JOSÉ MIGUEL AYERZA / Adegik Urteko Batzar Nagusia egin berri du, eta horren harira aurkeztu ditugu enpresei egin diegun Koiunturari buruzko Inkestaren emaitza nagusiak. Ondorioek erakusten dute Gipuzkoako enpresen eta ekonomiaren konfiantzak behar bezala aurrera egiten duela. Hain zuzen ere, aurten Gipuzkoako ekonomia % 4,5 eta % 6,5 artean haziko dela eta 3.000 eta 3.500 lanpostu garbi artean sortuko direla aurreikusten dugu.

Hala ere, sektoreen bilakaera oso desberdina da. Enpresaren balio-katearen edo lehentasunezko merkatuen egoeraren arabera, egoera zuritik beltzera alda daiteke. Oro har, industria, eraikuntza eta enpresentzako zerbitzuak nabarmen hobetu dira ia adierazle guztietan. Aitzitik, kontaktu pertsonala behar duten zerbitzuek (hotelak, merkataritza eta ostalaritza) oraindik maila baxuan jarraitzen dute.

Enpresen konfiantza

Enpresen konfiantzari dagokionez, % 42k uste du beren merkatuak suspertzen ari direla, eta zifra horrek gainditu egiten du pandemiaren aurretik 2020ko urtarrilean genuena. Enpresen % 23k uste du oraindik atzeraldian daudela. Hurrengo hilabeteetarako, enpresa gehienek (% 57,3) uste dute beren merkatuak suspertzen ari direla, eta % 16k uste dute atzeraldian egongo direla. 2019an izan genituenak baino askoz datu hobeak dira. 2018ra jo behar da antzeko erregistroak aurkitzeko.

Beste datu garrantzitsu bat eskaeren zorroa da; izan ere, hurrengo hilabeteetan jarduerak zer bilakaera izango duen esaten digu. 2020ko maiatzean, enpresen % 76rentzat eskaera-maila jaitsi zen. Urtebete geroago, % 21 dira, eta zifra hori datuak ditugun urteetako batez bestekoan dago. Bestalde, 2020ko maiatzean, enpresen % 6,3k esaten zuen beren eskaerak areagotu egiten zirela, eta urtebete geroago, hirutik batek. Gure kalkuluen arabera, eskaera-zorroak % 5 haziko dira aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta horrek nolabaiteko bermea ematen dio jarduerari.

Egilea Admin