Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Eusko Jaurlaritzak Covid-19 programa onetsi du, 300 milioiko aurrekontuarekin

MAIALEN MUSATADI / 2020-03-18/ Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak premiazko neurriak onartu ditu, Covid-19 birusaren pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan izango dituen “eragin ekonomiko izugarriak” ahal den neurrian arintzeko. Neurri horien artean dago Covid-19 programa, 500 milioi eurora arte handitu daitekeen 300 milioi euroko aurrekontua duen programa berria.

Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar bidez adierazitakoaren arabera, Covid-19 programak hasiera batean 300 milioi euroko aurrekontua izango du, baina beharrezkoa izanez gero, 500 milioi eurora arte handitu daiteke. Diru kopuru horiek diruzaintzako gerakinetatik eta aurrekontu kredituen soberakinetatik etorriko dira.

Era berean, Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa lerro bat aktibatuko da, 25 milioi euroko balioarekin, Euskadiko produkzio sareari behar duen likidezia emateko, enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei, batez ere.

Halaber, aurrekoarekin lotuta, ahalik eta epe laburrenean, EAEren abalak izango dituen zirkulatzailearen 500 milioi euroko finantzaketa lerroak egituratuko dira, zero kostuan, bost urterako, urtebeteko gabealdearekin, Euskadin jarduten duten banku erakundeekin eta Elkargirekin lankidetzan. Horiekin batera, aurrerakin itzulgarrietan, maileguetan edo abaletan oinarritutako finantza baldintzak malgutu, birfinantzatu eta egokituko dira, Gauzatu, Bideratu, Indartu programetan eta beste batzuetan.

Lehentasunak

Horrela, helburua, ekonomia arloan jarduteko hiru lehentasun ezartzea da, horietako bakoitzean neurri jakin batzuk hartuta, aurretik aipatutako baliabideak erabilita:

EUSKAL OSASUN SISTEMA INDARTZEA

  • Sendagaiak hornitzea eta ekoiztea, eta osasun-materiala eskuratzea.
  • Prebentziozko arreta eta telefono bidezko aholkularitza indartzea.
  • Ez ohiko neurriak etxeko laguntza-arretan aritzen diren osasun arloko langileak indartzeko.
  • Osasun-zentroetan arreta emateko gune berriak egokitzea.

ENPRESEI ZUZENDUTAKO NEURRIAK

  • Zirkulatzailea finantzatzeko 500 milioi euroko lerroa, enpresa txikiei eta ertainei, profesionalei eta autonomoei zuzenduta.
  • Laguntzak enpresentzat, erakundeetan koronabirusa zabal ez dadin.
  • Ekipo eta erreminta teknologikoak eskuratzeko laguntzak.
  • Zailtasunak dituzten enpresentzako programa-zuzkidurak zabaltzea.

PERTSONEI ETA FAMILIEI ZUZENDUTAKO NEURRIAK

  • Laneko eta familiako bizitzaren kontziliaziorako Programaren aplikazio zabala, jardunaldi murrizketarako laguntzekin, honetarako:
    1. Adingabeen eta koronabirusak kutsatutako edo horren ondorioz isolatutako pertsonen zainketarako.
    2. Ikastetxeen eta eguneko egoitzen itxieraren ondorioak jasaten ari diren adingabeen eta adinekoen zainketarako.
  • Lan jardunaldiaren malgutasuna bultzatzea, laguntza publikoekin.

Neurri horiek guztiak gainerako erakundeek aplikatzen dituztenen osagarri dira, ezin bestela izan, koronabirusaren aurka osasunaren eta ekonomiaren aldetik egiten ari garen borrokari aurre egiteko. Laguntza fiskalei, hau da, atzerapenei, salbuespenei eta luzapenei dagokienez, bai enpresen eta autonomoen betebehar fiskalei, bai tokiko tributuei dagokienez, Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta Eudelek koordinatuta jardungo dute.