Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Irizar e-mobilityk 29 autobus elektrikoko kontratua lortu du Frantzian

MAIALEN MUSATADI / 2020-04-27/  Irizar e-mobility enpresa gipuzkoarrak Frantzian duen presentzia sendotu du Orleans Métropole konpainiarentzat 29 autobus elektriko zero emisio hornituz. Autobusok IE tram modelokoak dira, eta Orléans Métropole enpresak 2025 . urterako bere lurraldeko garraio publikoko sistema erabat elektrikoa izateko estrategiaren barruan gauzatzen du ekimen hau.

Irizar Taldeak adierazi duenez, enpresari erositako lehen unitateak 2021. urtearen erdialdean entregatzea aurreikusten da. Enpresak azaldu duenez, erositako autobusek 12 metroko luzera dute, 220 kilometroko autonomia, eta Irizar Taldeak garatutako teknologia dute elektronikari eta komunikazioei dagokienez, bai eta horien osagai eta sistema nagusiei dagokienez ere. Halaber, bateriak teknologia propiokoak dira eta “segurtasun elektrikoaren, termikoaren eta mekanikoaren Europako azken araudiei” jarraitzen diete.

Ibilgailuen ustiapena optimizatzeko, kasu honetan Keolis Métropole Orléans operadoreak, Irizarrek ere salmenta osteko zerbitzua bermatzen du, tokiko aditu teknikoek eta kontratatutako pertsonek kudeatuta, eta horrek, aldi berean, aberastasuna eta tokiko enplegua sortzen laguntzen du.

Kontratu berri honekin, enpresak Frantzian duen presentzia sendotzen du, non iaz hiru BRT proiektu ezarri zituen Amiensen, Aix-en-Provencen eta Baionan. Marsella eta Le Havre hiriek ere Irizar e-mobilityren ibilgailu elektrikoak dituzte.