Ziurrek ekintza-plan berri bat diseinatu du, enpresen hornidura-katean segurtasuna indartzea, zibersegurtasuneko gorabeherak kudeatzeko prestakuntza bultzatzea eta profesionalak eskatzen dituen sektore batean talentua sortzen laguntzea aurreikusten duena.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak itxi duen IndustrySec kongresuan jakinarazi ditu zentroak datozen hilabeteetarako dituen ekintza nagusiak.

Bere hitzaldian, elkarlanaren funtsezko balioa azpimarratu du, Gipuzkoako industriaren lehiakortasunari eusteko, gaur egungo eraldaketa- eta ziurgabetasun-testuinguruan.

Bestalde, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak nabarmendu duenez, Ziur finkatutako errealitatea da, eta erreferentziazko agentea industria-enpresa txiki eta ertainentzat.

Adierazi duenez, Aldundiaren laguntzei esker, ia 300.000 euroko zuzkidura duten 27 enpresa eta zentro proiektu babestu dira aurten, eta gogorarazi du luzatu egin dela industria-produktuen diseinuan zibersegurtasuna ezartzeko lerro ekonomikoaren epea eta zuzkidura.

Gaineratu duenez, gure enpresa asko hornikuntza-kate zabalagoen parte dira, enpresa handiagoen hornitzaile, eta horiek gero eta produktu ziberseguru gehiago eskatzen dituzte; beraz, gure lehiakortasunerako funtsezko faktorea da.

Bestalde, Koldo Peciña Ziurreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, zentroak lehentasunezko hiru ekintza-ildo jarri ditu abian, enpresei hornidura-katearen segurtasunarekin lotutako guztian laguntzeko.

Egilea Andoni Beitia