Euskal hoteletako sarrerak 2019koak baino handiagoak izan dira

Eustatek landuriko datuen arabera, 2022ko apirilean Euskal AEko hotel-establezimenduetako sarrerak % 207,4 gehitu dira, eta gaualdiak % 206,1, urte arteko terminoetan.

Guztira 288.487 sarrera izan dira, zeinek 534.916 gaualdi ekarri dituzten. 2021eko apirilean 93.844 sarrera eta 174.769 gaualdi izan ziren. Oroitarazi behar da ezen 2021eko apirilean hainbat mugikortasun-murrizketa zeudela indarrean, besteak beste, autonomia-erkidegoen perimetro-itxiera Aste Santuan.

Atzerriko jatorriko pertsonen sarrerak guztizkoaren % 38,8 izan dira aurtengo apirilean, eta gaualdiak % 39,8. Duela urtebete, aldiz, atzerriko jatorriko sarrerak guztizkoaren % 14,1 izan ziren, eta gaualdiak % 15,6.

Hotel-establezimenduetako sarreren % 12,7 Araban izan dira 2022ko apirilean, Bizkaian % 45,5 eta Gipuzkoan % 41,8. Gaualdietan, Araban 67.950 gau igaro dituzte bidaiariek, guztizkoaren % 12,7; Bizkaian 242.822 gaualdi izan dira, orotarakoaren % 45,4; eta Gipuzkoan 224.144 gaualdi zenbatu dira, Euskal AE osoan izaniko guztien % 41,9.

Sarrerak eta gaualdiak nabarmen gehitu dira hiru lurraldeetan. Sarreren kopuruari dagokionez, Bizkaia nabarmentzen da, % 228,0ko hazkundearekin; ondoren Gipuzkoa dator, % 215,9rekin, eta azkenik Araba, % 134,2rekin. Gaualdiei dagokienez, urte arteko aldakuntzak % 229,2 izan dira Gipuzkoan, % 226,9 Bizkaian eta % 109,7 Araban.

Sarrera- eta gaualdi-kopuruak ere nabarmen egin du gora hiru hiriburuetan. Sarrerak % 125,3 gehiago izan dira Gasteizen, % 284,9 Bilbon eta % 257,7 Donostian. Antzera, gaualdiak % 107,0 igo dira Gasteizen, % 319,4 Bilbon eta % 297,2 Donostian.

Euskal AE osotara harturik, 2022ko apirileko batez besteko egonaldia 1,85 egunekoa izan da, 2021eko hilabete berean lorturikoaren antzekoa, 1,86 egunekoa izan baitzen.

Euskal AE osotara harturik, 2022ko apirileko okupazio-mailak % 53,5era iritsi dira plazen arabera neurtzean, eta % 62,1era logelen arabera neurtzean. 2021eko apirilarekin alderatuta, igoerak ehuneko 29,9 eta 31,4 puntukoak izan dira, hurrenez hurren.

Errentagarritasuna, ADRren edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtuta, 88,93 eurokoa izan da Euskal AE osoan 2022ko apirilean. Lurraldeei dagokienez, balioak antzekoak dira: Araban 81,44 eurokoa, Bizkaian 86,73 eurokoa eta Gipuzkoan 93,80 eurokoa. Hiriburuetan, aldeak handiagoak dira; izan ere, ADR Donostian 112,48 eurokoa izan da, Bilbon 94,01 eurokoa eta Gasteizen 67,85 eurokoa.

RevPar (logela eskuragarriko batez besteko diru-sarrerak) Euskal AEn oro har 55,26 eurokoa izan dira 2022ko apirilean, 2021eko apirilean lorturiko 20,39 euroen oso gainetik.

Pandemia aurreko mailak gainditu dira

Azken Aste Santuan Euskal AEko hotel-establezimenduetan 51.974 sarrera zenbatu dira, % 87,4 gehiago aurreko urtekoen aldean. Azken Aste Santuan ere, bestalde, gaualdiak % 126,0 gehitu dira, eta 107.475 izan dira orotara. Hortaz, pandemiaren aurreko mailak gainditu dira sarrera eta gaualdiei dagokienez; alabaina, 2019ko Aste Santuan 46.969 sarrera erregistratu ziren, eta 101.980 gaualdi.

Okupazio-mailak, urte arteko terminoetan, % 78,9 izan dira plazaka eta % 81,9 logelaka, Euskal AE osoan oro har. Portzentaje horiek ehuneko 32,8 puntuko hazkundea adierazten dute plazen arabera neurtuz gero, eta 33,1 puntukoa logelen arabera neurturik. Hala lurraldeetan nola hiriburuetan, aldagai horien balioak bat datoz Euskal AEko balioekin.

Jatorri atzerritarreko turistak sarrera guztien % 31,5 dira, eta gaualdien % 29,1. Hala, gora egin dute pandemiak markaturiko 2021eko Aste Santuaren aldean: % 580,1 eta % 619,4, hurrenez hurren. Jatorri nazionaleko turismoak ere aurreko urtean baino datu hobeak izan ditu: sarrerak % 40,5 gehitu dira, eta gaualdiak % 76,3.

Lurraldeka, aurreko Aste Santuaren aldean positiboa izan da, intentsitate ezberdinetan, jokamoldea: Araban % 33,7 gehitu dira sarrerak, Gipuzkoan % 72,6 eta Bizkaian % 130,1. Era berean, gaualdietan aldaketa positibo hauek gertatu dira: % 34,7 Araban, % 113,1 Gipuzkoan eta % 196,3 Bizkaian.

Joera bera ikusten da, eta are hazkunde handiagoekin, hiru hiriburuetan; Bilbo nabarmentzen da, sarreretan % 141,4ko igoera izan baitu, eta gaualdietan % 226,6koa. Donostian % 85,9 sarrera gehiago izan dira, eta % 128,8 gaualdi gehiago. Gasteizen, azkenik, sarrerak % 42,7 hazi dira, eta gaualdiak % 44,7.