten agenteek bete behar dituzten baldintzak finkatu behar dira. Higiezinen Agenteen Nahitaezko Erregistroa sortzea, non kokalekua eta arreta, prestakuntza eta praktika egokiak bete behar diren, eta higiezinen agentearen jarduera gauzatzeko kaudimena, berme eta aseguruekin. Etxebizitzaren
Euskal Legeak jasotzen du, baina araudia arautzeko zain dago, eta ez dakigu nahitaezkoa edo borondatezkoa izango den.
Zer gehiegikeria dira elkargokide ez diren bitartekarien artean ohikoenak? Abusuzko praktika hauek behar bezala zigortzen dira?
Elkargokide ez diren beste agente batzuengandik jasotako kexa gehienak zerbitzusarien gehiegizko kobratzeari buruzkoak dira. Ordainsariak hitzartuak izan behar dira. Higiezinen sektorea liberalizatzea, bitartekari-kopuru handiagoa izateko, eta eskaintzaren eta eskariaren ondorioz ordainsari ekonomikoagoak eragingo balitu bezala planteatu zen. Baina, ondorioz, agente higiezinek, une honetan agertzen direnek, nahi dituzten ordainsariak kobratzen dituzte, eta, zikloa aldatzen denean, desagertu egiten dira.
Euskadiko higiezinen sektorean inbertitzeko une egokia al da? Estatu mailan burbuila berri bati buruz hitz egiten da, eta hurrengo bi urteetarako prezioak jaistea aurreikusten da. Euskadi seguru al dago iragarpen ilun horietatik?
Aurrezkien errentagarritasuna nulua da, eta gure aurrezkiak gordetzeagatik ere kobratzen digute. Etxebizitza, batez beste, %40 jaitsi da, eta ez da berreskuratu. Etxebizitza erosteko finantzaketa inoiz baino merkeagoa da. Beraz, une egokia da erosteko. Euskadin ez da egon eraikitzeko gehiegizko eskaintzarik, Estatuan gertatu zen bezala. Madrilen, Bartzelonan, Balear Uharteetan eta Kanariar Uharteetan, besteak beste, atzerriko inbertsioaren ondorioz, higiezinetan inbertitzeko une egokia ikusi dute, prezioak berreskuratu egin dira, bai eta igo ere. Hor, burbuila berri bati buruz hitz egiten da, eta prezioak jaitsi egin daitezke. Gainerako autonomia erkidegoentzat, baita Euskadirentzat ere, finantza-krisiaren ondoren prezioak igo gabe, aurreikuspen horiek ez dira espero.
Alokairuko etxebizitzen prezioak gora egin du azken urteetan, eta sabaia ukitu duen merkatu bati buruz hitz egiten dute adituek, eta prezioen jaitsiera ere aurreikusi dute. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Euskadiko Alokairu Merkatuaren Estatistika (EMA) eman du ezagutzera. Azkenik, adierazi behar da errealitateak ez duela zerikusirik alokairu-itxaropenen aurreko estatistikekin edo higiezinen atarietan eskaintzen denarekin. Aurreko datu okerrekin hitz egiten zen alokairuaren merkatuaren prezioa krisiaren aurretik zegoen prezioan zegoela eta are prezio handiagoan ere bai. Errealitatea da prezioen batez bestekoa %25eko jaitsierarekin mantentzen dela, krisiaren aurreko prezioen aldean. Interes turistikoko zonetako bizitoki turistikoetara bideratutako etxebizitza konkretuak izan ezik –probintzietako hirietako Alde Zaharrak, Bilbo, Donostia eta Gasteiz–, gainerakoak mantendu egiten dira. Eskaintza baino alokairu eskaera handiagoa dago. Etxebizitza hutsak dituzten jabeak ohartarazi eta lasaitu behar ditugu, legeria dagoela gehiegikeriak saihesteko eta egoera horiek berriro gerta ez daitezen. Legeria hori alokairuak ekar dezakeen alarmak motibatua dago: errentak ez ordaintzea, etxebizitza suntsitzea… Lasaitasun juridiko hori lortzeak etxebizitza huts bat duen pertsona animatuko luke etxea alokairuan jartzera. Etxebizitza kopuru handiagoarekin, alokairuaren prezioa jaitsi egin daiteke.
Badirudi hipoteka lege berriak garestitu egin duela, eta are gehiago zailtzen duela etxebizitza erosteko beharrezkoa den finantzaketa eskuratzea. Zer eragin izan du gure inguruan? Eragiketa kopurua jaitsi al da?
Lege berriaren helburua gardentasuna dela dirudi. Azken urteetako esperientziagatik, gardentasun hori ez zen existitzen. Hori dela eta, beharrezko egin da hori arautzea. Horregatik ez da inolako eraginik antzeman, soilik Legea indarrean jartzean egin behar ziren operazioetan eskrituren sinadura atzeratu egin dela.
Zer iritzi duzu Espainiako Bankuak pentsioa hobetu ahal izateko etxebizitza erabiltzeko egin duen proposamenari buruz?
Lehenago, alderantzizko Hipoteka zegoen, pentsio baxua duten pertsonek beren etxebizitzaren kontura pentsio hori kantitate batzuekin osatu ahal izateko. Pertsona horientzat, baliozko irtenbidea zen beraien bizi-maila hobetzea, oinordekoei jaraunspenik ez uztearen truke. Estatu Batuetakoa bezalako ereduak imitatzea, non, etxebizitza baldin baduzu, zure etorkizuneko pentsioa baliogabetzen edo murrizten dizuten, ez dator bat gure errealitatearekin.
Biztanleria zahartzeak eragin erabakigarria du sektorean. Eskariaren zer bilakaera aurreikusten duzu oso gazte gutxirekin, gehienetan eskatzaileak, eta hutsik geratuko diren oso pertsona nagusiek okupatutako etxebizitza askoko ingurunean? Nola uste duzu eragingo duela hurrengo urteetan zure sektorean Euskadiko biztanleria murrizteak?
Bizi dugun ziklo berri honetan, jaiotza-tasa baxua da, eta, aldiz, kanpoko pertsonak hemen ezarri nahi dira. Horiek dira eskatzaile berriak, eta horiengan jarri behar dugu arreta. Pertsona horiek sartzeak egung biztanleriaren zahartze prozesua konpentsatuko du.
Jabi Luengo Errazkin
Tolosako Hirukide Ikastetxeko irakaslea eta informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) aditua.
Zure aburuz, zein da IKTen egoera Euskal Herrian? Ondo gaude?
Azpiegituren aldetik ondo hornituta gaudela esango nuke. Orokorrean, etxean, lanean eta ikasketa eremutean gailuz inguratuta gaude. Nire eremuan, ordea, arazoa ez da gailu kopurua, horiei atera dakiekeen etekina baizik: “testu‐liburuak – ariketak –azterketa” ekuazioa gailu elektronikoekin errepikatzen badugu, nekez lortuko dugu aurrerapausoak ematea pedagogiaren aldetik.
Badirudi teknologia berrien arloan ekoizten diren aplikazio eta gailu berri guztiak Silicon Valleytik datozela, baita Txinatik ere. Europarrak, oro har, eta euskaldunak bereziki, beste herrialde horietan ekoiztutako produktuak kontsumitzera murriztuta gaudela uste duzu? Zer uste duzu egin behar dela gure burujabetza teknologikoa garatzeko?
Lehenik eta behin, enpresa handi hauek duten botereaz eta eraginaz jabetu behar dugu. “Doakoa”, “erraza” eta erosoa” hitzen atzean, helburu ekonomikoak ezkutatzen dira. Mahai gainean jarri behar diren kartak dira, eta erraldoi horien eta gure arteko erlazioek ekartzen dituzten ondorioak argi izan behar ditugu. Karta‐joko honetan bada beste jokalari bat ere: teknologia libreak, bai software bai hardware ataletan. Jokalari honek beti erakusten ditu bere kartak, eta geure egin ditzakegu: aukera zintzoa da, besteekin konparatuta.
Hezkuntzaren arloan diharduzun aldetik, ikastetxe gehienek arbela digitalak, ordenagailu gelak, wi!i sareak, tabletak eta beste hamaika gailu dituzte. Ondo erabiltzen dira irakaskuntzaren arloan?
Orain dela urte batzuk ikastetxeetan zerutik mana erori zitzaigun barra‐barra eramangarri itxurarekin. Konektibitateari dagokionez, zirimiria besterik ez zen izan. Hirugarren osagaia, erabilera egokiari dagokiona eta guztietan garrantzitsuena, irakasleen eskuetan erori zen. Eta hor denetarik egon da. Gai honetan positiboa naiz, hainbat irakasle norabide zuzenean ikusten dut eta argia hor ipintzea gustatzen zait.
Hainbat herrialdetako adituen esanetan, espainiar Estatuko hezkuntza sistema zaharkituta geratu da, eta oso kaskarra omen da, memorizazioan oinarritzen baita, sarritan ikasleak buruz ikasten duena ulertu gabe. Zein da zure iritzia adierazpen horiei buruz?
Irakaslea naiz, baita aita ere. Zorionez, bi ikuspegiak ditut. Bizitzako beste hainbat eremutan bezala, pertsonek markatzen dute diferentzia. Irakasleen gainetik dauden pertsonek eta egiturek irakasleei
bidea samurtu behar diete. Ez dauka inongo logikarik DBHn konpetentzietan oinarritutako ebaluaketa eskatzea eta Batxilergo bukaeran betiko azterketa bat egin behar izatea. Egoera aldatzen ari da, baina erritmo biziagoa ezarri beharko genioke; ausartak ez bagara, atzean gelditzeko arriskua daukagu.
Zure esku balego, zer aldaketa edo berrikuntza ezarriko zenituzke euskal hezkuntza sisteman, ikasleen errendimendua hobetze aldera?
Hezkuntza sistemarekin zer lortu nahi dugun jakin beharko genuke. Agian, hortxe agertuko litzateke lehenengo harritxoa bidean… Pedagogia aktiboak ezarriko nituzke, proiektuetan oinarritutakoak, adibidez. Gure inguruko arazoei aurre egiteko diseinatutako dinamikak. Adibidez, egin dezagun gure herrian dauden eskulturak ezagutzeko audiogida bat: horrela, gure herriko historia ezagutuko dugu, gure kultura; gainera, hizkuntzak ere landuko ditugu (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa), ahozko eta idatzizko alderdiak. Teknologiari esker, grabatu eta Interneten zintzilikatzen ditugu audio horiek, QR kodeen bitartez, eskultura ikusten ari den edonork entzun ahal izateko. Herriko erakundeekin lan egiteak hezkuntza eta partehartzea suspertzen ditu. Gure ikastetxean, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza ezarri dugu DBHko lehenengo zikloan. Ikasgai, ordutegi eta espazioen mugak apurtu ditugu, horrelako dinamikak abiarazteko. BIZI izena jarri diogu, dinamika biziak direlako eta bizitzarekin lotzen dugulako.
Iraultza teknologikoak ekarri dizkigun erronkak goi mailako langile gaituak eskatzen ditu, bai eta ohiko lanpostuetan aritu direnen moldaketa ere. Badugu nahikorik edo ondo trebatutako profesionalen premia dago?
Aldaketarako eta ikasteko prest dauden pertsonak heztean dago gakoa. Gizartea, teknologiak, egunero aldatzen dira, oso azkar. Horregatik, helburu hau bilatzen dituzten egiturak sortu behar dira. Tamalez, urte askoan esan diegu ikasleei zein den erantzun zuzena, eta ez diegu galderak eta erantzunak bilatzen utzi.
Zu kode ireki eta software askearen aldekoa zara, baina badirudi gaur egun sistema eragile (Linux, esaterako) eta aplikazio libreek ez dutela horrenbesteko erabilerarik. Garai batean pil-pilean zegoen kontua bazen ere, orain ez du horrenbesteko oihartzunik. Zein da arlo horren egungo egoera?
Software librea oso zabalduta dago. Kasu gehienetan, ez gara ohartzen erabiltzen dugun hori software librea denik. Adibidez, egunero Interneten ikusten ditugun web orrien zerbitzariek software librea erabiltzen dute. Androiden zatirik handiena software librea da. Egia da mahaigaineko sistema eragileetan Linuxrk oso kuota txikia daukala, baina gai honetan baikorra naiz. Bestalde, gaur egun hodei‐konputazioak gero eta garrantzi handiagoa dauka: bezeroetan baino, datuak non dauden, haiekin zer egiten den eta noren menpe dauden kontuan izan behar dugu. Oso modu axolagabean ari gara ematen gure datuak enpresa erraldoiei, eta haien
morroi bihurtzen ari gara. Nik gai honetan jarriko nuke argi gorria.
Kode irekiak eta lankidetzan garatzen diren doako aplikazioak erositakoak bezain !idagarriak ote dira? Zergatik kode irekiko sistema eragile eta aplikazioak ez dira horren erabiliak?
Software baten atzean enpresa handi bat egoteak segurtasuna ematen die askori. Software librea garatu eta zabaltzen duten erabiltzaileak oso eskuzabalak dira, eta enpresa handi batek eman dezakeen zerbitzua baino eraginkorragoa da. Beste kontu bat: bateragarritasuna. Libre Office eta Microsft Office bateragarriak
dira %90ean. Jende askori %10 horrek atzera eragiten die. Bukatzeko, aplikazioen aukerak. Argazkiak prozesatzeko balio duen The Gimp programa erabiltzaile arrunt baten behar guztiak asetzen ditu. Zertarako behar dut Photoshop? Ikasleek askotan galdetzen didate: zein da programarik onena X egiteko? Nik galdera bueltatzen diet: zein da kotxerik onena? Onena zertarako? Onena zertan?
Zeintzuk dira, zure ustez, enpresa eta saltoki txikiek Interneten izan ditzaketen aukerak, aipatutako saltzaile erraldoi horien konpetentzia garaiezina izanik?
Duela urte batzuk banaketa eta salmenta arloan denda txikiak besterik ez zeuden: harategiak, arraindegiak, fruta‐dendak, zapata‐dendak… Poliki‐poliki supermerkatuak eta hipermerkatuak agertzen hasi ziren enpresa handien menpe. Orain, eskala beste maila batetara igo da: Amazon eta AliExpress bezalako makroenpresek
denetarik saltzen dute, eta “marketplace” funtzioa ere betetzen dute. Badirudi erraldoi hauen goseak ez daukala inongo mugarik. Bitxia da duela urte batzuk denda txikien kexa hipermerkatuetara zuzenduta zegoela, eta, orain, hipermerkatu eta denda txikien kexa eta beldurra Amazon bezalako erraldoiei zuzenduta dagoela. Orain, muga gure planeta da. Bitartean, baserritarren produktuak Tolosako azokan saltzen dira, baita Interneten ere. Produktuek, zerbitzuek eta gure lanpostuek garrantzia daukaten bitartean, merkataritza
lokalak bere lekua izango du, aberastasuna bertan gelditzen delako.
Zer sorpresa berri ekarriko dizkigute teknologia berriek hurrengo urteetan? Zer da etorkizunak ekarriko diguna?
Teknologiaren arloan gehien beldurtzen nauen arazoa desjabetzea da. Teknologia gero eta arrotzago bihurtzen ari zaigu. Gero eta gehiago erabiltzen dugu, baina bezero tonto moduan. Ez dakigu nola funtzionatzen duen, eta ez digute erakutsi nahi. Gure datuak eta gure seme‐alabenak ematen dizkiegu musu‐truke, eta haiek negozioa egiten dute. Gero eta zerbitzu gehiago eskainiko dizkigute erraldoi teknologikoek, baina hasierako “salbatzaile” ilusioa “zurrupatzaile” bihurtzen ari da, gero eta nabarmenago.
Ez da nire intentzioa etorkizun iluna margotzea, argi gorri bat piztea baizik.
Gabriel Sola
Grupo Deltako kudeatzailea
“Enpresa sortu genuenetik garbi eduki dugu egunean egon behar genuela”
Gabriel Solak kontabilitateko administrazioa ikasi zuen, eta, gaur egun, Grupo Delta konpainiako kudeatzailea da. 1989an sortua, Grupo Deltak Zuatzuko Enpresa Parkean (Donostia) du egoitza nagusia, eta, bertan, 24 profesionalek lan egiten dute.
Hala, 30 urteko esperientzia duela, Grupo Delta espezialista da enpresentzako eta partikularrentzako offset inprimatze-sistemen eta sistema digitalen bidez soluzio grafikoak garatzen. Hastapenetatik, bezeroen beharretara eta pertsonalizaziora, baita berehalakotasunera ere jotzen duen industriaren digitalizaziora egokitzen jakin du taldeak.
Zifra oparoekin itxi du 2019a, zehazki, 2,2 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen iaz, %12ko hazkundearekin. Gainera, enpresa liderra bihurtu da bere sektorean, aro digitalean funtsezkoak diren bi zutaberi esker: teknologia eta I+G.
Grupo Delta konpainiaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Zein zerbitzu eskaintzen dituzue gaur egun?
Era askotako euskarrietan inprimatzeko zerbitzu integralak eskaintzeaz arduratzen den konpainia da Grupo Delta. Laguntza eta aholkularitza da gure baliorik garrantzitsuena; bezeroak duen ideiatik hasi, eta ideia hori bere eskuetan izan arte, bezeroarekin harremanetan egoten garen lantalde bat gara, bai zalantzak argitzeko bai bezeroak behar duenerako.
Zeintzuk dira Grupo Deltaren bezero nagusiak? Zein sektoretan dihardute nagusiki konpainiara jotzen duten bezeroek?
Gure bezero sorta oso zabala da; egia da gehienbat ETEak direla, baina enpresa talde handiak edo unibertsitateak, autonomoak, ostalaritza, automozioa, formakuntza enpresak… oso garrantzitsuak dira guretzat.
Offset inprimaketa-sistemen eta sistema digitalen bidezko soluzio grafikoetan adituak zarete. Zeintzuk dira, zure ustez, alor honek dituen erronka eta beharrizan nagusiak?
Inprimaketaren kostua gutxitzean datza gure apustua. Gure ustez, tonerraren munduan ez dago etorkizunik, inteligentzia duten tintetan dago benetako etorkizuna, injet formatuan; hor aukera oso zabala izango da, eta gu horretarako prestatuta gaude.
Duela 30 urte sortua, ibilbide oparoa du Grupo Deltak. Izan ere, hastapenetan fotokopia denda bat izatetik, gaur egun, talde garrantzitsu bat izatera igaro da. Nola lortzen da garai berrietara egokitzea? Zein dira zuen arrakastaren gakoak?
Hemen azpimarratu nahiko nukeena zera da: enpresa sortu genuenetik garbi eduki dugu egunean egon behar genuela arlo guztietan, bai profesionaltasunean, bai teknologian, eta gaur egun ziur gaude arrazoi horiengatik gaudela gauden lekuan. Bezeroarekiko harreman zuzenak ere asko lagundu digu, bai guri, bai eta bezeroari ere.
Grupo Delta teknologiaren abangoardian izan da beti. I+G+B arloan inbertsio garrantzitsua egiten al duzue? Nola kudeatzen duzue talentua? Eta berrikuntza?
Tecnalia enpresarekin oso harreman estua daukagu, eta hainbat programatan izaten gara partaide, adibidez, Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen ETORGAIn. Aukera berriak sortzearekin oso erne gaude; teknologia berrietan inbertitzea oso garrantzitsua da guretzat.
Grupo Deltaren urteko fakturazioa %12 handitu da 2019an, 2,2 milioi eurotik gora. Zerk eragin du hazkunde hori? Zein estrategiari jarraitu diozue?
Funtsean, gure enpresaren hazkundea merkatuan gertatzen denaren berri izatean datza, gure egunerokotasuna hori delako. Halaber, gure bezeroen beharretara egokitzen gara une oro, eta horrek asko egiten du bezeroarekiko.
Aipagarria da, Led pantaila berriek eta kartelgintza digitalaren negozioak eman digute hazkunderik handiena, oso apustu sendoa egiten baitugu alde horretatik.
Kartel digitalen eta Led pantailen salmentarako eta alokairurako negozio-lerroberri baten alde egin duzue. Zer ekarriko du lerro horrek?
Guretzat aldaketa handia izaten ari da, baina argi daukagu teknologia dela etorkizuna eta bertan egon behar dugula. Hala, pantailen negozioa sasoian dago, emaitza oso onak ematen ari da, bai salmentan, baita alokairuan ere; gure bezeroentzat irtenbide ona izan daiteke.
Zeintzuk dira zuen helburuak 2020rako?
2020. urtean, funtsezkoena inprimaketa formatu handian eman dezakegun hazkundea da. Gainera, pantailen proiektua ondo zehaztu nahi da, hots, erreferentzia izan nahi dugu zentzu horretan.
Nola ikusten duzu enpresaren etorkizuna epe ertain-luzera? Zein dira teknologiaren eskutik ikusiko ditugun aldaketa nabarienak?
Bada, egia esan, ezezaguna da etorkizuna; baina, nire ustez, aldaketetara egokitzen dakien enpresa bat gara, eta hori gaur egun oinarrizkoa da enpresa batek aurrera egin ahal izateko. Gure egitura oso sendoa da, eta daukagun lan-taldea oso konprometituta dago enpresarekin; beraz, nahiz eta teknologia berrietara ohitu beharko dugun, ez dugu inongo arazorik izango egokitzeko.
Mikel Ubarrechena
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidentea
“Egoera honetan, lanean hasteko malgutasuna behar da”
Mikel Ubarrechena gaur egun Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidentea eta Espainiako Ostalaritza Elkartearen presidenteordea da. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea Donostian sortu zen 1977an eta ordutik lurraldeko ostalarien alde lan egiten du. Koronabirusaren osasun-krisiak euskal ekonomia astindu du, ez dira garai errazak ezein sektorerentzat, baina ostalaritzarena oso kaltetuta dago. Ubarrechena kezkatuta dago Gipuzkoako ostalaritza gremioaren egoerarekin eta horri buruz hitz egin dugu
Zer da Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea?
Ostalaritza-sektorearen interesak zaintzeaz arduratzen den enpresa-elkartea da, eta negoziazio kolektiborako eta ordezkaritzarako gaitasuna du.
Zer berme eta abantaila eskaintzen ditu zuen elkarteko kide izateak?
Gipuzkoako Ostalaritzak era askotako zerbitzuak eta norbanakoari zuzendutako aholkularitza-zerbitzua eskaintzen die elkartekide guztiei. Hala, defentsa korporatiboa, informazio sektoriala eta doako zerbitzuak (prestakuntza, aholkularitza juridikoko lan-poltsa, promozioak, set) eta ordainpekoak (lan-, zerga- eta kontabilitate-zerbitzua).
Ostalaritzarekin lotutako zenbat enpresa dira zuen Gipuzkoako Elkarteko kide?
Gure elkartean 1.050 bazkide ditugu, zehazki, lurraldean dauden lokal guztien %25. Horietatik 105 ostatuak dira eta 945 jatetxeak (%40 jatetxeak, %45 tabernak eta kafetegiak eta %15 pubak, garagardotegiak, diskotekak eta beste batzuk).
Nola eragin dio COVID-19aren krisiak Gipuzkoako ostalaritzari?
Gipuzkoako ostalaritza sektorea gelditu egin da, ia erabat, eta larrialdietarako hogei bat ostatu eta etxez etxeko janaria prestatzen duten jatetxe gutxi batzuk daude zabalik. Koronabirusa baino lehen, Gipuzkoako ostalaritza sektoreak 2020an 1.685 milioi euro inguru fakturatzea aurreikusten zuen. Baina krisi honen ondorioz, ekitaldian ekoizpenaren beherakada %32 eta %42 artekoa izango da. Horrela, fakturazioa 540 eta 700 milioi euro artean murriztuko da.
Zein dira ziurgabetasun-testuinguru honetan ostalaritzaren erronka nagusiak?
Une honetan, uste dut erronka nagusiak jarduerari eta enpleguari eustea eta ostalaritza-kontsumoaren arloan planteatzen diren gizarte-joera berrietara egokitzea direla. Gure nortasuna eta kalitatearekin eta lehengaiekin dugun konpromisoa galdu gabe egokitzea, horiek bihurtu baitute gure ostalaritza munduko erreferentzia nagusietako bat.
Eusko Jaurlaritzak 568 milioi euro bideratuko ditu enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako finantza-laguntzetara. Nahikoak al dira?
Inola ere ez, pentsatu behar da gehienak kredituak direla (525 milioi) eta, beraz, epe ertainean berreskuratuko direla. Alabaina, itzuli beharrik gabeko laguntzak oso urriak izan dira. Ez datoz bat egoeraren larritasunarekin eta sektoreak Euskadiko ekonomian duen pisuarekin. Ostalaritzaren BPGd %4tik gorakoa da, eta turismoarena, %6 ingurukoa. BPGd-n askoz pisu txikiagoa duten beste sektore batzuek (adibidez, nekazaritzakoak edo kulturakoak) ehunekotan gure sektoreak jasotakoak baino askoz ere garrantzitsuagoak diren laguntzak jaso dituzte.
Zer beste neurri ezarri beharko lituzkete erakundeek sektoreari laguntzeko?
Sektoretik itzuli beharrik gabeko laguntzak behar ditugu jarduerari eusteagatik; %1etik beherako interesetan dauden establezimenduen urteko zirkulatzailearen herena ziurtatuko duen finantzaketa, eta %80tik gorako berme publikoa, udal-tasa eta – zergen salbuespena eta ordainketa fiskalen interesik gabeko postposizioa. Lan-arloan, enplegu-erregulazioko espedienteak malgutzea eta mailakatzea, abenduaren 30era arte. Alderdi ekonomikoez gain, jarduera-lizentzien eta obren irizpideak berrikustea ere eskatzen dugu, gure lokaletan hobekuntza-lanakarin egin ahal izateko, COVID-19aren osteko errealitate berrira egokitzeko.
Nola egiten diote aurre ostalaritzako negozio txikiek beren jardueraren derrigorrezko geldialdi horri?
Etorkizunari buruzko zalantza askorekin, pandemiak gipuzkoarren ostalaritza-kontsumoko ohiturak alda baititzake. Gainera, informazio faltak, irizpideen etengabeko aldaketak eta berragertzearen Damoklesen ezpatak sektorearen nahasmena eta etsipena eragiten du.
Ostalaritzaren sektorean aplikatu diren ABEE guztiak alarma-egoerarekin lotuta daude. Lan horiek berreskuratu ahal izango dira?
Egoera honetan, lanean hasteko malgutasuna behar da, eta erabakia enpresariak hartu behar du, eta ez lan-magistraturak. Eskariaren hobekuntzarekin soilik berreskuratuko da egoera, eta ez da iritsiko 3 edo 4 urte barru arte, 2019an ezagutu ditugun mailetan.
Zenbat lokal eta enplegu desager daitezke sektorean?
Enpleguaren %22 eta %26 artean suntsituko da 2021eko udaberrira arte (5.000-6.000 langile artekoa), eta betirako itxiko dira lurraldean irekitako lokal guztien %10, hau da, 400-450 lokal inguru, guztira.
Nola ikusten duzu etorkizuna epe ertainera?
2019ko zifrak ez ditugu berreskuratuko 4 edo 5 urte igaro arte, honako hauen efektu konbinatuagatik: Erosahalmenaren eta gastu-ahalmenaren galera, Europa pobretzearen ondorioz; Ostalaritzako kontsumo-ohiturak aldatzea (edukierak, kontaktuarekiko beldurra, pilaketetatik ihes egitea…), nazioarteko (eta nazioko) turismoaren murrizketa zorrotza hurrengo bi ekitaldietan. Horren ondorioz, jarduera murriztu egingo da, eta sektorearen eskaintza, prezioak, posizionamenduak eta, oro har, instalatutako ahalmena aldatzeko prozesuei ekin beharko zaie. Delivery eta take away direlakoen merkatua hedatzen ari da, eta, irtenbidea izan ez arren, establezimendu askoren ustiapen-kontua arinduko dute. Arlo hori landu beharra dago.
Javier Aracama
Grado Cero enpresako zuzendari nagusia eta jabea
“Zazpi makina berriak martxan daudela, hilean 5 milioiko ekoizpen izatea bilatzen dugu”
Javier Aracama Grupo Grado Ceroren zuzendaria eta jabea da. Bere negozio txikia 1990ean hasi zuen, Gasteizen kokatutako 300 m2-ko tailer batean. Gaur egun, adituak dira hondeamakinetarako osagaien fabrikazioan, eta liderrak izan dira merkatu nazionalean urte askoan. Orain, koronabirusaren osasun-krisiak enpresaren jarduerari ekarriko dizkion ondorio larriak aurreikusi ditu, eta enpresaren jarduera birplanteatu du maskarak ekoizteko. Hala, bi milioi euro inbertitu ditu, maskarak ekoizteko zazpi makina erosteko Txinan
Nolakoak izan ziren Grado Ceroren hastapenak?
Tira, hasiera guztiak bezala, gogorrak izan ziren. Izan ere, 300 metro koadroko tailer txiki batean hasi ginen, bi langilerekin eta 4 makinarekin. Hasieran beste enpresa batzuetarako doitasunezko piezen mekanizazioan kontzentratu ginen. Hortik aurrera, marka propioa duten hondeamakinak egiteko sareak egiten hasi ginen, eta 90eko hamarkadaren amaieran %65eko merkatu nazionaleko kuotak lortu genituen. Neuk, Javier Aracamak, negozioan inplikatutako pertsona gisa, fabrikazio-prozesu osoa estaltzen dut, hauetatik abiatuta: diseinua, material egokienak hautatzea, probak egitea, azken produktua berrikustea eta bezeroekiko zuzeneko harremana.
Zer produktu eskaintzen dituzue?
Gure lantegian 1 eta 150 tona bitarteko hondeamakinak egiteko tresnak fabrikatzen eta merkaturatzen ditugu. Gure produktu nagusiak hauek dira: ontziak, krokadura azkarrak eta tresna bereziak, hala nola burukoak, ripper-ak (estatikoak eta hidraulikoak), ontzi txikitzaileak eta ontzi bahetzaileak. Gure produktuak higaduraren aurkako xaflak erabiliz fabrikatzen dira, eta urradurarekiko erresistentziak, muga elastikoko balioek eta trakzioarekiko erresistentziak normalean erabiltzen diren altzairuek dutena bikoizten dute. Krokadura azkarrei dagokienez, hainbat markatako ekipoak eta hondeagailu-modeloak aldatzeko irtenbide ezin hobea dira, egokitzeko diseinu hobetua baitute, eta makinarentzako gutxieneko pisu gehigarria ematen dute; hala, erabilera eta gutxieneko mantentze-lanak errazten dira. Bestalde, hondeamakinetarako ditugun tresnek ekoizpen-gaitasun handia eskaintzen dute, eta errentagarritasun handia dute harria hondeatzeko eta erauzteko proiektuetan, eraispenean, materialen birziklapenean, dragatzeetan, meatzaritzan, arroka birrintzean eta baheketa-lanetan.
Enpresaren nazioartekotzeari dagokionez, zer presentzia du Grado Cerok gure mugetatik kanpo?
Gure fakturazioaren %70 eta %80 bitartean kanpo-merkatura bideratzen da, eta gure banatzaile-sarearen bidez presentzia du mundu osoan; horrela, azken ekitaldian 47 herrialdetan banatu dira gure produktuak. Kanpo-merkatu garrantzitsuenei dagokienez, Kanada, Alemania eta Frantzia dira rankingaren buruan dauden herrialdeak.
Grado Cerok enpresa-etapa berri bati ekin dio, maskarak fabrikatzeko 7 makina eskuratuta. Nola sortu zen Grado Ceroren enpresa-birmoldaketa?
Apirilaren hasieran COVID-19 pandemiak izango zuen eraginaren ondorioz aurreikusten zen egoera ekonomikoa dela-eta, azkar hartu behar izan zen erabakia, eta aurrea hartu behar izan zitzaion arantza- eta tresna-ekoizpenaren lineak izan zezakeen motelaldiari. Hori dela eta, negozio-lerro bat irekitzea izan zen asmoa, konpainiari aukera emateko pandemiak industrian izango zuen inpaktua minimizatzeko, langileen %100 mantentzea ahalbidetuta eta, premien arabera, baita langile-kopurua handitzeko aukera emanda ere.
Horregatik, maskarak egitea erabaki zen, eta, horretarako, Txinatik ekarritako zazpi makina espezifiko erosi dira. Beraz, ez da birmoldaketa bat, negozioa dibertsifikatzea baizik, hazten jarraitu ahal izateko, iraganean gertatu den bezala.
Zein maskara mota ekoitziko duzue?
Erosi ditugun makinek berrerabili ezin diren maskara higienikoak sortuko dituzte, UNE 0064-1: 2020 zehaztapenaren arabera. Izan ere, zehaztapen horretan adierazten dira koronabirusaren agertokian erabili ahal izateko bete beharko liratekeen gutxieneko baldintzak, pertsonen arteko urruntzearekin lotutako babes-keinuak eta arau sozialak osa ditzaten. Horretarako, eta aipatutako arauari jarraituz, gure maskarak zer materialez osatuta dauden aztertzen da horretarako baimendutako laborategian, maskaren araua bete dadin eta, era berean, kontsumitzaileari haren kalitateari eta eraginkortasunari buruzko datu egokiak eman diezazkion.
Hondeamakinen tresnak egitetik maskarak egitera igaro zarete. Zer helburu lortu nahi dituzue maskarak fabrikatuta?
Une honetan, erositako makina guztietatik, hiru ez daude oraindik prest. Helburua, makinak instalatuta eta martxan daudenean, orduko 42.000 maskara egitea da. Horrela, zazpi makina berriak martxan daudela, hilean 5 milioiko ekoizpen minimoa izatea bilatzen da. Ekoizpen erritmo horri esker, modu azkar eta eraginkorrean erantzun ahal izango zaio merkatuari.
Maskarak egitea betirako asmoa edo aldi baterako kontua al da?
Lehen esan bezala, makina horiek erosteak negozioa dibertsifikatzea dakar, eta horrek hazten jarraitzea ahalbidetuko digu. Hori dela eta, ez da aldi baterako ekoizpen gisa planteatu, baizik eta etorkizunean finkatu beharreko ildo gisa, geratzeko etorri diren gizarte-aldaketak direla eta. Gauzak horrela, merkatura egokitzen joango gara, hari arreta emateko eta ahalik eta erantzun onena emateko.
Iñaki Castresana
SDA Factoryko zuzendari nagusia
“Berrikuntza lortzeko osagai nagusia enpresa osatzen duten pertsonak dira”
SDA Factory, garai bateko Ufesa faktoria, Gasteizen sortu zen 1977an, eta lurrun-xaflak eta plantxa-zentroak diseinatzen ditu hasieratik. Orain, I+G+b zentroak koronabirusaren aurkako plantxa modeloa garatu berri du, jantziren baten harien artean egon daitekeen birusaren edozein hondar erabat ezabatzea ahalbidetzen duena. Castresanarekin SDA Factory-ri eta merkaturatutako tresna berriari buruz hitz egin dugu elkarrizketa honetan
Nolakoak izan ziren SDA Factoryren hastapenak?
Hasieratik, konpainia lurrun-xaflen eta lisatze-zentroen diseinuarekin eta ekoizpenarekin lotuta egon da. Izan ere, Estatuan, hemen fabrikatzen duen enpresa bakarra gara. Berrikuntza saila ezaguna eta nazioartean ospe handikoa izateak eta ekoizten ditugun kalitate estandar altuek lehen markek SDA Factoryrengan konfiantza izatea eragin dute, gure markak fabrikatzen jarraitzeaz gain: UFESA, Di4 edo Zelmer. Gure instalaziotik plantxak eta plantxa-zentroak ateratzen dira nagusiki, baina malgua da eta balio erantsi handiko beste etxetresna elektriko txiki batzuen ekoizpena har dezake.
SDA Factory konpainia 1977tik ari da kontsumitzaileen bizitza errazten, bere etxetresna elektrikoei esker. Nola lortzen da garai berrietara egokitzea?
Egokitzeko dugun modua etengabe berritzea da, tresna fidagarriak eta kalitatezkoak diseinatu eta sortuta. Horrela, gure arrakastaren gakoa da SDA Factory osatzen duten profesionalekiko ardura, beti erne egotea eta aldaketa erosotasun-eremu bihurtzea.
SDA Factoryren produktuak nazioartean aurki daitezke. Zer presentzia du enpresak gure mugetatik kanpo?
Europa da gure ekoizpenaren helmuga nagusia. Hain zuzen ere, gure salmenten %80 Alemania, Britainia Handia, Italia, Turkia eta antzeko herrialdeei zuzenduta daude, eta, gainerakoa, etxeko merkatuari.
SDA Factory teknologiaren abangoardian egon da beti, 100 patente baino gehiago dituen I+G+b zentro bat baitu. Inbertsio handia egiten duzue I+G+b arloan?
Gure kasuan, gure DNAren zati bat da baliabideetan eta pertsonengan inbertitzea. Atal honetan bakarrik, kualifikazio altuko 30 profesionaleko talde bat daukagu. Izan ere, gaur egun, berritzea ez da garrantzitsua; beharrezkoa da. Enpresa osatzen duten pertsonak dira berrikuntza hori lortzeko osagai nagusia. Helburuak ondo zehaztu behar dira, eta, ondoren, pertsonek euren talentua eta motibazioa askatu behar dituzte, gutako edozeinek gure etxeetan etxetresna elektriko txiki batekin konpon genitzakeen beharrei erantzun ahal izateko.
Koronabirusaren aurkako plantxa berri bat sortu duzue, ehunen birusaren edozein aztarna erabat ezabatzea bermatzen duena. Zeintzuk dira produktu honen ezaugarriak?
COVID-19aren aurka jarduteko bi patente dituen programa bat garatzea lortu dugu. Lehenengoak merkatuko beste edozein xafla baino tenperatura-tarte handiagoa lortzen du edozein ehun lisatzeko, eta bigarrenak lurrun-eiekzio bat ematen du pultsuka, tenperatura transferitzeko abiadura handiagoa eta edozein ehunetara modu homogeneoan transferitzeko tenperatura handiagoa lortzen duena. Bi patenteak elkartzeak egungo birusaren aurkako borroka eraginkorra ahalbidetzen du, baita gure jantzietan egon daitekeen edozein birus eta bakterioren aurkakoa ere. Beraz, funtsean, plantxa berri horrek lasaitasuna emango die pertsonei, Healthy programarekin ziur jakingo baitute beren bigarren azala, arropa, erabat higienizatuta dagoela. Horren emaitza Nafarroako Unibertsitateak eta EURECAT Kataluniako Teknologia Zentroak aztertu dute, eta hori bermea eta balio erantsia da berez, kanpoko laborategiak eta independenteak direlako.
Zein da fabrikazioaren aurreikuspena? Eskaera handia izaten ari da? Zer kontsumitzaile mota jarri da harremanetan konpainiarekin?
Fabrikazioaren aurreikuspena baino gehiago, Healthy programa hornitzen duten Di4 plantxen eta plantxa-zentroen fabrikazioa errealitate bihurtu da. Gainera, ikusmin handia sortu du, premia larri bati irtenbidea ematen diolako. Hori horrela, konpainiarekin harremanetan jarri dira banaketa-kanal handiak (El Corte Inglés, Carrefour, Mediamarkt, etab.), bai eta ehungintza-saltoki txikiak ere, eta, jakina, arroparen higienearekin oso kontzientziatuta dauden partikularrak.
Zer helburu lortu nahi dituzue koronabirusaren aurkako plantxaren fabrikazioarekin?
Helburu nagusia da pertsonen osasuna zaintzen laguntzea, gure gorputza estaltzeko erabiltzen ditugun ehunak higienizatzeak duen garrantziaz jabetzea, eta lisatzeko soluzio bakar horrekin arropari arriskua kentzea zein erraza den ohartaraztea. SARS-CoV-2 ez ezik, edozein birus eta bakterio ere prebenitzeko eta minimizatzeko beste tresna bat da. Arroparen higienizazioa, gorputzarena bezala, oso gogoan izan behar dugu.
Nola ikusten duzu SDA Factoryren etorkizuna epe ertain-luzera?
Une honetan, eta industria-munduko gainerako enpresek bezala, etorkizuna epe laburrera ikusten dugu, munduko merkatuaren egoerak ez baitu beste aukerarik ematen. Gure autonomiak eta beste merkatu batzuekiko independentziak gure ekoizpen-erritmoari eustea eragiten dute, nahiz eta jakin ezinbesteko arrazoiek alda dezaketela. Konpainian planteatzen diren erronkak dira berritzen jarraitzea, gauzak errazagoak eta erosoagoak egiteaz gain, pertsonen osasuna zaintzen lagunduko duten produktuak diseinatzen jarraitzea, eta, gainera, ingurumenarekiko errespetu handiagoa izatea.
José Luis Garay
LKS NEXTeko bazkide aholkularia
“Enpresek oraindik bide luzea dute erronkei aurre egiteko kudeaketa-sistematika egokia izateko”
Koronabirusaren pandemiak euskal ekonomian izan zuen lehen ondorioetako bat hornigaien mozketa zorrotza izan zen. Txinako lantegiek ekoizpena eten zuten, eta horrek hemen fabrikatzen jarraitzea eragotzi zuen. Egoera berri eta ezezagun honek agerian utzi zuen euskal enpresek atzerriko hornitzaileengan duten menpekotasuna. Esperientzia hori baliagarria izan daiteke COVID-19aren osteko hornikuntza-kateek nolakoak izan behar duten hausnartzeko. LKSko bazkide aholkulari Jose Luis Garayk eskaini ditu gakoetako batzuk
Zein dira koronabirusaren pandemiak hornidura-katean eragin zituen ondorio nagusiak?
Txinan COVID-19a agertu zenean, munduko bigarren ekonomiaren eta hornitzaile global nagusiaren jarduera gelditzen ikusi genuen, eta konturatu ginen orain arte diseinatutako hornidura-egitura askoren hauskortasuna nolakoa zen. Txinan ekoizpena bat-batean gelditu izanak hango osagaiak behar zituzten enpresa askori eragin die. Halaber, beste kasu batzuetan, hornikuntza baldintzatuta egon da, hornitzaile zuzenen edo hornikuntza-egiturako beste maila batzuen ekoizpena Txinatik ekarritako produktuen mende dagoelako, neurri batean. Bestalde, COVID-19aren hedapena modu banatuan gertatu da Txinaren eta hark hornitzen dituen merkatuen artean, eta, beraz, han fabrikak irekitzen ziren bitartean, Europan eta AEBetan zituen bezeroenak ixten ziren. Jarduera-sektoreei modu desberdinean eragin die. Elikadurarekin, osasunarekin eta telekomunikazioekin lotutako industriek gora egin dute beren eragiketetan; beste batzuek, berriz, behera egin dute, automobilgintzan, ostalaritzan eta ekipamendu-ondasunetan, besteak beste. Orain, zuzendaritza-taldeak egoera jakin batean daude, eta beharrezkoa da eskari ezak eragiten dituen kezkak alde batera utzi gabe, dena “normaltasunera” itzultzen denerako gertu egotea.
Euskal enpresek hasiak zituzten eredu horri buruzko hausnarketa-prozesuak, edo ustekabean hartu al zituen?
Azkenaldian, hornikuntza-katearen egonkortasunaren aurkako mehatxuak igartzen ziren. Azken hamarkadan, hornidura-sareen portaera baldintzatu duten hainbat gertakari geopolitiko, hondamendi natural eta osasun publikoko krisi izan ditugu. Horri gehitu behar zaizkio erosketa-baldintzak aldatzea, lan-kostuak handitzea (Txinaren kasuan bezala), muga-zergak… Enpresek era askotako egoerei eman diete erantzuna, jarrera erreaktiboa hartzen dutenetatik hasi eta arriskuak kudeatzeko programak abian jarri dituztenetaraino, hornidura-katearen aldaketek eragindako ondorioei aurrea hartzen saiatzen direnetaraino. Hala ere, pandemiaren ondorioen dimentsioak ustekabeko agertoki batean jartzen gaitu. Oso enpresa gutxi zeuden inpaktu honi aurre egiteko prest.
Produktu batzuetan, hala nola maskaretan, Euskadik ekoizpen propioarekin erreakzionatu zuen. Modu egokian egin da, edo beharrezkoa al da estrategia global bat definitzea?
Argi dago oso proiektu garrantzitsuak direla, eta gure enpresen erreakzio- eta ekimen-gaitasuna berretsi besterik ez dute egiten. Euskadin, espiritu ekintzailea presente egon da beti, baina, bereziki une honetan, ideia berriak sortzeko eta praktikan jartzeko gaitasuna indartu behar da, etorkizunean gerta daitezkeen disrupzio berrien ondorioz sor daitezkeen inpaktuetatik independenteago bihurtzeko.
Zer ezaugarri izan behar ditu etorkizuneko hornidura-kateak?
Hornikuntza-kateak finkatzeak eta etorkizuneko asalduren aurrean horiek babesteak erronka jartzen die konpainietako buruei, efizientziaren eta fidagarritasunaren arteko oreka berri bat eraikitzeko. Jakina, pentsamendu horren hurbilketa-maila desberdinak egongo dira, enpresa bakoitzak hain distantzia luzeetatik datorren hornidurarekiko duen esposizio-mailaren arabera. Analisiak ez dakar aurrez pentsatutako ideiarik; hala, kasu askotan, aipatutako merkatuetatik hornitzen jarraitu beharko dugu, baina aukera izan behar du agertoki berria kudeatzeko hainbat aukera edo modu baloratzeko. Honela, arriskuak eraginkortasunez kudeatzen lagunduko diguten hainbat estrategia aktibatu behar ditugu; besteak beste, zenbait hornikuntza eskualdekatzea, kudeaketa- eta iragarpen-teknologia txertatzea eta prozesuak doitzea, balioa ematen duten jarduerak indartzeko. Hori guztia, ingurumena zaintzeak dakartzan erronkei emandako erantzuna eta urruntze sozialari erantzuteko ezarri diren lan egiteko modu berriak ahaztu gabe. Urruntze hori gaur egungo pandemiak ezarri du, baina, etorkizunean, harremanak izateko moduak aldatuko dira, ziur asko.
Enpresak prest al daude estrategia horiek ezartzeko?
Orokortzea engainagarria da beti, baina esan genezake enpresek oraindik bide luzea dutela egiteko etorkizunean etor dakigukeenaren aurrean behar bezala egituratutako kudeaketa-sistematika bat izateko. Bestalde, ziurtasun osoz esan genezake enpresek badituztela hizpide dugun berrikuspenari ekiteko eta beren hornidura-katerako planteamendu berriak egiteko gaitasuna duten pertsonak. Hala ere, egituren barruan baliabiderik ez dagoenez, hau da, gauza asko egiten pertsona gutxi daudenez, eta lehentasunak behar bezain argiak ez direnez, horrelako erronkei ez zaie behar bezalako erantzunik ematen.
Zer eragin izango dute hornidura-kate berriek enpresa baten jardueran? Hornidura-kateari lotutako estrategia berriek hainbat agertoki ekar ditzakete beraiekin, horniduraren eskualdekatzea areagotu baitezakete. Hornidura Europa Ekialdeko herrialdeetara edo tokiko hornitzaileetara hurbiltzea baloratu beharreko joera izan beharko litzateke. Halabadagokio, erosketa-kostu hutsaren itxurazko igoera baloratu, beraz. Itxurazko diot, kostuen konparazio bat egin beharko litzatekeelako, kontzeptu guztiak barnehartuta: stocka, aurreikuspenetan asmatutako maila, biltegiratzea, erantzun-denborak, kalitatea, garraioa, muga-zergak, etab. Bestalde, industria hurbilena indartuko litzateke (eratorritako alderdi positiboekin) eta malgutasuna eta erantzuteko gaitasuna irabaziko lirateke.
Francisco Javier Azpiazu
CEBEKeko Idazkari Nagusia
“Herrialde akordio handi bat behar dugu”
Francisco Javier Azpiazu CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko idazkari nagusia da 1992. urteaz geroztik. Durangon jaiotako abokatu eta ekonomialari bizkaitar honen aburuz, izurritea kontrolatu ezean, ez da susperraldi ekonomikorik izango. Era berean, ABEEak berritzearen aldekoa da, baina denboran gehiegi luzatu gabe, eta uste du gobernuak, enpresek eta sindikatuek elkarrekin lan egin behar dutela susperraldi ekonomikorako bidean
Nola baloratzen du Cebekek egungo egoera ekonomikoa?
Asko kezkatzen gaitu Bizkaiko egoera ekonomikoak. Cebeken zein Confebasken uste genuen ekaina, uztaila eta abuztua ekonomiaren eta enpresen susperraldia ahalbidetuko zuten hilabeteak izango zirela, eta gure enpresei urteko azken lauhilekoari aurre egiteko posizio hobea ahalbidetuko ziela. Baina uztaileko eta abuztuko agerraldiek nabarmen moteldu dute hobekuntza hori, eta kezka handia sortu digute.
Hala ere, azken datuen arabera, esportazioek, ekoizpenak eta kontsumoak hobera egin dute.
Egia da hirugarren hiruhileko honetan aurreko hiruhilekoaren egoerarekin alderatuta gora egin dugula, eta %12, %13 edo %14ko hazkundea izan da. Dena dela, hiruhileko asko beharko ditugu pandemiaren aurreko egoeraren antzekoa lortzeko.
Izurritearen agerraldiek ekonomiaren susperraldia geldiarazten dutela dirudi.
Azken asteetako agerraldiek duten eraginak asko kezkatzen gaitu. Pandemiaren kontrolik ez badago, ekonomia ez dela suspertuko uste dugu. Funtsezkoa da hori denoi argi eta garbi uztea. Agerraldiak kontrolatzeko eta kutsatuak eta ospitaleetako presioa jaisteko gai bagara, jarduera berreskuratu, eta hazkunde-balioetan sartu ahal izango gara, horiek baitira orain gehien behar ditugunak. Lehentasunezkoa izan behar da birusa kontrolatzea, kutsatzeak minimizatzea eta ekonomia aktibatzea; izan ere, pandemiaren kontrolik gabe, ekonomiaren suspertzea nahi genukeena baino askoz ahulagoa izango da.
Alabaina, agerraldi guztiak arakatzeak, kontaktu hutsa bilatzeak edo egiten diren milaka PCR probak bilatzeak kostu ekonomiko oso handia dute.
Agerraldi horiek kontrolatzeko kostuak askoz txikiagoak izango dira jarduera ekonomikoa moteltzeak edo pandemiaren kontrolik ezak eragindako konfinamenduak eragin ditzakeen kostuak baino. Egoera hori berriro ez gertatzea espero dut, herritar guztientzat oso kaltegarria izango litzatekeelako. Asko dugu jokoan agerraldien eta pandemiaren kontrolarekin; oso zaila izango da iraungo duen susperraldi ekonomikoa, iraunkorra, baldin eta ez bagara gai pandemiaren egoerari eta pandemiaren eraginpean dauden pertsonei erantzuna emateko. Birusa ahalik eta gutxien transmititu behar da, eta kontrolpean eduki. Ekonomiaren suspertzeak eta enpleguaren etorkizun ekonomikoak zerikusi handia dute pandemia kontrolatzeko gai izatearekin.
Zure ustez, zer neurri hartu behar dira Euskadi aurrera ateratzeko?
Nire ustez, herrialde-akordio handi bat behar dugu, denok batzeko gai izango dena: enpresariak, erakunde publikoak eta sindikatuak. Hala, herrialde honek behar dituen lehentasunak ezarri behar ditugu, azken hilabeteotan bizi izan dugun egoera lazgarri honetatik indarberrituta ateratzeko, garrantzitsua izango baita enpresen, langileen eta, oro har, gizartearen etorkizuna bermatzeko. Enpresariak garen aldetik, krisitik ateratzeko konpromisoa hartzeko, hitz egiteko eta adostasunera iristeko prest gaude: itunetik, akordiotik eta adostasunetik irtenbide azkarra, ordenatua eta etorkizunerako ikuspegiduna sortuko da, azken hilabeteetan bizi dugun eta guztiontzat benetan gogorra den egoera bati aurre egiteko. Bizpahiru urte beharko ditugu pandemiaren hasierako egoerara itzultzeko, eta ez dugu ezkutatu behar urte zailak datozkigula.
Zein izan da pandemiaren eragina euskal enpresetan?
Pandemiak EAEko enpresa-sektorean izan dituen ondorioak nahiko desberdinak izan dira, eta modu ezberdinean eragin die batzuei eta besteei. Ez dugu ahaztu behar krisia hasi zenetik 30.000 langabe gehiago daudela Euskadin, baina itxaropena ere ez dugu galdu behar, pandemiaren hasieran ABEEan sartu ziren hamar langiletik zortzi lanean ari baitira une honetan.
Zer gertatuko da ABEEen bigarren luzapenaren negoziazioarekin?
ABEEa oso figura baliagarria eta garrantzitsua izan da, krisi-une jakinetarako beharrezkoa, baina ondorioak ez dira hain positiboak egoera luzatzen denean. Gure ustez, une honetan garaia da ABEE bakoitza kasuz kasu, sektorez sektore aztertzeko. Lehentasuna enpresak eta enplegua salbatzea izan behar da, baina argi eta garbi ezarri behar dira ABEEak amaitzeko eta enpleguak eta enpresen bideragarritasuna denboran zehar defendatzeko aukera emango duen beste figura edo egoera baten arteko jauzi-mekanismo horiek. ABEEak denbora jakin batez luzatu behar dira, hiru hilean behin epea berritzeko presioarekin ez egoteko. Enpresek ziurtasuna, segurtasuna eta eszenatoki ezagunak eta aurreikusteko modukoak behar ditugu; beraz, gobernu, sindikatu eta enpresaburuen arteko ABEEei buruzko negoziazioetatik argi eta garbi atera behar da ABEEen luzapen bat denbora jakin baterako, eta, ziurrenik, luzerako.
Espainiako egungo gobernuaren kide batek 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea proposatu du.
Zentzugabekeria hutsa da hori. Lan-harremanetan zurruntasunak sartzea enpresek gaur egun eskatzen dutenaren aurka doa. Malgutasuna behar dugu egoera larri honetatik atera ahal izateko; bestela, enpresa askok itxi egingo dute, enplegua suntsituz.
Enpresen presio fiskala handitzea ere proposatu da.
Krisia ez da konponduko presio fiskala areagotuz, zor gehiagorekin baizik, eta hori da erakunde publikoak egiten ari direna. Ez da unea, eta momentu honetan kaltegarria izango litzateke enpresentzat.
Zer deritzozu osatu berri den Eusko Jaurlaritzari?
Ziur nago euskal erakundeek enpresentzat eta horiek ordezkatzen ditugunontzat hurbilekoak izaten jarraituko dutela. Gobernu berriak bi helburu nagusi ezarri ditu: pandemiaren kontrolari erantzun azkarra ematea eta ekonomia suspertzea.
Imanol Lasa
Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua
“Lider sendoak behar ditugu krisitik ateratzeko”
Imanol Lasa Zeberio Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean. Ekonomia irakaslea izan zen hamar urtez, eta, ondoren, zinegotzi eta bozeramaile Zarautzen, bere jaioterrian. Udaletik Gipuzkoako Foru Aldundira abiatu zen, eta erakunde horretan hainbat kargu izan ditu. Lasa baikorra da Gipuzkoaren etorkizunaren inguruan, baina, hala ere, adi egon behar dugu krisi honetatik atera ahal izateko
Zein da Gipuzkoako ETEen eta autonomoen egungo egoera?
Enpresak berriro martxan daudela ikusten dugu, eta hori, berez, datu positiboa da. Erresistentziatik susperraldi fasera igaro gara, baina oraindik atzeraldian gaude. Gipuzkoako enpresak ahaleginak batzen ari dira, elkarlanean eta oso lanpetuta, lanpostu bat bera ere galdu gabe. Krisi honetan, lehiakor izaten jarraitzeko aukera berriak ere ikusten ditugu. Horregatik, ekonomia suspertzeko eta sustatzeko garaian gaude orain.
Apirilean, pandemia deklaratu eta hilabetera, Aldundiak Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Plana aktibatu zuen, 28 milioi eurokoa. Denbora horretan, dirulaguntzen %95 aktibatu dira. Zer balantze egiten duzu plan horretaz?
Abian jarri genuenean, ikuspegi argia genuen: kalitatezko enpleguari eutsi nahi genion, Gipuzkoak enpresa-proiektu lehiakorrak izaten jarrai zezan eta gizarte-desberdintasuneko tasa txikiena zuen lurraldea izan zedin saiatuz. Lan egiteko gure fokuak argiak dira: giza enpresak, ekintzaileak, aurreratuak eta irekiak, eta pertsona arduratsuak. Paradigma hori kontuan hartuta, 28 milioiko plan bat proposatu genuen. Jarduera-ardatzen artean, enplegua puntu nagusi gisa finkatzea bilatzen genuen, enpresa txiki eta ertainei laguntzea garapen-agentziekin eta mankomunitateekin partekatutako lan batean, enpresa-proiektuak defendatzea ekintzailetzaren, barne-ekintzailetzaren eta I+G+B arloaren alde eginez, hori funtsezkoa baita krisi honetatik ateratzeko.
Aldundiak aurreikusten al du plan hori zabaltzea, beharrezkoa bada?
Bai. Lehen plana, %95ean gauzatua, hura txikitzeko izan zen, eta sektore guztiak berdin tratatzen zituen. Hori aldatu egin da, ikusi baitugu, adibidez, berriztagarrien egoera eta automobilgintzarena ez direla berdinak. Orain, zirujau bat joan behar da, eta sektore bakoitzaren benetako egoera zein den ikusi, eta neurri batzuk egokitu behar dira, bakoitzaren beharretara hobeto egokitzen direnak. Horretarako, eskema bat dugu, lan egiteko modu bat, eta gai batzuk nabarmen aldatuko dira. Adibidez, krisiaren aurretik genituen nazioartekotze-politikak erabat aldatuko dira, ekintzailetza, talentua edo digitalizazioa bera bideratzeko modua bezalaxe. Orain plan berri bat martxan jartzeaz ari gara, ekonomia suspertzeko eta sustatzeko xedea duena.
Beraz, Aldundiak erresistentziatik berrabiatzera igarotzea espero du?
Bai, anbizioarekin eta erantzunkidetasunarekin. Nerbio berri batekin irten behar dugu, energia berrituarekin. Eta horrek ez du esan nahi digitalizazioaren, prozesuen eraginkortasunaren, produktuen eta zerbitzuen dibertsifikazioaren, etorkizuneko sektoreen eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egiten jarraitu behar ez denik. Gainera, belaunaldien arteko erreleboak ere kezkatzen nau, kontuan hartuta Gipuzkoako enpresen %85 familia- tradiziokoak direla. Modu partekatuan lan egin behar dugu, eta, horregatik, erantzunkidetasuna eskatu nahi dut, gutako bakoitzak eta enpresa-munduko bakoitzak kontuan har dezan lurraldean errotuta dagoen enpresa-proiektuak pertsonentzat duen garrantzia.
Zein izan behar da Gipuzkoako enpresen planteamendua haien nazioartekotzeari dagokionez?
Nazioartekotzea funtsezko palanka da egungo jarduera eta enplegua sendotzeko eta kalitatezko negozio- eta enplegu- aukera berriak sortzeko. Funtsezkoa da gure enpresetan teknologia eta balio erantsia txertatzea eta Gipuzkoako ekonomiaren nazioarteko izaera indartzea.
Berrikuntzaren, digitalizazioaren, prozesuen eraginkortasunaren, kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egiten du. Parametro giltzarriak al dira krisitik ateratzeko?
Zalantzarik gabe. Eta digitalizazioari dagokionez, agian ahalegin handiagoa egin genuen ekoizpen-prozesuetan, eta are gutxiago merkataritza-prozesuetan, orain funtsezkoak direnak. Pandemiak bizkortu egingo ditu Gipuzkoa ondo kokatuta zegoen prozesuetako batzuk, baina ezin gara segundo erdi batez ere egon beste batzuek egingo dutenaren zain. Bestalde, pertsonen gaia funtsezkoa da. Lider sendoak behar ditugu, bereziak, gipuzkoar erara, krisi honetatik ateratzeko. Ondo egindako lanaren, ahaleginaren eta merezimenduaren balioak berreskuratu behar ditugu. Gure making Gipuzkoak beste krisi batzuetatik salbatu gaitu, eta indartuta atera gara kasu gehienetan.
Egin dituzun beste adierazpen batzuetan, adimen artifizialari buruzko proiektuak garatzen laguntzeko apustu garbia egin duzu…
Gipuzkoa, bere tamainaren barruan, ondo kokatuta dago adimen artifizialaren arloan, gauza oso interesgarriak egiten ari diren enpresak baititugu. Punta-puntako ikerketa-zentroak ere baditugu, bai eta ekintzailetzari laguntzeko ekosistema zabal bat ere, oso egoera onean jartzen gaituena. Beharrezkoak diren osagaiak ditugu garapen-aukera berriak sortzeko, eta, horregatik, Aldundiak adimen artifizialarekin lotutako enpresa-proiektuak abian jartzea bultzatzeko estrategia bat abiaraziko du, horretarako, gure laguntza-ildoak egokituz.
Noizko espero duzu ekonomiaren susperraldia?
Guretzat, Europaren eta, bereziki, Alemaniaren martxa oso garrantzitsua da, han gertatzen denaren trakzio-herrialdea garelako. Txina suspertu egin da eta ekonomia suspertu du, eta, nahiz eta Alemaniaren BPGd-a jaitsi urte amaieran, hurrengo urtean hazkunde garrantzitsuen aldeko apustua egin du. Albiste onak dira. Gogor lan egiten badugu eta prest bagaude, litekeena da hurrengo urtearen hasieran hazkundea behatzen hastea.
Eva Ferreira
EHUko errektoregaia
“Ez dago presentzia fisikoa ordezka dezakeen beste ezer”
Barakaldon jaioa (1963), Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Matematikan lizentziaduna eta Ekonomian doktorea da. Era berean, Probabilitate eta Estatistikako masterra egin zuen New York Unibertsitateko Courant institutuan, eta Ekonomia Aplikatuan katedraduna da 2005etik. Kudeaketan eskarmentu handia izanik, Ferreira pozik agertu da, gaur egun EHUko errektorea den Nekane Balluerkaren lekua hartuko duen bigarren emakumea izango delako.
Zu zara aurkeztu den hautagai bakarra.
Niri, hautagai gisa, askoz errazagoa egingo litzaidake proiektu bati buruz hitz egitea, beste bati kontrajarriz; beti da errazagoa. Baina hautagaitza berririk ez aurkeztea konfiantzazko botoa dela uste dut, besteak beste, ez delako sekretua beste errektore-talde batzuetan instituzionalki inplikatuta egon den pertsona bat naizela eta gaur egun oraindik euskal unibertsitate publikoaren buru den pertsonaren babesa dudala.
Zer neurri hartzea planteatzen duzu ingurune digitalari eta nazioartekotzeari lotutako irakaskuntza sustatzeko?
Eboluzioaren kontzeptua azpimarratu nahi nuke, EHUk jaio zenetik eboluzionatu egiten duelako ezagutza sortzeko, transferitzeko eta beste prestakuntza-zentro batzuekin erlazionatzeko forman eta moduan. Ildo horretan, belaunaldi digitala da orain trebatzen ari garena; iraultza azkarra eta lehentasunezkoa da, baina lan- ibilbide eraginkorrak lortzeko helburua du, banaka erakargarriak, motibagarriak eta unibertsitatearen helburu globalekin bat datozenak. Ikerketa gehiago baloratu behar dugu, eta jendea ezagutzak sortzeko gai izatea behar dugu, baina ezagutza horiek zabaltzen eta gizartearekin elkarlana egiten jakingo duten pertsonak ere behar ditugu. Ezin dugu ahaztu unibertsitatearen oinarrizko eginkizuna ikasleak bikain prestatzea dela, eta irakasle guztiek ez dutela denetarik egin behar; ikerketan eta prestakuntzan ezinbestekoa den gutxieneko bat lortuta, uste dut gero karrera profesionalak, pizgarriak eta motibagarriak birdefinitzeko gai izan behar dutela. Berriro diot, ahaztu gabe prestakuntzaren atzean ikerketa eta kudeaketa daudela.
Zer proposamen aurkezten ditu zure taldeak irakaskuntza- eta ikerketa-talentua erakartzeko?
Giza eta lan-arloko erabakietan pizgarri ekonomikoa ere gure bizitzaren parte da, eta errealitate hori ezin da ukatu. Baina unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen artean dena ez dago lotuta faktore ekonomikoarekin; garrantzitsua da, halaber, aintzatespenaren faktorea, gustatzen zaigun horretan lan egitea eta ikerketak baldintza egokietan egin ahal izatea, bai eta irakaskuntza berritzaile eta atsegingarri baterako sarbidea izatea ere, unibertsitate-politika ona egiteko eta hedapen- eta transferentzia-lanak egiteko lankidetza- taldeak izateaz gain.
Zer proposamen zehatz egiten dituzue ikasketak amaitzean enplegagarritasuna errazteko?
Bide horretan ibilbide luzea dugu eginda, eta sustatzen jarraituko dugu. Alde batetik, enplegu-zentroak daude, non aholkularitza handia dagoen lan-hastapenetan laguntzeko. Hala ere, unibertsitate gisa, zuzenean dagokigun eta dagoeneko egiten den zerbait da prestakuntzan zehar enpresetan praktikak egiteko aukera izatea; alde horretatik, prestakuntza duala oso arrakastatsua izaten ari da, eta hori bultzatzen jarraituko dugu.
Ingelesa bultzatzearen alde agertu zarete. Nola egin nahi duzue hori?
Unibertsitateak beste hizkuntza batzuetan ikastea bultzatu behar du. Ikuspuntu horretatik, argi dago ingelesa funtsezko pieza dela ikerketa lanetarako. Errealitate saihestezina da, eta hor dago. Bultzatu nahi dugu, batez ere, graduondokoen artean askoz nazioartekoagoak izatea, non ingelesa, osorik ez bada ehuneko esanguratsu batean, komunikazio-hizkuntzetako bat den; berdin graduetan. Badaukagu ingelesezko gradu oso bat, eta bai, ingelesezko eskaintza handitzen jarraitu nahi dugu, edo, behintzat, ingelesezko irakaskuntzaren zati nabarmen bat egotea.
Europako beste unibertsitate batzuekiko lankidetza areagotzea proposatzen duzue. COVID-19aren eta Brexitaren artean, ez duzu uste hau zailagoa izango denik? Egia da ez dagoela presentzia fisikoa ordezka dezakeen beste ezer. Errealitate bat da. Hala ere, kontua ez da egonaldi guztiak aldatzea eta birtualak egitea, baina badago hutsune bat lankidetzak lantzeko aukera ematen diguna; lankidetza birtual asko egon daitezke. Aurrez aurrekoa birtualarekin uztartzea lortu behar dugu; eta egoera normalizatzen denean, aurrez aurreko zatia azpimarratzen utzi behar dugu, funtsezkoa baita. Egonaldiak aurrez aurrekoak izatea litzateke egokiena, Euskal Herrira iristen diren ikasleak, ezagutzaz gain, gure herriaren alderdi kulturalaz, linguistikoaz eta idiosinkrasiaz ere busti behar baitira. Hori mantendu egin behar da. Eta kanpora ateratzen diren euskal ikasleentzat, gauza bera. Une honetan, osasun-krisia dela-eta, ezin badugu aurrez aurre egin, birtuala izateko aukera izango dugu, behintzat.
Ezagutzen al du euskal gizarteak bere unibertsitate publikoa?
Ez dut uste ezezaguna denik publiko handiarentzat. Izan ere, erakunde gisa, 2019ko soziometroaren arabera, baloratuenetako bat da, baita aintzatetsienetako bat ere. Beharbada, ez dago behar bezala azalduta, Unibertsitateak graduatu gisa etorkizuneko doktoreak eratzeaz gain, ezagutza gizarteari transmititzeko iturri ere bagarela. COVID-19aren gaiarekin, komunikabideetan eta eztabaida-foro garrantzitsuetan gure profesional asko entzun ditugu. Pandemian adituak diren pertsonak, hainbat arlotakoak: osasun arlokoak, osasun publikokoak, datuak biltzekoak, funtsezko teknologietako espezialistenak.
Zer presentzia du euskarak EHUn?
Euskarak oso presentzia handia du EHUn; ez dut uste gure unibertsitatetik igarotzen den pertsona-talderik dagoenik – 60.000 inguru: ikasleak, irakasleak, prestatzen ari den jendea, aldian behin datozenak…, non euskararen presentzia eta komunikazioa hain zabala den; graduko prestakuntzaren terminoetan ere normaltasun osoan dago.
Eduardo Jauregui
Irisbondeko zuzendari nagusia
“BIND 4.0 Euskadin ondoen garatutako ekimenetako bat da”
Egoitza Donostian duen Irisbond euskal konpainiak erregistro bisualaren (eyetracking, ingelesez) teknologia erabiltzen du begien jarraipena egiteko, eta, hala, adimen artifizialari esker, makinak begien mugimenduarekin kontrolatzeko. Enpresak startup gisa ekin zion bere bideari 2013an, eta orain merkatuetan sendotu nahi du, sistema eragile guztiekin erabilgarria den Hiru sistemarekin; izan ere, koronabirusa dela eta, kontaktu fisikoak desagerrarazteko beharrak lehen planoan jarri du ekipoak eta makinak begiekin soilik kontrolatzeko teknologia
Nola jaio zen Irisbond?
Enpresa-ekimen hau Vicomtech ikusmen artifizialean espezializatutako euskal zentro teknologikotik sortu zen 2013an, eyetracking teknologia erabiltzeko aukera gisa, ELA motako zailtasunak, garun-paralisia edo tetraplegia duten pertsonentzako komunikazio alternatiborako. Baina laster ikusi genuen teknologia hori makinak kontrolatzeko erabiltzeko aukera ere bazegoela, oro har.
Zer da Irisbond?
Hogei bat pertsonako enpresa txiki bat. Guk laguntzen dugu pertsonak ingurunearekin komunikatzeko modua aldatzen. Nazioarteko eragile garrantzitsua gara dozena erdi bat konpainia gauden merkatu-hobi honetan, eta orain teknologia baliatu nahi dugu, laguntza-esparruaz gain, arlo berriak lantzeko.
BIND 4.0 euskal programari esker sendotu den ekintzailetzaren adibidea zarete. Nola baloratzen duzue?
Eusko Jaurlaritzaren BIND 4.0 ekimena Euskadin ondoen garatutako ekimenetako bat dela iruditzen zait, elkarlanean jartzen baititu ekimen ekintzaile berri bat eta konpainia finkatu bat. Eta hori positiboa da. Gure kasuan, ABBrekin lankidetzan dihardugu, robot bat begiradarekin kontrolatzeko modua ari gara garatzen, eta etorkizunean ere arlo horretan lan egin nahi dugu.
Euskadi esparru egokia al da ekintzailetzarako?
Estatu Batuak ez direla pentsatuta, BIND 4.0 bezalako ekimenak bide onean daudela uste dugu. Gainera, Adegin gaudenez gero, nabaritu dugu konpainia tradizionalek interes handiagoa dutela teknologia berrietara eta ideia ekintzaileetara hurbiltzeko. Gure ustez, bada, batez ere, euskal enpresa asko berrasmatu dituen barne-ekintzailetza bat. Administrazioen finantza-laguntzako tresna gehiago beharko lirateke, horrelako enpresa-proiektu teknologikoetan, lehen urteetan aurrezki-kutxa kontsumitzen duzulako, mozkinak lortu aurretik. Baina inor ez dadila nahastu; ekintzailetza garrantzitsua da, baina ez da arazo guztien konponbidea, lan handia eta sakrifizio handiak behar dira enpresa bat aurrera ateratzeko.
Zer negozio-ikuspegi ditu eye- trackingak?
Gaur egun, munduan 350 milioi dolar mugitzen dituen merkatua da, baina bost urtean hirukoiztu egingo da; eta horiek pandemiaren aurreko aurreikuspen kontserbadoreak dira.
COVIDak ateak ireki dizkio teknologia horri?
Bai, zalantzarik gabe. Kutsatzeak saihesteko kontaktu fisikoa mugatu behar denez, gure teknologiarekin lanean ari gara, esaterako, kutxazain automatikoetan dirua ateratzeko; igogailuetan zein solairutara joan nahi dugun aukeratzeko, sarbideen kontrolean, etab. Gainera, enpresa handiak, besteak beste, Apple, Microsoft edo Samsung, teknologia horietara hurbiltzen ari dira, erabiltzailearen erabilgarritasuna eta esperientzia hobetzeko. Ahotsa prest dago, eta begirada da hurrengo urratsa. Samsungekin, eyetracking teknologia probatu dugu tableta bateko kameretan, adibidez, eta, software egoki bat erabilita, lortu dugu erabiltzaile batek hitzak eta esaldiak begiekin osatzea.
Zer ekarpen egin dezake Iris- bondek 4.0 industriaren esparruan garatzen duen teknologiak?
Ekarpena oso handia izan daiteke. Kontuan hartzen badugu eyetracking teknologiak makinei soilik begirada zuzenduz aginduak ematen dizkiela edo langile bat makina baten interfazera begiradarekin sartu daitekeela, gailu desberdinekin teklatu bidez edo beste periferiko batzuen bidez (sagu batekin, ukipen- pantaila batekin edo ahotsarekin) elkarreragin beharrean, industrian irekitzen den eremua, adibidez, handia dela uste dugu. Ahots bidezko kontrolak arazoak eragiten ditu ingurune zaratatsuetan, eta eremu industrialean ohikoa da hori. Begiradak, ordea, ez du inolako mugarik. Lan bat hastean, lehen-lehenik begiratu egiten dugu, eta, gero, dena delako ekintza egin. Etorkizun hurbilean, ordenagailuekin, smartphoneekin edo telebistekin elkarreraginean arituko gara, ahotsarekin edo keinuekin ez ezik, baita begiradarekin ere.
Erabilera askotarikoak izan ditzake…
Bai. Potentziala eta aplikazioak amaigabeak direla iruditzen zaigu. Begien mugimenduarekin bakarrik erabil dezakegu makina bat. Izan ere, gaur egun, gure teknologia erabiltzen da desgaitasunen bat duten pertsonek tableta baten gainean begiak mugituz komunikatu ahal izateko, izpi infragorriekin konbinatutako adimen artifizialari esker. Gaur egun, gure produktuak desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzen die ordenagailu-pantaila batekin elkarreragiten eta munduari leiho bat irekitzen. AEBn, Bostonen, egoteak etorkizunean teknologia honen aplikagarritasuna ulertzeko aukera eman digu. Adibidez, gure ustez, eye- trackinga errealitatea izango dela etorkizuneko auto autonomoan, dozena erdi urte barru elementu desberdinak kontrolatzeko. Hala ere, teknologia hori neuromarketinaren sektoreetan erabiltzeak, esaterako, balio handia eman diezaguke gaur egun, pertsona bat nora begira dagoen eta publizitatearekin nola elkarreragiten duen jakin baitezakegu horrela, eta dagoeneko harremanetan gaude enpresekin, teknologia hori merkatuan eskaintzeko.
Bostongo MITi lotutako berrikuntza-zentro batek aukeratu zuen zure enpresa. Zer esan nahi du horrek?
Guretzat, Cambridge Innovation Centerrek bere beka ospetsurako gu hautatzea aukera paregabea izan da. Hara joan ginenean, hainbat helburu genituen. Jakin nahi genuen nola integratu gintezkeen Estatu Batuetako merkatuan, osasunean adibidez, oso indartsua baita. Baina MITera hurbildu nahi genuen, adimen artifizialeko tresnak garatzen saiatzen baikara, eyetracking gailu bat zehaztasun osoz kontrolatu ahal izateko, hardware gehigarririk izan gabe. Eyetracking gailuak teknologia infragorrian oinarrituta daude, begirada detektatzeko eta hardware batean kontrolatzeko.
Javier Urreta
Tecnaliako Building Technologies enpresako zuzendaria
“Iraunkortasuna eta digitalizazioa garapen-maila handia izango dute”
Javier Urreta Tecnaliako Building Technologies enpresako zuzendariak adierazten duenez, eraikuntzaren euskal sektoreak teknologiarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa gero eta handiagoa da, eta prozesuetan 4.0 tresnak sartzearen aldeko apustua egiten duten enpresen kopuruak gora egiten du, batez ere enpresa txiki eta ertainenak. Eraikuntzaren sektorea paradigma berri baten aurrean dago, eraikitzeko moduan eta eraikinen erabileran teknologiaren ezarpena bizkortuko duena. Aldaketa horiek pandemiaren aurretik aurreikusten ziren, baina orain erantzun bat emateko beharra premiazkoa bihurtu da. Iraunkortasun-irizpideak eta digitalizazio-tresnak diseinuan eta eraikuntza-prozesuetan sartuta daude, baita eraikitakoa erabiltzen eta mantentzen ere
Koronabirusak eragindako izurriteak ezagutzen genuen mundua aldatzen ari da. Eraikinak ere aldaketak jasango dituzte?
Eraikuntzaren sektoreak erantzuna eman beharko du, eta kontuan hartu beharko ditu bai etxeen esparruan – askotan, bat-bateko bulegoak sortu dira telelanaren orokortzearekin batera –, bai lan-eremuan bertan gertatu diren aldaketak. Oro har, espazio aldakorragoak eta osasungarriagoak behar dira, eta kontuan hartu beharko da espazioen eta altzarien diseinua, barne-habitata eraldatzeko eta egungo erronkei modu egokian erantzuna emateko. Bestalde, planetarekiko lagunkoiagoa den gizarte baten eskaerak material adimendunak garatzera garamatza, fatxadetan, biomaterialetan eta abarretan superisolatzaileak erabiltzera, energia sortzeko eta biltegiratzeko eraikinak eraikitzeko zein gertatzen ari diren hiri-eraldaketa, -birgaitze eta -berroneratze prozesuetarako balio dutenak.
Zer erronka identifikatzen ditu Tecnaliak eraikuntzaren sektorerako?
Gure ustez, enpresaren eta publikoaren bi erronka nagusiak jasangarritasuna eta digitalizazioa dira. Iraunkortasunaz ari bagara, ingurumenarekin gero eta adiskidetsuagoa den sektore baterantz eboluzionatzeaz ari gara. Baliabide naturalen kontsumoa murrizteaz ari gara, materialak aprobetxatuz, birziklatuz eta berrerabiliz. Lan handia egiten ari dira, halaber, eraikinen bizitza erabilgarria areagotzeko. Funtsezkoa da, halaber, herritarren bizi-kalitatea hobetzea beren eraikin eta hiri-inguruneetan, energia-kontsumoa murriztuz eta irisgarritasun fisikoa nahiz zentzumen-irisgarritasuna optimizatuz. Eta bigarren paradigma nagusia digitalizazioa da, datozen urteetarako eraldaketa-bektorea izango dena eta pandemiak izugarri bizkortu duena. Horri esker, egungo prozesuen eraginkortasuna hobetu ahal izango dugu, bai eta enpresek, higiezinen agentziek eta azken jabeak dituzten premiei erantzun egokiagoa emateko tresnak eskuratu ere.
Eta zer teknologia txertatzen ari dira enpresak?
Digitalizazioa aspaldidanik dago industria-munduaren diseinu-prozesuen barruan, eta 2Dtik 3Drako trantsizioa pixkanaka-pixkanaka beste sektore batzuetara iristen hasi zen, hala nola eraikuntzara. Horrela, Big data, gauzen Internet, errealitate areagotua eta robotika aplikatzeak sektorearen eta sektorearen balio-katearen maila guztien eraldaketa dakar. Azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela sektorean Bim (Building Information Modeling) eredua ezartzea, eraikinaren eredu digitalak, emaitza eraginkorragoak eta kalitate handiagokoak lortzen dituztenak, higiezina 3Dn diseinatzeko aukera ematen duen softwaretik abiatuta, eta hainbat helbururekin informazioa biltzea, hala nola obra planifikatzea, eraikinaren portaera aurreikustea (maila energetikoan, akustikoan, klima-aldaketaren aurrean), material bakoitzaren ezaugarriak ezagutzea, etab. Baina beste urrats bat eman dugu, eta industriaren biki digitalaren kontzeptua eraikinaren kudeaketara eraman dugu, benetako eraikin baten lehen biki digitala sortuz, Kubiken. Kubik gure instalazio esperimentala da, eta Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan dago. Bertan, eraikinean egiten den edozein jarduera denbora errealean islatzen da, 800 sentsore baino gehiagoren bidez. Instalazioetako akatsen iragarpenari eta eraikineko jardueren simulazioari esker, %40rainoko aurrezpena lor daiteke energia- kontsumoan eta %20koa mantentze-lanetan.
Antikovid horma-gortinak eta robotak ere garatzen ari zarete…
Gure zentroak duela hamarkada batzuetatik ari da lanean eraikuntza-sektoreko enpresek irtenbide teknologikoak txerta ditzaten, bi helbururekin: eraikuntza- eta birgaitze-eredu iraunkor eta digitalizatuak sortzea eta merkatuetan lehiakortasuna hobetzea. Bereziki oso harro gaude Uxama euskal enpresarekin lortu dugun lankidetzagatik. Elkarrekin errezel- horma bat sortu dugu, jada merkatuan dagoena, berokuntzan %50 aurrezteko aukera ematen duena, eta, horrez gain, osasungarritasun-gomendioak bete ahal izan ditugu, kobid 19ari aurrea hartzeko, eraikinaren airea berritzeko eta beroa berreskuratzeko sistemari esker. Tecnaliak kable-robot bat ere asmatu du, eraikin baten fatxadan zehar mugitzeko gai izango dena, eta enpresa askok mantentze lanak egiterakoan dituzten arazoak konpontzen lagunduko du. Gure sistema guztiz aitzindaria da, eta bost urte barru merkatuan egon daiteke.
Zein dira eraikuntzaren sektorearen etorkizunaren erronkak?
Etorkizunari begiratzen badiogu, 2030 izan daitekeen etorkizun hurbilari, ziurrenik sektore honetan digitalizazioa orain baino nabarmenagoa izango da. Nire ustez, eta lehen esan dudan moduan, sektorea funtsean bereiziko duena da iraunkortasunaren kontzeptuak erabat ezarrita egongo direla eta digitalizazioaren kontzeptuek garapen-maila handia izango dutela. Sektorean bertan lan egiten duten pertsonen profiletan ikusiko dugu hori, hala ingeniaritza-ikasketetan nola eraikuntza-ikasketetan, enpresa fabrikatzaileetan, higiezinen munduko enpresetan eta abarretan. Ez da harritzekoa izango Big Datan oinarritutako aplikazioak erabiltzea, non inbertitzen den edo sustapenak non egiten diren erabakitzeko. Horrek lan-profil berriak ekarriko ditu, eta profil tradizionalenekin interakzioan arituko dira; beste prestakuntza-mota batzuk eta beste garapen mota batzuk. Aldaketa sakonak ikusiko ditugu datozen urteetan.
Jon Bernat Zubiri Rey
Ekonomian Doktorea
“Testuinguru MadMaxiano batera goaz zuzenean”
Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du mundua bere arlo guztietan: ekonomikoan, sozialean, kulturalean, etab. Azken hamarkadan zehar hartu diren neurri neoliberalak sektore publikoa kaltetuz joan dira (merkatuaren aldeko arauketak, industriaren pribatizazioa, zerbitzu eta ondasun publikoengan murrizketak eta langileen ezegonkortasuna), eta COVID-19ari aurre egiteko babes ahuldu horiek egoera ekonomikoa are gehiago okertu dute. Koronabirusak gizarte bezala naturarekiko dugun harremanaren aldaketa eskatzen du, eta aldaketa hori ekonomiaren arloan ere jorratzeko beharra dago. Euskal Autonomia Erkidegoko politika berdeen egoeraren, hartzen ahal diren neurrien eta gizarte naturazentristago batera ailegatzeko bidearen gogoeta egiten du Jon Bernat Zubiri Ekonomia doktoreak
EAE zer-nolako posizioan dago egun politika berdeekiko?
Auzi ekologistaren aurrean, politikoki bidegurutze baten aurrean gaude. Alde batetik, Donald Trumpen modeloa dugu, business as usual, kapitalismoa arlo nazionalera hedatzea. Beste aldean, Green Capital deritzona; hau da, kapitalismoan ekonomia zirkularra, birziklapena, energia efizientzia eta halako ekimenak sustatzea. Ikuspegi horretatik, EAEko politika publikoetan iraunkortasun irizpideak sartzen dira: legedietan, plangintza industrialetan, etab. Hala ere, zailtasun ugari daude. Adibide bat jartzekotan, arlo energetikoan, ez dugu iturri energetiko propiorik. Euskadiko ekonomia guztiz petrolioaren mendekoa da, eta gure klimak zenbait energia berriztagarriren ezarpena (esate baterako, eguzki-energia) zailtzen du.
Beste arloetan, zein da EAEren portaera?
Arlo energetikotik haratago ere, oso atzeratuta gaude. Natura zaintzeko politikak, elikadura burujabetza eta birziklapen aferetan ez dira apenas aurrerapenik egin. Egia da Gipuzkoan saiakera egon zela azken arlo hori garatzeko, baina politika horiek atzera bota ziren.
Zeintzuk dira Euskadin aukerak ekonomia berdean?
Azkeneko urteetan indarra galdu duen arren, industria euskal ekonomiaren oinarri garrantzitsu bat da. Aldi berean, kutsaduraren parte handi bat ere sortzen du. Ideia interesgarria izango litzateke sektore horrek sortzen duen gaitza zuzentzen saiatzea. Industriaren trantsizio berdea bultzatu behar dute instituzioek, eta ziurtagiri ekologikoak eskatzeak enpresei industriaren kutsatze-maila murriztuko luke. Naturaren zaintza sustatzeko ere behar handia dugu Euskal Autonomia Erkidegoan. Bioaniztasunaren lekuko izan gara azkeneko urteetan, eta antzina birusen eta gizakiaren arteko hainbat espezieren desagerpenak birus horiek gizartera hurbilarazi ditu. Lurralde kontrola, landareen eta zuhaitzen babesa eta horrelako ekintzak zaindu behar dira.
Garraioaren arloan, eremu gehiago integratu behar dira. Garraio publiko nahiko antolatua dugu, baina ez du inolako zentzurik Bilboko metroa bezalako erreminta bat Loiuko aireportura edo Leioako unibertsitatera ez iristea. Gertutasuneko trenaren bidez lur eremu gehiago integratzea aukera argia da.
Zer neurri proposatuko zenituzke EAEko post-COVID ekonomiarentzat?
Lehenik eta behin esan nahiko nuke nahiko zaila dela halako neurriak proposatzea, hainbat faktore ezezagunak direlako: pandemiaren iraupena, aurreko egunerokotasun edo antzeko egunerokotasuna noiz iritsiko, neurri pandemikoen luzatze hipotetiko batek sortzen ahal dituen eragozpenak, etab.
Faktore horiek sortzen ahal duten gora-beheratatik kanpo, neurri orokorrik hartzeko aukerarik dago?
Argi dago premiazkoa dela orain ematen ari diren ondorio sozioekonomikoei erantzun politikoa eman behar zaiela. Kasu honetan, langileak babesteko politikak eraginkorrak izan dira, eta ekimen horiek sakondu behar dira. Behin behineko EEEek kaleraketak garestitu dituzte eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, ezarpena oraindik hobetzekoa den arren, egon den beherakada ekonomikoaren aurrean gertatu den errenta beherapena zuzentzeko erabaki adimentsua izan da.
Beste bide batetik, adibidetzat hartzen ahal dugu Nafarroako elikadura industria. Egun, bertako biztanleri aktiboaren %6,5ek lan egiten du sektore horretan. Gainera, industria oso bat eraikita dago horren inguruan. Kontserbak eta elikagaiak transformatzeko ehun industrial indartsua sortu da. Bizkaia eta Gipuzkoan, esaterako, egoera guztiz kontrakoa da. Biztanleria aktiboaren %1ek soilik jarduten du lehen sektorean, lurjabe gutxi eta infraerabilita daude.
Ekonomia berdea ardatz duen ekimenik ba al dago EAEn?
Elikadura industriaren adibidea segituz, ekimen interesgarria aurki dezakegu Nafarroako Erriberan. Bertan, Errigora herri iniziatiba dago, Euskal Herria oinarri duena eta herri lana tresna duena. Bertako lurrak ematen dituen elikagaiei bidea ematen diete, eta bere ekarpen kulturala egiten du, euskara ofiziala ez den lurraldean eragina sortu nahi duelako. Beste proiektu interesgarri bat GoiEner da. Ordizian errotuta dago, baina EAEko eta Nafarroako hiriburuetan bulegoak ditu. Energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektu kooperatiboa da, eta horren bidez energia subiranotasuna berreskuratu nahi da.
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko hainbat aldaketa sozialen beharra erakusten dute testu akademikoek. Instituzioen papera zein izango da trantsizio horretan?
Sozialki, konbertsio orokorra behar dugu. Balore produktibista, kutsatzaile, orojale eta indibidualistetatik, iraupen komunitarioa eta elkarlaguntzarantz. Aldaketa klimatikoa eta krisi energetikoa gero eta nabarmenagoa dela sentitzen gabiltza. Ez badugu benetako apustu berdea egiten, testuinguru MadMaxiano batera goaz zuzenean: baliabideak lortzeko borroka, ura lortzeko borroka, etab. Zutabe ekologikoari zutabe soziala gehitu behar zaio bidezko gizarte bat eraikitzeko. Baliabideen polarizazioari amaiera eman behar zaio, eta baliabide horiek banatu behar dira. Bide logikoena eta posiblea da. Moral berri bat hedatu behar da. Gu geu erdigunean egon beharrean, bizitza egon behar da erdigunean: gurekiko errespetua eta naturarekiko errespetua.