Donostiako start-upak sortutako gailuek estimulazio elektriko funtzionala erabiltzen dute nerbioak eta giharrak aktibatzeko nerbio-arazoak dituzten gaixoengan.

Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikotik, Fesia Tech­nology enpresa gazteak nerbio-sistema zentralean gaixotasunak edo lesioak dituzten gaixoak errehabilitatzeko gailu medikoen belaunaldi berri bat garatzen dihardu. Lesio hauek iktusa, esklerosi anizkoitza, bizkarrezur-muineko lesioak edo garun-paralisia jasan duten pazienteengan agertzen dira. Estimulazio elektriko funtzionalean (FES) oinarrituta, Fesiak ibilera (Fesia Walk) eta eskua (Fesia Grasp) neuroerrehabilitatzeko gailuak eskaintzen ditu; hala, erabiltzailearen mugikortasunean hobekuntzak lortzen dira.

“Gaixotasun neurologikoek askotan eragiten diote, modu batean edo bestean, kontrol motorraren gaitasunari edo, kasu larrietan, funtzio muskularraren erabateko galerari; hala ere, muskuluaren eroankortasuna eta kitzikagarritasuna bere horretan gelditzen dira. Estimulazio elektriko funtzionalak (FES) korronte elektrikoa erabiltzen du nerbioak aktibatzeko, eta, ondorioz, giharrak aktibatzeko”, azaldu dute Donostiako start-upeko kideek. Teknologia hori optimizatzeko, eremu anitzeko elektrodoaren erabilera txertatu du Fesiak, eta horrek, haien esanetan, “nahi diren muskuluen aktibazio selektiboagoa eragiten du. Horrela, gure produktuek errendimendu funtzional hobea dute, eta giharren nekea murriztu egiten da”. Ezaugarri horren ondorioz, gailu malguak, moldagarriak, kablerik gabeak eta interfaze “oso erabilerrazekoak” lortzen dira, enpresa teknologikoaren arabera. Era berean, edozein erabiltzaile, terapeuta edo pazienteri elektrodoen hainbat posizio eta tamaina probatzeko aukera ematen dio, elektrodoa azaletik kendu beharrik gabe. Horrez gain, irtenbideek app bati konektatutako software bat dute, pazientearen errehabilitazio-prozesua monitorizatzeko, jarraipen eraginkorragoa eta egiazkoagoa egiteko aukera ematen duena. Bestalde, app-ak aukera ematen dio erabiltzaileari bere aurrerapenaz jabetzeko, eta osasun-zentrotik kanpo errehabilitazioarekin jarraitu ahal izateko.

Nazioartekotzearen eta ikerketaren aldeko apustua

Zenbait zentro medikok eta gailu eta ekipo medikoen hornitzailek Fesia Walk eta Fesia Grasp dituzte dagoeneko, eta ez Euskadin bakarrik. Donostiako enpresak mundu osoko enpresekin ditu hitzarmenak, hala nola Corpomediarekin Argentinan, Lyncarerekin Irlandan, Applied Technologyrekin Arabiar Emirerri Batuetan, Omanen eta Indian, eta Fysiolinerekin Baltikoko herrialdeetan.

Gainera, 2019an, Hazitek Enpresaren I+G Laguntzeko Programaren finantziazioa jaso zuen. Programa hori SPRI Taldeak ematen du, eta Tecnaliarekin eta ‘Aita Menni’ Ahizpa Ospitalariak Etxearekin lankidetzan proiektu bat garatzeko izan zen. FESKU izeneko proiektua 2021eko martxoan amaitu zen, eta eskuaren eta hatzen mugimenduei buruzko informazioa biltzea zuen helburu, Fesia Graspen erabiltzen den eremu anitzeko estimulazio elektriko funtzionalaren sistemak erabilita.

Ondoren, sistema horren algoritmoak aztertu eta hobetzea zen xedea; “horrela, pertsona bakoitzarentzat estimulazio parametro optimoak ezartzeko gai izan gara”, gaineratu du Fesiak. Halaber, proiektuan aztertu da langile klinikoek eremu anitzeko estimulazio elektrikoko sistemarekiko duten gogobetetasuna, sistema hobetzeko eta etorkizuneko bertsioetan profesional klinikoen behaketetara egokitzeko. Gainera, uztailean Toribio Echevarria sarietan Enpresa Berria kategorian izendatu dute, beste bost proiekturekin batera. Sari hori Eibarko Udalak ematen du, BIC Gipuzkoaren zuzendaritzapean eta SPRI Taldearen UP! Euskadi programarekin lankidetzan, eta ekintzaileei zuzenduta dago. Aurten 22 hautagaitza izan ditu, eta, kategoria honetan, besteak beste, 10.500 €-ko saria ematen da enpresa berri horien garapena eta hazkundea bultzatzeko.