Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak Gure Zinema plataforman bildu dira, Euskadin sortu eta garatu den ikus-entzunezko kate osoa indartzeko eta ikusleak zinema-aretoetara joan daitezen ekoizpen horietaz gozatzera.

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren baitan, Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek ekitaldi bat gidatu dute, eta bertan zehaztu dutenez, aliantza honek “gure zinema indartu eta ikusleei gure lanez pantaila handian gozatzeko aukera emango dien abantailak eskaini” nahi ditu.

Gure Zinema Euskadiko zinemaren sektore osoa batzeko bokazioarekin jaio da, ekoiztetxeak, zuzendariak, gidoilariak, aktoreak, pelikula bat ekoiztea ahalbidetzen duten guztiak barne, baita zinemak ere.

Sektoreko ordezkariak Kursaalean bildu dira, Donostiako Zinemaldiaren egoitzan, Gure Zinema ekimenaren familia-argazkia egiteko. Ekimen horretan, Euskadiko hiru produkzio-etxeak (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB eta euskal zinemaren gainerako familia biltzen dira, jaialdiak, kultura-erakundeak eta elkarteak barne, hala nola aktoreen eta gidoilarien elkarteak. Plataformak, gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa du.

Datozen hilabeteetan hainbat ekimen jarriko dira abian euskal ikusleek ekimen honen berri izan dezaten, hala nola zozketak, promozioak, aurre-estreinaldiak eta VIP esperientziak. Gure Zinemak martxan ditu sare sozialetako profilak eta www.gurezinema.eus webgunea, eta bertatik emango da bere lehen ekintzen berri.

Egilea Andoni Beitia