Nekazaritza Lurren Funtsa harrera ona izaten ari dela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak lau hektarea berri erabiliko ditu nekazaritzan aritu nahi duten gipuzkoarrentzat. Lursail horien lagapenak hamar urteko iraupena izango du, eta jarduera profesionalizatzea du helburu.

Aldundiak azaldu duenez, “Lur erabilgarrien gabezia da lehen sektorean profesionalki aritu nahi dutenek aurre egin behar dioten oztopoetako bat”. Gabezia horri aurre egiteko eta nekazaritza-jardueran sartzea errazteko, Aldundiak Nekazaritza Lurren Funtsa jarri zuen martxan duela zazpi urte.

Proiektu hori Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak garatu du, beste erakunde batzuekin batera, eta “lurrak behar dituzten pertsona guztien eskura jarri nahi ditu, nekazaritza-sektorearekin lotutako proiektu profesionalak garatzeko”. Horrela, Aldundiak lursailak egokitzen ditu eta bermeak, konfiantza eta segurtasuna ematen ditu kudeaketan eta erabileran.

Lursail publiko gehienak Lezon daude, Urreleku baserriko lursailetan eta Gaintxurizketako gaineko lursailetan. Guztira, 27 hektarea hartzen dituzte. Lursail berriak ere inguru horretan daude, zehazki, udalerri bereko Olaizola baserriaren lurzoruan, eta, horregatik, Lezoko Udalarekin lankidetzan landu da proiektua. Lurrak ohiko nekazaritza-erabilerarako edo erabilera ekologikorako izango dira.

Avatar

Egilea Andoni Beitia