Azaroaren erdialdean Europako industria-sektorearen fokuan egongo da Euskadi. Bilbao Exhibition Center-en (BEC) egingo da ETE-en Europako Astea (SME Week 2023). Bere agendan sartuta daude honako hauek: SME Assembly, Europe Enterprise Network (EEN) sarearen urteko bilera eta Basque Open Industry, Euskadiko ekosistema industrial eta teknologikoaren ordezkaritza bat Europako beste txoko batzuei erakusteko baliagarria izango den egitasmoa.

“Europako Batzordeak berrikuntza handiko lurralde izendatu du Euskadi, lehen mailako herrialdeen artean kokatua, gure jarduera berritzailea Europar Batasuneko batezbestekoa baino % 10 altuagoa baita, eta, Estatuan, batezbestekoaren oso gainetik baikaude (+% 23)”, adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburuak. “Berrikuntza-maila horietara heltzeko, gure industria ETE-en bitartez sostengatu da nagusiki, eta ETE horiek oso nazioartekotuta daude eta beren lekua aurkitzen jakin dute; batzuetan, gure enpresa handi batzuei lagunduz eta, beste batzuetan, beren bidea eginez, ezkutuko irabazleen modura”.

Programaren barruan konferentziak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak daude, elkarri lotuta dauden hiru blokeren egiturarekin; batetik, talentua; bestetik, industria adimendunerako joerak eta; horrez gain, trantsizio energetiko-ingurumenekoak eta teknologiko-digitala. Halaber, aukera ona izango da Euskadiko ETE-entzat hainbat sektorerekin eta berrikuntzarekin, nazioartekotzearekin eta ekintzailetzarekin lotutako eragileekin interakzioa izateko.

Gainera, hitzaldiez gain, Basque Open Industryn (BOI) erakusketa-eremu bat egongo da, ETE-en Euskadiko ekosistema ordezkatzen duten enpresa batzuen gaitasuna erakusteko. Hainbat espezializazio-arlotan banatuta egongo dira, hala nola zibersegurtasuna; nazioartekotzea; zentro teknologikoak, Basque Research & Technology Alliancen (BRTA) eskutik; adimen artifiziala, Basque Artificial Intelligence Centeren (BAIC) presentziarekin; konpetentzia digitalak eta startupak. Guztira, 80 erakusketari inguru espero dira.