Belgikako Gobernuak lan-merkatuaren erreformarako akordioa lortu zuen atzo. Akordio horren arabera, lan-astea lau egunetan kontzentratu ahal izango da, edo ordutegiak malgutu, “Langileei askatasun handiagoa emateko” eta, horrela, hemendik 2030era % 80ko enplegu-tasa lortzeko helburura iristeko. Gaur egun, Belgikan % 71n dago, eskualdeen arteko desberdintasun handiekin.

Alexander De Croo Belgikako lehen ministroak azaldu zuenez, pandemian ikasitako irakaspenak kontuan hartu dituzte, telelana derrigorrezkoa izan delako edo oso gomendatuta egon delako, eta langileak kontziliazio-egoera berrietara eraman dituelako. Bestalde, Pierre-Yves Dermagne Ekonomia eta Enplegu ministroak adierazi zuen itunak “langile guztientzako aurrerapauso zehatzak” jasotzen dituela. Zehazki, prestakuntzarako eskubidea indartzen dela, plataforma digitaletako langileak hobeto babesten direla, bizitza profesionala eta familiarra uztartzeko berme gehiago ematen direla eta enplegua bultzatzen dela adierazi zuen.

Akordioan jasotzen den neurri nagusietako bat da langileek beren lan-ordutegia lau egunetan kontzentratzeko aukera izatea, horrela, bosgarren egunean lanaldi librea hartzeko aukera izango lukete. Langileek asteko erregimen aldakorra ere aukeratu ahal izango dute, aste batean ordu gehiago lan eginez eta hurrengoan baino denbora libre gehiago hartuz. Enplegatuak eskatu behar ditu lan-formula horiek.

Egilea Andoni Beitia