Eustaten datuen arabera, Euskal AEko industriako prezioek % 2,7 egin dute behera 2022ko uztailean, aurreko hilaren aldean. Uztaileko urte arteko tasa, zeinek azken hamabi hilabeteetan industria-prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen baitu, % 23,3koa izan da.

Azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen, 2022ko uztailean, sektore hauek izan dituztela hazkunderik nabarmenenak prezioetan, aurreko hilaren aldean: Industria kimikoa (% 2,5), Kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral ez-metalezko batzuk (% 1,0) eta Ura (% 0,9). Aitzitik, prezioetan hilabete arteko jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak hauek izan dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 9,0ko jaitsierarekin), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 4,5ekoarekin) eta Erauzketa-industriak (% 2,6koarekin).

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, Kontsumo-ondasunetan prezioak ez dira aldatu 2022ko ekainarekin alderatuta, ez Kontsumo-ondasun iraunkorretan, ez Kontsumo-ondasun ez-iraunkorretan. Bitarteko ondasunen prezioak, aldiz, % 1,2 jaitsi dira, eta Ekipo-ondasunenak % 0,3. Azkenik, Energiaren prezioak % 7,3 jaitsi dira.

Urte arteko terminoetan, 2022ko uztailean 2021eko uztailaren aldean, prezio-hazkunderik handienak honako adar hauetan izan dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 65,3ko igoera), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 48,2ko igoera) eta Industria kimikoa (% 29,5ekoa). Urte arteko terminoetan prezioetan jaitsiera izan duen sektore bakarra Garraio-materialaren fabrikazioa izan da, % 0,1 jaitsi baita.

Ondasun-talde handietarako prezioen urte arteko aldakuntza, helburu ekonomikoaren arabera, positiboa izan da guztientzat: Energiaren prezioak % 58,3 igo dira, Bitarteko ondasunenak % 19,0 eta Ekipo-ondasunenak % 4,3. Kontsumo-ondasunek, orotara, % 10,3ko hazkundea izan dute, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioek % 11,2ko igoera izan dutelako, eta Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak % 4,2 igo direlako.

Egilea Andoni Beitia