Euskadi Bono Dendak deskontu-aldi berri bati hasiera emango dio astelehen honetan, eta abenduaren 4an amaituko da, Gabonak baino lehen kontsumoan “bailara” batean salmentak suspertzeko helburuarekin.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jo zuen programaren zuzkidura handitzea, hasieran aurreikusitako 5 milioi eurotik 9 milioi eurora arte, sustapenaren lehen aldiko emaitza onak eta euskal txikizkako merkataritzaren salmentak suspertzean lortu zen bultzada zirela eta.

Programa hau Eusko Jaurlaritzak Ukrainaren inbasioak ekonomian eragiten dituen ondorioen aurrean zabaldutako neurri osagarrien barruan kokatzen da. Aurrekontu-gehikuntzari eta truke-aldi bien artean igarotako denborari esker, kanpainaren aurretiko baldintzak aldatu ahal izan dira; beraz, pertsona bakoitzak gehienez bost deskontu-bonu batu ahal izango ditu, 50 euroko balioarekin truke-aldi bakoitzeko.

Hau da, pertsona batek lehen aldian esleitutako bonu guztiak kontsumitu dituela alde batera utzita, kontsumitzailearen ondorioetarako, beste kanpaina bat balitz bezala ulertzen da tarte berri hori. Bonu honen helburu nagusia tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea da, prezioen igoeraren ondorioz noizbehinkako ondasunetan batez ere uzkurtu egin baita.

Autonomoek, mikro-enpresek eta merkataritza-enpresa txikiek kudeatzen dituzten establezimenduek erabili ahal izango dute, mota askotako produktuekin: ehungintza, oinetakoak, drogeria, burdindegia, etxeko ekipamendua eta dekorazioa, liburuak, papergintza eta abar.

Gainera, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenak sartu dira, hala nola ile-apainketako aretoak eta edertasun-institutuak, garbitegiak, tindategiak, argazki-zerbitzuak eta markoztatze-zerbitzuak. Euskadin atxikitako establezimenduei buruzko informazioa Euskadi Bono Dendaren webgunean kontsulta daiteke.

Egilea Andoni Beitia