EAEko hotel-establezimenduetako sarrerak % 11,2 handitu dira

2022ko abuztuan, Euskal AEko hotel-establezimenduetako sarrerek % 11,2 egin dute gora, eta ostatu-gauek, % 7,5, urte arteko terminoetan, Eustaten datuen arabera. Sarrerak, guztira, 397.611 izan dira, eta ostatu-gauak, 839.058. 2019ko abuztuan, COVID-19aren aurrekoan, zifrak baxuagoak izan ziren: 357.035 sarrera eta 780.269 ostatu-gau.

2022ko abuztuan, sarrera guztien % 49,0 eta ostatu-gauen % 45,1 atzerritarrenak izan dira. Zifra horiek nabarmen gainditzen dituzte 2021eko abuztuko zifrak, orduan % 31,2 eta % 27,0 izan baitziren, eta, neurri txikiagoan, baita 2019ko abuztukoak ere (sarreren % 47,9 eta ostatu-gauen % 43,5 atzerritarrenak izan ziren).

2022ko abuztuan, hotel-establezimenduetako sarreren % 14,1 Araban kontabilizatu dira, % 47,2 Bizkaian eta % 38,7 Gipuzkoan. Ostatu-gauak direla eta, Araban 105.370 kontabilizatu dira, guztizkoaren % 12,6; Bizkaian, gora egin du kopuruak eta 387.828 izan dira, guztizkoaren % 46,2, eta, Gipuzkoan, ostatu-gauak 345.860 izan dira, Euskal AE osoan erregistratutako guztien % 41,2.

Aurreko urteko hil bereko sarrera eta ostatu-gauekin alderatuta izan diren gorakadak, lurralde historikoaren mailan, ez dira homogeneoak izan. Sarrera kopuruan, Bizkaiak urte arteko % 17,3ko hazkuntza izan du, Arabak % 13,0koa eta Gipuzkoak % 3,9koa. Ostatu-gauen kasuan, urte arteko aldakuntzak % 9,8koak izan dira Bizkaian, % 7,4koak Araban eta % 5,0ekoak Gipuzkoan.

Hiriburuka, sarrera kopuruak, urte arteko terminoetan, % 18,4 egin du gora Bilbon, % 14,9 Vitoria-Gasteizen eta % 3,6 Donostian. Antzera, ostatu-gauen igoera % 11,6koa izan da Bilbon, % 9,3koa Vitoria-Gasteizen eta % 5,3koa Donostian.

2022ko abuztuko batez besteko egonaldia 2,11 egunekoa izan da Euskal AE osoan, 2021eko hil berekoa baino baxuagoa, 2,18 egunekoa izan baitzen.

2022ko abuztuko okupazio-maila, Euskal AEn, oro har, plazen arabera neurtuz gero, % 78,4koa izan da, eta % 85,3koa, gelen arabera neurtuz gero. 2021eko abuztuarekin alderatuta, ehuneko 1,3 eta 2,7 puntu areagotu dira, hurrenez hurren. 2019ko abuztuko okupazio-mailen balioak ia osorik berreskuratu dira, % 79,6koak izan baitziren plazetan eta % 84,9 logeletan.

124,70 euroko ADR errentagarritasuna

Errentagarritasuna, ADR edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtua, Euskal AE osoan, 124,70 eurokoa izan da 2022ko abuztuan; alegia, % 15,42 areagotu da, aurreko urteko abuztuaren aldean. Gipuzkoaren kasuan, 156,18 eurokoa izan da ADRa; Bizkaian, 106,39 eurokoa, eta, Araban, 90,78 eurokoa. Hiriburuka, aldeak handiagoak dira; izan ere, ADRa 197,23 euro izan da Donostian, 118,07 euro Bilbon eta 79,44 euro Vitoria-Gasteizen.

RevPar edo hileko gela eskuragarriko diru-sarrerak, Euskal AE mailan, 106,35 euro izan dira 2022ko abuztuan, aurreko urteko hil berean baino % 19,3 handiago.

Ostatu-gauek Euskal AEko hotel-establezimenduetan 2022ko uztailean eta abuztuan izan duten bilakaerak agerian jartzen du Covid-19aren aurreko ekitaldietako hil beretako zifrak berreskuratu direla.

Bi hil horietan, Euskal AEn 780.797 pertsonaren sarrerak eta 1.605.078 ostatu-gau izan dira. Sarrera eta ostatu-gauen bolumen horrek nabarmen gainditzen ditu 2019ko uztailean eta abuztuan kontabilizatutakoak; urte horretan, 685.117 sarrera eta 1.472.683 ostatu-gau izan ziren. Eta are gehiago gainditzen ditu 2021ekoak, COVID-19aren pandemiak ekarri zituen ondorioen eraginpean izan ziren udakoak (649.848 sarrera eta 1.349.177 ostatu-gau).

Euskal AEko hotel-establezimenduetan udako bi hileko aldi horretan izan diren okupazio-mailek agerian jartzen dute, era berean, hotel-jarduera berreskuratu dela; % 75,2koa da, plazen arabera neurtuta, eta % 83,0koa, logelen arabera neurtuta. Lurralde historikoaren mailan, logelen araberako okupazio-maila % 87,8 izan da Gipuzkoan, uztailean eta abuztuan. Araban ere gorakada izan da, aurreko urteekin alderatuta, eta, 2022an, % 78,6ra iritsi da. Bizkaian, logelen araberako okupazio-maila % 80,3 izan da, 2019ko hil beretan erregistratutakoa baino baxuagoa.