Gizarte Segurantzak aitortu egin du TESA edo Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresetako instalazioetan azpikontratatutako langile gisa lan egin zuen soldatzaile batek biriketako minbiziaren jatorri profesionala duela, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez.

Sindikatuak astelehen honetan ohar baten bidez adierazi duenez, Gipuzkoako Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Zuzendaritza Probintzialak ebazpen bat eman du 60 urteko behargin horren gaixotasuna bere lan-baldintzei egozteko.

CCOOren arabera, Osalanen txostenak adierazten du kaltetuak soldadura-keak eta hainbat metalen oxidoen partikula metalikoak jasan behar izan dituela.

Institutu honek egindako txostenean jasotzen denez, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak uste du nahikoa ebidentzia dagoela biriketako minbizia soldadura-kearen eraginpean egotearekin lotzeko.

Comisiones Obrerasek gogorarazi duenez, martxoan beste langile baten kasuaren berri eman zuen. Langile horri laneko gaixotasun gisa aitortu zitzaion zeukan siderosia, eta bere lan-jardueran burdin hautsaren eraginpean egotearen ondorio zen.

Sindikatuak gogorarazi nahi izan die kaltetutako langileei “arnas aparatuko gaixotasun profesionalak daudela amiantoaren eta silize-hautsaren eraginpean egotetik harago”.

Egilea Andoni Beitia