Lanbidek 280.000 euro erabiliko ditu 400 pertsona prestatzeko

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Talentu Digitala Sustatzeko VASS Fundazioari zuzeneko diru-laguntza ematea onartu du astearte honetan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden 400 langabeturi gaitasun digital aurreratuetan prestakuntza emateko, arlo teknologikoetan lanpostuak lortzeko aukera izan dezaten.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, erakunde horri 280.000 euro ematea onartu da. Helburua talentu digitala babestea eta bultzatzea da, eta ‘Developers from Euskadi’ sustatu du, gaitasun digital aurreratuetan kualifikatzeko prestakuntza garatzera zuzendutako enplegurako prestakuntzako proiektu esperimental gisa.

Lanbideren bidez, 400 langabe edo lan-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsona aukeratuko dira ‘Programazio-oinarriak’ prestakuntza-programa egiteko. 60 orduko iraupena izango du, eta parte-hartzaileak arlo horretan hasi nahi ditu. Ez da beharrezkoa aldez aurretik ezagutza teknikorik izatea.

Prestakuntza-aldi horren ondoren, gainditzen duten lehen 100 pertsonak 600 orduko ‘Full Stack Development’ izeneko bigarren fasera igaroko dira. Fase horrek programatzaile profesional lanak egiteko gaituko ditu, bai web-diseinuaren esparruan, bai aplikazioen eta datu-baseen programazioan eta kudeaketan.

Bi programak online modalitatean emango dira, tutore elebidunekin, eta parte-hartzaile bakoitzak aukeratuko du zein hizkuntzatan egin nahi duen. Proiektua 2022ko ekainaren 1etik 2023ko azaroaren 15era bitartean gauzatu beharko da.

Ekimen honek 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuetako bati erantzuten dio, “Enplegu erresilientea”, ekoizpen-sistemara egokitzen dena, pertsonen ezagutza lurralde baten lehiakortasun-aktibo handia delako premisatik abiatuta. Ezartzen du euskal enplegu-politikak talentuaren aldeko apustua erabat indartu beharko duela, prestakuntzaren dimentsioa areagotuz eta optimizatuz.