Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Hurrengo konbeniora begira, langileen %15 kentzeko baldintza jarri du Iberdrolak

Sindikatuen soldata igotzearen eskaerari erantzunez eman du aditzera Iberdrolak, bere neurria.

IKER PLAZAOLA /2020-10-11/ Hurrengo urteetara begira egingo den lan hitzarmenaren harira, baldintza zuhurra jakinarazi du Iberdrolak: bere gain duen langilegoaren %15a kentzea. Portzentaia, 1.450 pertsonetan itzultzen da.

Kaltetuak, Hego Euskal Herriko eta espainiar Estatuko langileak liratezke. Iberdrolak 2.000 langiletik gora ditu Hego Euskal Herrian, horietako asko Bilboko Iberdrola dorreko egoitza nagusian. Ez lirateke kaleratze gordinak izango, baizik eta aldez aurretiko erretiroak eta borondatezko irteerak.

Gauzak horrela, sindikatuek adierazten duten bezala, ez da erraza ulertzea mozkinen maximo historikoetan dagoen eta energia berriztagarrien alde egiten ari den trantsizio energetikoari begira ondo kokatuta dagoen konpainia batek, etorkizuneko energia berriztagarrien alde, 1.500 kaleratze inguru planteatzea, nahiz eta “ez traumatiko” eufemismopean izan.

“Onartezina litzateke”, adierazi dute ELAk, Iberdrolak EAEn dituen lantokietan ordezkari gehien dituen sindikatuak. Iberdrolak, koronabirusaren gaitza jasan badu ere, urteko lehen sei hilabeteetan %12 handitu ditu bere mozkina, 1.845 milioi euro arte helduz. ELAren iritziz, enpresaren proposamenak «ez du ez hankarik, ez bururik», enpresaren emaitzak «oso onak» direlako.

«Ulertezina izango litzateke lan baldintzek behera egitea konpainia gorantz doanean», azaldu du, berriz, UGTk, eta berretsi du enpresaren emaitzetan «parametro bakar batek ere» ez duela justifikatzen lantaldea murriztea eta lan baldintzak okertzea.

Hori dela eta, Ignacio Galán buru duen konpainiaren planteamenduak zerikusi handia izan dezake zuzendaritzak langileen ordezkaritzaren aurrean jokatzen duen poker-partidarekin; izan ere, langileen aldarrikapen-plataforman % 1,5 eta % 3,7 arteko soldata-igoerak eskatzen dituzte, baita lanaldiaren beste hobekuntza batzuk, pentsio-planetarako ekarpenak, antzinatasuna eta abar ere.

Aurrejubilazioak

Ez da lehen aldia Iberdrolak  erretiro aurreratuen bidea hartu duela lan taldea txikitzeko. Aurrekoetan eskaini du langileak soldataren %80 jasotzea erretiroaren adinera iritsi artean.

Iberdrolako langileen aurre-erretiroko azken akordioetan, plantilla doitzeko eta/edo jende gazteagoari lekua uzteko, kasu batzuetan, irtendakoez bestelako profil profesionalak izanik, konpainiak bermatu du benetako erretiroa hartu arte soldaten % 85 jasoko duela.

Nolanahi ere, sindikatuek ez dute ulertzen zer aldatu den Iberdrolan, lehen seihilekoko emaitzak aurkeztean (1.845 milioiko mozkina, konfinamenduaren ondorioak gorabehera) aurreikusten baitzen irabaziak % 5 handituko zirela aurten eta, horretaz gain, enplegua sortuko zela orain plantillaren doikuntza bat mahai gainean jartzeko.

ELAk nabarmendu duenez, euskal eremuko hitzarmen bat eskatu du.

Etorkizunaren zeruertz lausoa

Neurri hori hartzea justifikatuko lukeen beste egoera bat, Iberdrolak hurrengo urteetan Espainian izango duen etorkizun ekonomikoa argi ez ikustea da.

Ez da ahaztu behar krisiaren eskutik eskari elektrikoa % 5 inguru jaisten zela irailean, nahiz eta datuen arabera, konfinamenduan % 13ko murrizketa gertatu zenetik errekuperatu den.

Gainera, kontuan izan behar da eguzkiaren autokontsumo elektrikoak gora egiten jarraituko duela, argiaren prezioak beherantz eramanez, eta berankortasuna, negozio ugariren egoera ikusita, nabarmen handituko dela, bai eta hornidura-kontratu sinatuak dituzten enpresen kopurua ere, zeinak, gainditzen doazen heinean, tarifa txikiagoak negoziatuko baitituzte.