Euskal ekonomiak hazten jarraituko du 2022an eta langabeziak behera egingo du

Euskal ekonomiak “tentuz” eutsi dio 2021erako % 6,7ko hazkunde-aurreikuspenari, ekitaldi honetako hirugarren hiruhilekoan urte arteko % 3,8ko hazkundea izan ondoren. Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du langabezia-tasa % 10,3koa izango dela aurten, eta % 9,5era jaitsiko dela 2022an, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan Bilbon adierazi duenez.

Ekonomia Berria Foroan egindako hitzaldian, Iñigo Urkulluk “kautelazko itxaropena” den “une” baten aurreikuspen ekonomikoak errepasatu ditu.

“Oraingoz, espero den hazkundea % 6,7an mantentzen dugu, baina zuhurtzia eskatzen duten ziurgabetasunak mantentzen dira, hala nola energiaren prezioa, industria-hornidurarik eza edo inflazioaren gorakada”, adierazi du.

Lan-merkatuari dagokionez, Barne Produktu Gordinaren “gorakada handiak” pandemiaren lehen hilabeteetan galdutako enpleguaren zati bat berreskuratzea ekarri duela adierazi du. Hori dela eta, bera buru duen gobernuak aurreikusten du langabezia-tasa aurten % 10,3koa izatea eta 2022an % 9,5era “jaitsi ahal izatea”.

Iñigo Urkulluk 2021eko hirugarren hiruhilekoan ekonomiak izan duen bilakaerari buruzko datua aipatu du: BPGaren urte arteko hazkundea % 3,8koa izan da Euskadin, eurogunean % 3,7koa eta Estatuan % 2,7koa. Estatu Batuetan, berriz, urte arteko hazkundea % 4,9koa izan da.

Lehendakariak gaineratu duenez, “Sentimendu ekonomikoaren adierazleak hobera egin du urrian”. “‘Kautelazko itxaropen’ horren barruan, 2022rako gure aurreikuspenak euskal ekonomiaren hazkunde positibokoak dira, Barne Produktu Gordinaren % 6,4ko hazkundearekin”, zehaztu du.

Gainera, aurreikuspenen arabera, datorren urtean 10.800 enplegu sortuko dira eta langabezia-tasa % 10etik behera finkatuko da, Gobernu Programaren “helburu nagusia betez”.