Euskadi da BPGrekiko I+G gastu handiena duen erkidegoa.

Euskadi (%2,32) izan zen BPGren gaineko I+Gko gasturik handiena izan zuen autonomia-erkidegoa 2021ean, CYD 2023 txostenaren arabera. Txosten horrek Espainiako Estatuan I+Gk duen egoera eta unibertsitateak ezagutzaren sorkuntzan duen rola aztertzen ditu.

Espainiako estatuak nabarmen handitu du I+Gko inbertsioaren pisua BPGren gainean, 2016an % 1,19 izatetik 2021ean % 1,43 izatera igaro baita. Enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek bultzatu dute gehien inbertsio hori (gastuaren % 56,2); goi-mailako irakaskuntzak ( % 26,6) eta administrazio publikoak (16,91), berriz, murriztu egin dute.

2021ean gastua % 9,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta, eta 17.249 milioi euro inbertitu dira guztira I+Gn. Barneko I+G gastua ia 9.696 milioikoa izan zen enpresentzat, 4.586 milioi eurokoa goi-mailako hezkuntza-erakundeentzat, 2.910 milioi eurokoa administrazio publikoentzat eta 56.000 eurokoa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuentzat.

Bultzada hori gorabehera, Espainiako Estatua I+Gra gastu gutxien bideratzen duten herrialdeen artean dago oraindik ere: 2021ean, 27-EBko batez bestekoa % 2,15 izan zen, eta ELGAkoa % 2,71; Espainian, berriz, % 1,43.

Bestalde, 2022an 120.614 lan zientifiko argitaratu ziren, hau da, 2019an baino % 14,68 gehiago. Espainiako estatuak 12. postuan jarraitzen du ekoizpen zientifikoan mundu mailan.

Autonomia-erkidegoei dagokienez, Madril da jakintza ekoizten duen lehen eskualdea (% 29,94), eta haren atzetik datoz Katalunia (% 25,70), Andaluzia (% 17,89) eta Valentziako Erkidegoa (% 13).

Estatu espainiarrean, 2019-2022 laurtekoan, unibertsitateek ezagutza zientifikoaren sortzaile nagusiak izaten jarraitu dute, argitaratutako lanen % 77,5ean parte hartuz. Goi-mailako irakaskuntzako I+G inbertsioa sendotu egin da 2021ean, 4.586 milioi eurorekin, 2020an baino % 9,16 gehiago.

I+Gko gastua eskualdeen arabera aztertuz gero, alde nabarmenak daude bakoitzak I+Gn egiten duen ahaleginean. Euskadi (% 2,32), Madril (% 1,93), Katalunia (% 1,78) eta Gaztela eta Leon (% 1,37) izan ziren BPGren gaineko I+G gastu handiena izan zuten erkidegoak 2021ean, merkatuko prezioetan.