Eustaten datuen arabera, Euskal AEko Eraikuntzaren kostuen indizea % 0,7 jaitsi da 2022ko uztailean, aurreko hilaren aldean. Aurreko urteko hil beraren aldean, kostuak % 10,6 igo dira.

Obra Zibileko kostuak % 2,1 jaitsi dira hil artean, eta Etxegintzaren sektorekoak % 0,4. 2021eko uztailarekin alderatuta, prezioak % 14,1 igo dira Obra Zibilean eta % 9,9 Etxegintzan.

Aurreko hilaren, 2022ko ekainaren, aldean, lehengaien kostuak % 0,9 jaitsi dira, eta eskulanaren kostua, ordea, egonkor mantendu da (% 0,0). Urte arteko terminoetan, lehengaien kostua % 12,2 igo da, eta eskulanarena % 5,8.

Etxegintzaren sektorean lehengaien kostua % 0,5 jaitsi da hil artean, eta Obra Zibilarenean % 2,7. Urte arteko bilakaeran, Etxegintzako lehengaien kostuak % 11,2 hazi dira, eta Obra Zibilekoak % 16,6.

Eraikuntzaren sektorean kontsumitu diren lehengaien prezioetan, 2022ko uztailean igoera handienak izan dituztenak, 2021eko uztailaren aldean, sektore hauetan dira: Petrolioa fintzea (% 65,3 gora), Energia elektrikoa eta gasa (% 48,2) eta Metalurgia (% 32,1). Lehengaien prezioetan igoera neurrizkoenak izan dituzten sektoreak, aldiz, honako hauek izan dira: Altzarien fabrikazioa (% 4,8ko igoera) eta Material elektrikoa eta Makineriaren fabrikazioa (% 5,0ko igoera bi kasuetan).

Egilea Andoni Beitia