Biztanleria Aktiboaren Inkestak adierazten du Nafarroan 10.800 langabe gutxiago izan zirela bigarren hiruhilekoan. Datu horrekin, Foru Erkidegoan 28.500 pertsona daude lanik gabe, SEPEk ekainean eman zuenaren antzeko datua. Aurreko hiruhilekoan baino % 27,39 gutxiago; langabezia-tasa % 8,79ra jaitsi da.

Industriak, eraikuntzak eta zerbitzuek jaitsiera handiak izan dituzte: 6.400 langabe gutxiago zerbitzuen sektorean; 4.100 gutxiago industrian; eta 700 gutxiago eraikuntzan. Langabeziak behera egin ondoren, egoera honela geratu da: zerbitzuen sektorean 8.100 langabe daude; industrian, 2.000 eta eraikuntzan, 600. Nekazaritzaren kasuan, 900 pertsona mantendu dira lanik gabe.

Bestalde, Nafarroan 296.200 landun daude (157.300 gizon eta 138.900 emakume), aurreko hiruhilekoan baino % 11,3 gehiago, eta jarduera-tasa % 58,84koa da, % 63,02koa gizonen kasuan eta % 54,81ekoa emakumeen kasuan. Horrek esan nahi du apirila eta ekaina bitartean Erkidegoak 11.400 lanpostu sortu dituela. Nafarroa 2008ko kopuruetara hurbiltzen ari da lehen aldiz; urte hartan 297.400 pertsona aritu ziren lanean. Hala, 2023an pandemia aurreko mailak gainditzea lortu du, 2019an 293.700 landun baitzituen.