Laudioko Gometegui Industrial enpresa industria astunerako eta energia berriztagarrietarako metalezko osagai handietan espezializatuta dago, eta instalazio berrietan sei milioi euroko inbertsioa egitea eta 30 pertsona kontratatzea aurreikusten du. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak enpresaren instalazioak bisitatu zituen atzo, Javier Zarraonandia Industria sailburuordearekin eta Mikel Amundarain Industria eta Energia Trantsizioko zuzendariarekin batera, eta konpainiako zuzendari nagusi eta bazkide nagusi Diego Sanchez Morenok, Jesus Gonzalez Delgado gerente eta bazkideak eta Jorge Sanchez Moreno bazkideak hartu zituzten, Exekutiboak jakinarazi duenez.

Tapiak Gometegui Industrialek nazioarteko bezero handiak erakartzeko egindako ahalegina azpimarratu zuen, baina, batez ere, “Aiara bailararekin duen konpromiso handia, bere jarduerak aberastasun eta lan moduan eragiten baitu”. Nabarmendu zutenez, Gometegui Industrialena “ematen ari diren trantsizioen eskutik iritsiko diren aukera berrien” adibideetako bat da, “Eusko Jaurlaritzaren Basque Green Deal aurkeztu berrian ere jasotzen direnak”.

Duela 40 urte baino gehiago sortutako enpresa 2018ko urrian esleitu zioten jabetza berri bati, hartzekodunen konkurtso baten ostean. Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, “Jabego berriak jarduerarekin jarraitzeko eta merkatuen dibertsifikazioan eta operazioen bikaintasunean oinarritutako hazkunde plan estrategiko bat martxan jartzeko erronkari aurre egin behar izan dio”. “Urte hauetan, jarduerari eta lanpostuei eusteaz gain, hamar kontratu mugagabe berri egin dituzte, eta aldi baterako 28 kontratu”, nabarmendu du Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailak.

Lan horrek nazioarteko bezero handien arreta bereganatzea lortu du sektore eolikoan, hidroelektrikoan eta meatzaritzan, datozen urteetan hazteko eta hedatzeko garai bati aurre egiteko aukera ematen baitute, aukera berri horiei erantzuteko. Gometegui Industrial enpresak gaur egun lau nabe ditu, 10.000 metro karratu baino gehiagoko azaleran estaliak, eta 200 tonaraino igotzeko ahalmena du.

Avatar

Egilea Andoni Beitia