Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,5 milioi euro bideratuko ditu ekintzaileei laguntzeko

MAIALEN MUSATADI / 2020-07-21/ Enpresak sortzeko eta garatzeko prozesuan laguntzeko programa abiarazi du Aldundiak. Aurten 1.521.448 euroko inbertsioa egingo da guztira, honako ildo hauetan banatuta: enpresa sortzeko prozesuan enpresa proiektuei laguntzea – Txekin, 230.000 euro –; emakumeek sustatutako enpresa proiektuei laguntzea – Emekin, 270.000 euro –; eta oinarri teknologiko eta/edo berritzaileko enpresak sortzea – Txekintek-Barnetekin, 1.021.448 euro–. Informazio guztia jasotzen duten oinarriak GAOn argitaratu ziren joan den ostiralean, uztailaren 10ean. Eskaerak egiteko epea, Emekin programaren kasuan, uztailaren 20an, astelehena, eguerdiko 12:00etan, amaituko da, eta gainerakoen kasuan, urriaren 19an.

Gipuzkoako Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Plana apirilean onartu zen, COVID-19ak ekonomia eta enpresa sarean duen eragina arintzeko, sare hori berreskuratzeko bitartekoak ezartzeko eta bere etorkizuna bermatzeko oinarriak finkatzeko. Plan horretan, aurreikusitako diru-bilketa jaitsi den arren, ildo estrategikoei lotutako programak eta deialdiak murrizketarik gabe mantentzea aurreikusten da, hala nola lehiakortasunari laguntzeko, ekintzailetza bultzatzeko, I+G+B sustatzeko edo enpresa-proiektuei eusteko ildoei lotutakoak. Gaur iragarri dena ildo horietako bat da eta etorkizuneko enpresa proiektuak finkatzen laguntzeko planaren ildo estrategikoaren barruan kokatzen da.

Informazioa eskuragarri dago web orri honetan: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia/programas-y-ayudas/emprendizaje Iaz laguntza eman zitzaien 396 proiekturi eta, ondorioz, 208 enpresa sortu ziren, horietatik 137 emakumeek sustatutakoak, eta 26 start up edo oinarri teknologikokoak. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko diputatuak iragarri duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa da “eskaera guztiei erantzutea,  Gipuzkoan dauden potentzial, ekiteko gogo eta ezagutza guztiak bideratu ahal izateko, horiek baitira lurraldearen berreraikuntza ekonomiko eta soziala bultzatzeko gure aktibo nagusietako batzuk».

Azken datuen arabera, Euskadin 57.346 enpresa aktibo daude. Horrela, 2019ko ekainarekin alderatuta, 2.061 enpresa gutxiago daude, hau da, % 3,5 gutxiago. Pandemiako lau hilabeteetan 1.547 enpresa desagertu dira, guztien % 2,6, eta, apirileko gutxienekotik aurrera, martxotik apirilera bitartean galdutako enpresen % 27 berreskuratu dira. Lasak adierazi duenez, aurreko krisialdian, “susperraldi fasean ere, enpresen sorrera kopuruak ez ziren positiboak izan eta, beraz, enpresen epe laburreko beharren kudeaketa, jarduera mantenduta, konbinatu egin behar dugu ingurune sozioekonomiko lehiakorragoa lortzera bideratutako garapenarekin. Oraina kudeatu behar da, etorkizuna prestatuz, eta ahalegin gehiago egin behar dugu Gipuzkoa ekintzaile bat garatzen laguntzeko “.

Horretarako, laguntzak emateaz gain, Aldundiak hainbat arlotan lan egiten du. Elkargirekin egindako akordio baten bidez, 30 start up baino gehiago eta emakumeek bultzatutako hainbat enpresa finantzatu dira, 5 milioi euro baino gehiagorekin; BIC Gipuzkoarekin lankidetzan, nazioarteko azelerazio-programetan lan egiten da; RIS 3 estrategia europarrarekin batera eta Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, erreferentziazko zentroak jartzen ari dira abian hainbat sektoretan, besteak beste zibersegurtasuna, elektromobilitatea, gastronomia digitala eta zahartze osasungarria lantzen dituzten sektoreetan, garrantzi berezia emanez enpresa proiektu berriei eta ekintzailetzari. Halaber, zerga arloari dagokionez, maiatzaren amaieran, zerga arloko hainbat neurri hartu ziren, COVID-19aren aurrean, ekintzailetza sustatzeko.

Gainera, urtea amaitu baino lehen, Foru Aldundiak barne-ekintzailetzari zuzendutako proiektu berritzaile bat jarriko du martxan. «Ekintzailetza korporatiboaren aldeko apustua indartuta aterako da krisi honetatik, banakako ekintzailetza gutxietsi gabe. Gure enpresetako askok erakutsi duten trebetasunak tesi hori indartzen du; izan ere, beren oinarrizko gaitasunak erabiliz eta beste eragile batzuekin lankidetzan arituz, beraien jarduera ildoak egokitu dituzte osasun-krisian laguntza emateko. Horrela, apustu irmoa egin dute enpresa barruan ekintzailetza sustatzeko,  lehiakortasun dinamikak etengabe interpelatzeko, eta enpresetan jarduera edo negozio-ildo berriak sortzeko; hori izango da, hain zuzen, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko eragin handiena izango duen enpresa garapeneko gakoetako bat “, gaineratu du.