Eustaten datuen arabera, 2022ko maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa 2021eko hil berean izandakoa baino % 9,1 handiagoa izan zen, lan-egutegi homogeneoari dagokionez.

2022ko maiatza aurreko hilabetearekin alderatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-jarduera % 0,7 hazi da, urtaroen eragina zuzendu ondoren.

2022ko maiatzeko indizearen bilakaerak, 2021eko maiatzaren aldean, jokabide positiboa izan du industria-sektore nagusi guztietan: Energiaren sektoreak % 20,2ko hazkundea izan du ekoizpenean (sektore honetan energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea sartzen dira), eta Ekipo-ondasunek (bertan ibilgailu motordunen fabrikazioa, lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza sartzen dira) % 14,4 egin dute gora.

Kontsumo-ondasunek, oro har, % 7,3ko urte arteko hazkundea izan dute, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 9,3ko eta Kontsumo-ondasun iraunkorren % 0,7ko gehikuntzak eraginda. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak epigrafean, elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketa- eta higiene-produktuen fabrikazioa eta janzteko arropen ekoizpena agertzen dira. Etxeko tresnen eta altzarien fabrikazioa dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun iraunkorren sektorean sartzen diren jarduerak.

Urte arteko hazkunderik handiena

Tarteko ondasunek, bestalde, % 3,9 egin dute gora. Azken sektore horretan sartzen dira metalurgiako eta produktu metalikoen fabrikazioko jarduerak, industria kimikoa, eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.

Maila bereiziago batean, euskal industrian pisurik handienekoa duten sektoreen artean, 2022ko maiatzean urte arteko hazkunderik handiena izan dutenak hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 21,9), Garraio-materiala (% 21,8) eta Makineria eta ekipoa (% 11,6). Aitzitik, ekoizpenean jaitsiera izan duen sektore bakarra Kautxua eta plastikoa izan da, % 2,5eko jaitsierarekin.

Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da maiatzean hiru lurralde historikoetan: Araban % 13,3ko igoera izan da, Bizkaian % 9,3koa eta Gipuzkoan, berriz, % 6,3koa.

Egilea Andoni Beitia