Getxoko ekintzaileek sinergiak batu dituzte krisiari aurre egiteko

Inork ez du pentsatu nahi herri bat dendarik eta negoziorik gabe, hau da, etorkizunik gabe. Horregatik, Getxoko ekintzaile talde batek kanpaina bat bultzatu du hurbileko merkataritzaren garrantzia eta udalerriko eragile ekonomiko gisa duen balio soziala aldarrikatzeko. Osasun krisiak lurrikara eragin badu ere, bat egin dute sinergiak bilatzeko, zubiak eraikitzeko eta errealitate ekonomiko gogorrari aurre egiten saiatzeko.

Lankidetza-sare bat, talde eragile batek bultzatua eta Getxolanen aterkipean ehundua –Getxoko Udalaren ekonomia sustatzeko zerbitzua–, merkatarien eta ekintzaileen arteko lotura eta eragile dinamizatzaile gisa. Hala, konfinamenduaren ondoren, euren negozioak berriro irekitzearekin batera, erabaki zuten basamortuko bidaia luze honetan beraiengan konfiantza izaten jarraitu duten pertsona horiei guztiei eskerrak emateko unea zela, eta, aldi berean, pertsianak betiko itxita egongo ez diren bizitzaz beteriko herri bat aldarrikatu zuten.

Horretarako, hainbat sektoretako hamabost establezimenduk bideoklip batean parte hartu dute. GetxoAktibatu kanpainaren barruan dago, esperientziak eta ezagutza trukatzeko auzo-sarearen barruan, eta komunitate digital handi bat eratu du.

“Aldaketa handiak norberak hasten dituela eta elkarrekin hobeak garela adierazi nahi genuen”, laburbildu du Josu Abeytuak, bidaia turistikoen kudeatzaile, ekintzaile eta kanpainaren zuzendaritzaren arduradunak. Raquel Onzain –Reitxel O.– abeslariak konposatu du kanpainaren musika. “No hay Getxo sin ti/Ez dago Getxo zu barik. Hemen gaude zuretzat” lelopean, kontzientziak piztu, kide izatearen sentimendua sustatu eta hurbilen dauden saltokiei balioa eman nahi diete.

Ildo horretan, bizitza osoan berrasmatzen jakin duten saltoki horietako bat Algortako Lindau Tejidos da. Oriente Enriquez arduradunak azaldu duenez, egun batetik bestera bere negozioa konfinamenduak ixten zuela ikusteak shocka eragin zion. “Lehen astean, antsietatearekin egon nintzen. Ez genekien zenbat denbora egon beharko genuen horrela”, gogoratu du. Maiatzaren 10ean, jarduerara itzuli zen, baina, denbora horretan, Ori –haren bezero gehienek izen horrekin ezagutzen dute– bere negozioaren alderdiak hobetzean zentratu zen, berriro ireki ahal izateko. Adierazi duenez, “bi hilabetez prestakuntza jaso nuen Getxolanen bidez, nire negozioaren digitalizazioarekin, sare sozialekin eta abarrekin lotutako alderdiak hobetzeko”. Ikaskuntza horri esker, bultzada bat eman die bere webguneari eta on line salmentari. “Aurrekoan jokoz kanpo harrapatu gintuen; orain prestatuago gaudela uste dut”, laburbildu du. Eskaerak Internet bidez izapidetzen ditu, eta komunitate birtual bat sortu du bere bezeroekin, bere produktuei buruzko informazioa eta aholkuak emateko. “Konfinamendutik jende gehiago hasi da josten, entretenitzeko eta ihes egiteko. Jaietako mozorro eta jantzietan salmentak galdu ditugu, baina maskarak egiteko oihal gehiago ere saltzen dira”, gaineratu du.

Kontzerturik gabe

Reitxel O abeslariak COVID-19aren kalteak nabaritu ditu. Kulturaren sektorea izan da kaltetuenetako bat, kontzertuak, jaialdiak eta abar bertan behera utzi dituztelako. “Garrantzitsua da kultura babestea. Musikarik gabeko bizitzak ez du zentzurik”, azpimarratu du. Horregatik, bere taldearen entseguekin jarraitu nahi du, bere abestietan lan egin eta berriz dantzatu ahal izateko prestatu. Zaila da, halaber, turismoaren sektoreak bizi duen unea. Josu Abeytua Zona Norte enpresaren arduradunak gogora ekarri du iaz esan zuela “2020a gure urtea izango zela, eta drama izan dela”. “Gure bezeroen alde lan egiten jarraitu dugun sektore bakarra da, kudeaketa erabaki bakoitzak hondamendira gehiago hurbiltzen gintuen arren”, deitoratu du. Udan aukera berriak bilatu zituen, baina une honetan KO teknikoan daude: “2021eko lehen hiruhilekoa igarotzen denean azterketa bat egiteko zain nago, baina, fakturatu gabe, beste urte baterako prestatu behar dugu”. Hala ere, berriro bidaiatu ahal denean, boom bat egongo dela uste du.