Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

José Manuel González Robles


Bizkaiko Higiezinen Jabetzaren Agenteen
Elkargo Ofizialeko preisdentea

“Higiezinen merkatuan gardentasun- irizpideak sartu behar dira”

José Manuel González Robles Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta, egun, COAPI Bizkaiko zuzendaria da. 1949an sortua, Higiezinen Jabetza Agenteen Bizkaiko Elkargo Ofizialak, COAPIk, zerbitzuak eskaini ditu urte luzez. Higiezinen agentzia etxebizitza, lokal edo, orokorrean, higiezinen salerosketan aritzen den enpresa da. Elkarrizketa honetan, higiezinen merkatuaren egoeraz eta etorkizuneko panoramaz dihardu

Ezagutzen ez dutenentzat, zer da COAPI? Zein funtzio betetzen ditu?

COAPI Higiezinen Jabetza Agenteen Elkargo Ofiziala da; hauek probintziakoak izaten dira, eta, beraz, gurea Bizkaiko COAPI da. Elkargo ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, lanbide-interesen eta ogibidearen izen onaren alde egiten duena, agindu guztietan eta gure eskura dauden baliabide guztiekin, eta agintari eskudunengandik gertu sustatuz lanbiderako onuragarritzat jotzen dena.

Zer berme eta balio erantsi eskaintzen dizkie saltzaileei eta erosleei zuen Elkargoko kide baten zerbitzua izateak?

Elkargokide batekin jarduteak onurak soilik ekarriko dizkio bere ondasun-higiezinen eragiketak egitean; izan ere, erakunde ofizial baten profesionaltasuna eta babesa emango dizkio.

Zein izan da azken urteotan euskal higiezinen merkatuaren bilakaera? Higiezinen krisia behin betiko gainditu al da?

2000. urtetik 2006. urtera bitartean, etxebizitzen merkatua prezioak etengabe igo ziren, urteko %15. 2006. urtearen erdialdean, geldialdia gertatu zen, eta entregatzeko zain zeuden eraikuntza berriko etxebizitzak izan ezik, 2007an eta 2008an egin zirenak, jarduerak aurrera jarraitzen zuela zirudien, baina inertzia efektua baino ez zen. Salmenten prezioa jaisten hasi zen; egun, EAEn, %40koa da, batez beste. Eta batez besteko alokairuari dagokionez, jaitsiera txikiagoa izan da, %25.

Finantza-erakundeek eragindako higiezinen krisia ez da gainditu. 2014. urtearen amaieratik, etxebizitzen erosketa berriz finantzatzen da (%80, lehen, %100 baino gehiago). Alabaina, azken urteotan ez da prezioen aldakuntza esanguratsurik egon.

Gero eta gehiago dira etxebizitza alokatzea eta ez erostea erabakitzen duten pertsonak. Zergatik gertatzen da fenomeno hori?

Lehen, etxebizitza osoa eta gehiago finantzatzen zen. Orain, %80 gehienez. Lanprekarietateak, soldaten erosahalmenaren galerak eta aurrezkirik ez izateak, batez ere, gazteak alokairu-merkatura jotzera behartzen ditu.

Higiezinen sektorean, ia edonork egin dezake bitartekari lana. Hori intrusismo profesionala dela uste al duzu? Beharrezkoa al da erregulazio eta kontrol handiagoa sektore horretan diharduten profesionalekiko?

2000. urtera arte, higiezinen profesional gisa jardun ahal izateko, beharrezkoa zen azterketa batzuk gainditzea, jarduera gauzatzeko prestakuntza profesionala zenuela frogatu ahal izateko.

2000. urteaz geroztik (4/2000 Errege Lege Dekretua eta ondorengo 10/2003 Legea, higiezinen sektorea liberalizatzekoa), higiezinen agente lanbidea egikaritzeko, ez da beharrezkoa goi-mailako titulaziorik (edo bestelakorik) izatea, ez helbide fisiko zehatza izatea, ezta erantzukizun zibileko asegurua izatea ere.
Beraz, ez da inolako baldintzarik eskatzen edozein pertsonak bere bizitzan zehar hartzen duen erabaki nagusietako batean, bere etxea eskuratzean, bitartekari gisa aritzeko. Higiezinen merkatuan gardentasun-
irizpideak sartu behar dira, kontsumitzaileen babesa bermatu behar da, eta higiezinen transakzioetan
esku hartzen duten agenteek bete behar dituzten baldintzak finkatu behar dira. Higiezinen Agenteen Nahitaezko Erregistroa sortzea, non kokalekua eta arreta, prestakuntza eta praktika egokiak bete behar diren, eta higiezinen agentearen jarduera gauzatzeko kaudimena, berme eta aseguruekin. Etxebizitzaren
Euskal Legeak jasotzen du, baina araudia arautzeko zain dago, eta ez dakigu nahitaezkoa edo borondatezkoa izango den.

Zer gehiegikeria dira elkargokide ez diren bitartekarien artean ohikoenak? Abusuzko praktika hauek behar bezala zigortzen dira?

Elkargokide ez diren beste agente batzuengandik jasotako kexa gehienak zerbitzusarien gehiegizko kobratzeari buruzkoak dira. Ordainsariak hitzartuak izan behar dira. Higiezinen sektorea liberalizatzea, bitartekari-kopuru handiagoa izateko, eta eskaintzaren eta eskariaren ondorioz ordainsari ekonomikoagoak eragingo balitu bezala planteatu zen. Baina, ondorioz, agente higiezinek, une honetan agertzen direnek, nahi dituzten ordainsariak kobratzen dituzte, eta, zikloa aldatzen denean, desagertu egiten dira.

Euskadiko higiezinen sektorean inbertitzeko une egokia al da? Estatu mailan burbuila berri bati buruz hitz egiten da, eta hurrengo bi urteetarako prezioak jaistea aurreikusten da. Euskadi seguru al dago iragarpen ilun horietatik?

Aurrezkien errentagarritasuna nulua da, eta gure aurrezkiak gordetzeagatik ere kobratzen digute. Etxebizitza, batez beste, %40 jaitsi da, eta ez da berreskuratu. Etxebizitza erosteko finantzaketa inoiz baino merkeagoa da. Beraz, une egokia da erosteko. Euskadin ez da egon eraikitzeko gehiegizko eskaintzarik, Estatuan gertatu zen bezala. Madrilen, Bartzelonan, Balear Uharteetan eta Kanariar Uharteetan, besteak beste, atzerriko inbertsioaren ondorioz, higiezinetan inbertitzeko une egokia ikusi dute, prezioak berreskuratu egin dira, bai eta igo ere. Hor, burbuila berri bati buruz hitz egiten da, eta prezioak jaitsi egin daitezke. Gainerako autonomia erkidegoentzat, baita Euskadirentzat ere, finantza-krisiaren ondoren prezioak igo gabe, aurreikuspen horiek ez dira espero.

Alokairuko etxebizitzen prezioak gora egin du azken urteetan, eta sabaia ukitu duen merkatu bati buruz hitz egiten dute adituek, eta prezioen jaitsiera ere aurreikusi dute. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Euskadiko Alokairu Merkatuaren Estatistika (EMA) eman du ezagutzera. Azkenik, adierazi behar da errealitateak ez duela zerikusirik alokairu-itxaropenen aurreko estatistikekin edo higiezinen atarietan eskaintzen denarekin. Aurreko datu okerrekin hitz egiten zen alokairuaren merkatuaren prezioa krisiaren aurretik zegoen prezioan zegoela eta are prezio handiagoan ere bai. Errealitatea da prezioen batez bestekoa %25eko jaitsierarekin mantentzen dela, krisiaren aurreko prezioen aldean. Interes turistikoko zonetako bizitoki turistikoetara bideratutako etxebizitza konkretuak izan ezik –probintzietako hirietako Alde Zaharrak, Bilbo, Donostia eta Gasteiz–, gainerakoak mantendu egiten dira. Eskaintza baino alokairu eskaera handiagoa dago. Etxebizitza hutsak dituzten jabeak ohartarazi eta lasaitu behar ditugu, legeria dagoela gehiegikeriak saihesteko eta egoera horiek berriro gerta ez daitezen. Legeria hori alokairuak ekar dezakeen alarmak motibatua dago: errentak ez ordaintzea, etxebizitza suntsitzea… Lasaitasun juridiko hori lortzeak etxebizitza huts bat duen pertsona animatuko luke etxea alokairuan jartzera. Etxebizitza kopuru handiagoarekin, alokairuaren prezioa jaitsi egin daiteke.

Badirudi hipoteka lege berriak garestitu egin duela, eta are gehiago zailtzen duela etxebizitza erosteko beharrezkoa den finantzaketa eskuratzea. Zer eragin izan du gure inguruan? Eragiketa kopurua jaitsi al da?

Lege berriaren helburua gardentasuna dela dirudi. Azken urteetako esperientziagatik, gardentasun hori ez zen existitzen. Hori dela eta, beharrezko egin da hori arautzea. Horregatik ez da inolako eraginik antzeman, soilik Legea indarrean jartzean egin behar ziren operazioetan eskrituren sinadura atzeratu egin dela.

Zer iritzi duzu Espainiako Bankuak pentsioa hobetu ahal izateko etxebizitza erabiltzeko egin duen proposamenari buruz?

Lehenago, alderantzizko Hipoteka zegoen, pentsio baxua duten pertsonek beren etxebizitzaren kontura pentsio hori kantitate batzuekin osatu ahal izateko. Pertsona horientzat, baliozko irtenbidea zen beraien bizi-maila hobetzea, oinordekoei jaraunspenik ez uztearen truke. Estatu Batuetakoa bezalako ereduak imitatzea, non, etxebizitza baldin baduzu, zure etorkizuneko pentsioa baliogabetzen edo murrizten dizuten, ez dator bat gure errealitatearekin.

Biztanleria zahartzeak eragin erabakigarria du sektorean. Eskariaren zer bilakaera aurreikusten duzu oso gazte gutxirekin, gehienetan eskatzaileak, eta hutsik geratuko diren oso pertsona nagusiek okupatutako etxebizitza askoko ingurunean? Nola uste duzu eragingo duela hurrengo urteetan zure sektorean Euskadiko biztanleria murrizteak?

Bizi dugun ziklo berri honetan, jaiotza-tasa baxua da, eta, aldiz, kanpoko pertsonak hemen ezarri nahi dira. Horiek dira eskatzaile berriak, eta horiengan jarri behar dugu arreta. Pertsona horiek sartzeak egung biztanleriaren zahartze prozesua konpentsatuko du.



Jabi Luengo Errazkin

Tolosako Hirukide Ikastetxeko irakaslea eta informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) aditua.

Zure aburuz, zein da IKTen egoera Euskal Herrian? Ondo gaude?


Azpiegituren aldetik ondo hornituta gaudela esango nuke. Orokorrean, etxean, lanean eta ikasketa eremutean gailuz inguratuta gaude. Nire eremuan, ordea, arazoa ez da gailu kopurua, horiei atera dakiekeen etekina baizik: “testu‐liburuak – ariketak –azterketa” ekuazioa gailu elektronikoekin errepikatzen badugu, nekez lortuko dugu aurrerapausoak ematea pedagogiaren aldetik.


Badirudi teknologia berrien arloan ekoizten diren aplikazio eta gailu berri guztiak Silicon Valleytik datozela, baita Txinatik ere. Europarrak, oro har, eta euskaldunak bereziki, beste herrialde horietan ekoiztutako produktuak kontsumitzera murriztuta gaudela uste duzu? Zer uste duzu egin behar dela gure burujabetza teknologikoa garatzeko?


Lehenik eta behin, enpresa handi hauek duten botereaz eta eraginaz jabetu behar dugu. “Doakoa”, “erraza” eta erosoa” hitzen atzean, helburu ekonomikoak ezkutatzen dira. Mahai gainean jarri behar diren kartak dira, eta erraldoi horien eta gure arteko erlazioek ekartzen dituzten ondorioak argi izan behar ditugu. Karta‐joko honetan bada beste jokalari bat ere: teknologia libreak, bai software bai hardware ataletan. Jokalari honek beti erakusten ditu bere kartak, eta geure egin ditzakegu: aukera zintzoa da, besteekin konparatuta.

Hezkuntzaren arloan diharduzun aldetik, ikastetxe gehienek arbela digitalak, ordenagailu gelak, wi!i sareak, tabletak eta beste hamaika gailu dituzte. Ondo erabiltzen dira irakaskuntzaren arloan?


Orain dela urte batzuk ikastetxeetan zerutik mana erori zitzaigun barra‐barra eramangarri itxurarekin. Konektibitateari dagokionez, zirimiria besterik ez zen izan. Hirugarren osagaia, erabilera egokiari dagokiona eta guztietan garrantzitsuena, irakasleen eskuetan erori zen. Eta hor denetarik egon da. Gai honetan positiboa naiz, hainbat irakasle norabide zuzenean ikusten dut eta argia hor ipintzea gustatzen zait.

Hainbat herrialdetako adituen esanetan, espainiar Estatuko hezkuntza sistema zaharkituta geratu da, eta oso kaskarra omen da, memorizazioan oinarritzen baita, sarritan ikasleak buruz ikasten duena ulertu gabe. Zein da zure iritzia adierazpen horiei buruz?


Irakaslea naiz, baita aita ere. Zorionez, bi ikuspegiak ditut. Bizitzako beste hainbat eremutan bezala, pertsonek markatzen dute diferentzia. Irakasleen gainetik dauden pertsonek eta egiturek irakasleei
bidea samurtu behar diete. Ez dauka inongo logikarik DBHn konpetentzietan oinarritutako ebaluaketa eskatzea eta Batxilergo bukaeran betiko azterketa bat egin behar izatea. Egoera aldatzen ari da, baina erritmo biziagoa ezarri beharko genioke; ausartak ez bagara, atzean gelditzeko arriskua daukagu.

Zure esku balego, zer aldaketa edo berrikuntza ezarriko zenituzke euskal hezkuntza sisteman, ikasleen errendimendua hobetze aldera?


Hezkuntza sistemarekin zer lortu nahi dugun jakin beharko genuke. Agian, hortxe agertuko litzateke lehenengo harritxoa bidean… Pedagogia aktiboak ezarriko nituzke, proiektuetan oinarritutakoak, adibidez. Gure inguruko arazoei aurre egiteko diseinatutako dinamikak. Adibidez, egin dezagun gure herrian dauden eskulturak ezagutzeko audiogida bat: horrela, gure herriko historia ezagutuko dugu, gure kultura; gainera, hizkuntzak ere landuko ditugu (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa), ahozko eta idatzizko alderdiak. Teknologiari esker, grabatu eta Interneten zintzilikatzen ditugu audio horiek, QR kodeen bitartez, eskultura ikusten ari den edonork entzun ahal izateko. Herriko erakundeekin lan egiteak hezkuntza eta partehartzea suspertzen ditu. Gure ikastetxean, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza ezarri dugu DBHko lehenengo zikloan. Ikasgai, ordutegi eta espazioen mugak apurtu ditugu, horrelako dinamikak abiarazteko. BIZI izena jarri diogu, dinamika biziak direlako eta bizitzarekin lotzen dugulako.

Iraultza teknologikoak ekarri dizkigun erronkak goi mailako langile gaituak eskatzen ditu, bai eta ohiko lanpostuetan aritu direnen moldaketa ere. Badugu nahikorik edo ondo trebatutako profesionalen premia dago?


Aldaketarako eta ikasteko prest dauden pertsonak heztean dago gakoa. Gizartea, teknologiak, egunero aldatzen dira, oso azkar. Horregatik, helburu hau bilatzen dituzten egiturak sortu behar dira. Tamalez, urte askoan esan diegu ikasleei zein den erantzun zuzena, eta ez diegu galderak eta erantzunak bilatzen utzi.

Zu kode ireki eta software askearen aldekoa zara, baina badirudi gaur egun sistema eragile (Linux, esaterako) eta aplikazio libreek ez dutela horrenbesteko erabilerarik. Garai batean pil-pilean zegoen kontua bazen ere, orain ez du horrenbesteko oihartzunik. Zein da arlo horren egungo egoera?


Software librea oso zabalduta dago. Kasu gehienetan, ez gara ohartzen erabiltzen dugun hori software librea denik. Adibidez, egunero Interneten ikusten ditugun web orrien zerbitzariek software librea erabiltzen dute. Androiden zatirik handiena software librea da. Egia da mahaigaineko sistema eragileetan Linuxrk oso kuota txikia daukala, baina gai honetan baikorra naiz. Bestalde, gaur egun hodei‐konputazioak gero eta garrantzi handiagoa dauka: bezeroetan baino, datuak non dauden, haiekin zer egiten den eta noren menpe dauden kontuan izan behar dugu. Oso modu axolagabean ari gara ematen gure datuak enpresa erraldoiei, eta haien
morroi bihurtzen ari gara. Nik gai honetan jarriko nuke argi gorria.


Kode irekiak eta lankidetzan garatzen diren doako aplikazioak erositakoak bezain !idagarriak ote dira? Zergatik kode irekiko sistema eragile eta aplikazioak ez dira horren erabiliak?


Software baten atzean enpresa handi bat egoteak segurtasuna ematen die askori. Software librea garatu eta zabaltzen duten erabiltzaileak oso eskuzabalak dira, eta enpresa handi batek eman dezakeen zerbitzua baino eraginkorragoa da. Beste kontu bat: bateragarritasuna. Libre Office eta Microsft Office bateragarriak
dira %90ean. Jende askori %10 horrek atzera eragiten die. Bukatzeko, aplikazioen aukerak. Argazkiak prozesatzeko balio duen The Gimp programa erabiltzaile arrunt baten behar guztiak asetzen ditu. Zertarako behar dut Photoshop? Ikasleek askotan galdetzen didate: zein da programarik onena X egiteko? Nik galdera bueltatzen diet: zein da kotxerik onena? Onena zertarako? Onena zertan?

Zeintzuk dira, zure ustez, enpresa eta saltoki txikiek Interneten izan ditzaketen aukerak, aipatutako saltzaile erraldoi horien konpetentzia garaiezina izanik?


Duela urte batzuk banaketa eta salmenta arloan denda txikiak besterik ez zeuden: harategiak, arraindegiak, fruta‐dendak, zapata‐dendak… Poliki‐poliki supermerkatuak eta hipermerkatuak agertzen hasi ziren enpresa handien menpe. Orain, eskala beste maila batetara igo da: Amazon eta AliExpress bezalako makroenpresek
denetarik saltzen dute, eta “marketplace” funtzioa ere betetzen dute. Badirudi erraldoi hauen goseak ez daukala inongo mugarik. Bitxia da duela urte batzuk denda txikien kexa hipermerkatuetara zuzenduta zegoela, eta, orain, hipermerkatu eta denda txikien kexa eta beldurra Amazon bezalako erraldoiei zuzenduta dagoela. Orain, muga gure planeta da. Bitartean, baserritarren produktuak Tolosako azokan saltzen dira, baita Interneten ere. Produktuek, zerbitzuek eta gure lanpostuek garrantzia daukaten bitartean, merkataritza
lokalak bere lekua izango du, aberastasuna bertan gelditzen delako.


Zer sorpresa berri ekarriko dizkigute teknologia berriek hurrengo urteetan? Zer da etorkizunak ekarriko diguna?


Teknologiaren arloan gehien beldurtzen nauen arazoa desjabetzea da. Teknologia gero eta arrotzago bihurtzen ari zaigu. Gero eta gehiago erabiltzen dugu, baina bezero tonto moduan. Ez dakigu nola funtzionatzen duen, eta ez digute erakutsi nahi. Gure datuak eta gure seme‐alabenak ematen dizkiegu musu‐truke, eta haiek negozioa egiten dute. Gero eta zerbitzu gehiago eskainiko dizkigute erraldoi teknologikoek, baina hasierako “salbatzaile” ilusioa “zurrupatzaile” bihurtzen ari da, gero eta nabarmenago.
Ez da nire intentzioa etorkizun iluna margotzea, argi gorri bat piztea baizik.