Euskal AEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreko enpresak 2020an merkataritza elektronikoaren erabileran nabarmendu ziren, enpresen guztizkoaren datuekin alderatuz; eta % 70,1era iristen zen merkataritza elektronikoa erabiltzen zutenen ehunekoa, sektore guztiak hartuz % 26,9k erabiltzen zuen bitartean, Eustatek landutako datuen arabera.

Gainera, sektore horrek beste urte batez datu positiboak izan zituen 2019aren aldean, eta enpresen kopuruak (% 2) eta enpleguak (% 1) gora egin zuten. 2010etik —eskuragarri dagoen serie historikoaren lehen urtetik— IKTen sektorean sartutako enpresen kopurua % 32,1 hazi da, eta lanpostuena, berriz, % 9,0.

Zehazki, 2020an 2.763 enpresa eta 24.225 lanpostu zenbatu ziren sektore horretan, 2010az geroztik izan diren balio maximoak; enpresen batez besteko tamaina 8,8 pertsonakoa izanik.

Aitzitik, negozio zifra % 4,7 murriztu zen aurreko urtearen aldean, eta balio erantsia % 10,6.

2020an, IKTen sektoreak euskal ekonomiako lanpostuen % 2,4 eta enpresen % 1,8 biltzen zituen. Era berean, balio erantsi osoaren % 2,5 —1.629 milioi— izan zen, eta 4.068,5 milioi euroko negozio-zifrara iritsi zen.

IKT sektoreak, Euskal AEko enpresa guztien % 1,9 bakarrik izan arren, I+G egiten dutenen % 13,8 biltzen ditu, eta 87,0 milioi eurorekin, enpresa-sektorearen barneko I+Gko gastu osoaren % 7,6 egikaritzen du. Gainera, IKT sektoreko enpresen % 7,3k barneko I+G jarduerak egiten ditu, eta portzentaje horrek nabarmen gainditzen du sektoreen guztirakoan erregistratu zena, % 1,0ekoa izan baitzen.

Establezimenduen % 35,2, berritzaileak

2020an, sektore horretan I+Gn 1.549 langile aritu ziren “dedikazio osoko baliokidetzan”; horietatik % 24,8 (385) emakumeak izan ziren. IKT sektorean zeuden I+Gko 1.549 pertsona horiek I+Gn diharduten enpresen sektoreko langileen % 11,2 ziren, eta, era berean, alderatzea I+Gko langile guztiekiko egiten badugu, % 7,9 ziren.

Berrikuntzari dagokionez, I+Gn gertatzen den bezala, alde nabarmenak daude sektoreen guztizkoaren eta IKTen guztizkoaren artean. Horrela, 2020an, IKT sektoreko establezimenduen % 35,2 berritzaileak izan ziren, sektore guztiak kontuan hartuta % 18,6 izan ziren bitartean. Enpresaren tamaina kontuan hartuz gero, “10 langile edo gehiago zituztenen artean” % 53,1eko ehunekoak lortu ziren, eta % 31,4 sektore guztiak kontuan hartuta.

Berrikuntza-jardueretan egindako gastuaren inguruan, IKT establezimenduek 223,6 milioi euro bideratu zituzten, sektore guztien gastuaren % 8,0. Gastu horretatik 161,3 milioi “10 langile edo gehiagoko” establezimenduei zegozkien, hau da, tamaina horretako enpresek gastatutako guztizkoaren % 6,8.

IKT sektoreak ere sektoreen guztizkoak baino baliabide-proportzio handiagoa bideratu zuen I+G+Bra, gastura bideratzen dituen zifrek adierazten duten bezala, bai berrikuntzan, bai barneko I+Gn negozio-zifrarekin alderatuta (intentsitate-ratioak berrikuntzan eta barneko I+Gn). Zehazki, berrikuntzaren intentsitatea 4,2koa da sektore horretan, sektore ekonomiko guztiak kontuan hartuta 1,8koa den bitartean. Barneko I+Gren kasuan, ratioa 2,2koa da IKTen sektorean, eta 0,9koa guztizkoan.

IKT sektorean oso garatua dago

IKT teknologien erabilera oso hedatuta dago sektore honetako enpresetan, eta Internet eta posta elektronikoa % 100era iristen dira; sektoreen guztirakoan, berriz, enpresen % 90 baino pixka bat gehiagora Era berean, IKT sektorean web orriak dituzten enpresak % 75,3 dira eta sektoreen guztirakoan % 56,4.

Merkataritza elektronikoa ere gainerako sektoreetan baino dezente garatuago dago. IKT sektorean bitarteko horren bidez erosi zuten establezimenduak % 68,9 izan ziren eta salmentak egin zituztenak % 11,0, sektoreen guztizkoan % 24,0 eta % 7,6 izanik, hurrenez hurren. Horren ondorioz, merkataritza elektronikoa IKT establezimenduen % 70,1ean zegoen 2020an, eta sektoreen guztizkoan, berriz, % 26,9an.

Bestalde, IKT sektoreak ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina maila ez oso esanguratsuetan mantentzen da: esportazioak 338,9 milioi euro izan ziren —guztira 21.124,2 milioi—, eta inportazioak 515,8 milioi — inportazioak guztira 15.868,4 milioi—, hau da, % 1,6 eta % 3,3, hurrenez hurren.

Truke horietako produktu ohikoenen artean, esportazioetan, Beste IKT produktu batzuk (% 38,5) eta Osagai elektronikoak (% 38,1) nabarmentzen dira, eta inportazioetan, Telekomunikazio-ekipoak (% 33,8), Beste IKT produktu batzuk (% 30,1) eta Osagai elektronikoak (% 21,1).

Egilea Andoni Beitia