La Morea merkataritza-guneko H&M dendan 18 langile daude, ELAko ordezkari batek ordezkatuta. 8k bakarrik dute lanaldi osoa, eta gainerakoetatik gehienek lanaldi erdian egiten dute lan. Lanaldi osoa dutenen soldata 1.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoek, beraz, 500 euro inguru irabazten dute hilean, sindikatuak salatu duenez. Azken urteotan erosteko ahalmenaren % 20 baino gehiago galdu dute, soldata izoztuta baitute 2009tik.

Langileak greban daude abenduaren 9tik, lan-baldintzak hobetzeko. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: soldatak hobetzea, igande eta jaiegunetan irekitzearen aurkako neurriak hartzea, partzialtasuna murrizteko benetan lantzen diren lanaldiak finkatzea eta online salmentak lanposturik ez suntsitzea.

Enpresak 822 milioi euro fakturatu ditu 2020tik 2021era bitartean, eta 20 milioi euro dibidenduetan banatu dizkie akziodunei. Horregatik, langileek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dute enpresa-hitzarmen bat negoziatzera behartzeko.