EBko Justizia Auzitegiak Google-eko kontratu ilegalen ikustaldia hasi du

Googlek eta Europako Batzordeak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian (EBJA) azalpenak ematen hasi ziren atzo, Bruselak 2018an konpainiari ezarri zion 4.300 milioi euroko isunagatik; izan ere, Android gailuen fabrikatzaileekin legez kanpoko kontratuak sinatu zituen, bilaketa motorraren domeinua indartzeko.

Ostiralera arte luzatuko den ikustaldian, Bruselak Googleri leporatu dio telefono mugikorren fabrikatzaileekin eta sare-operadoreekin kontratuak sinatu izana, eta Google Search eta Chrome Android gailuetan instalatzera behartu izana, Play Store aplikazio dendako lizentzia ematearen truke.

Bruselak argudiatu du 2011tik hona akordio horiek legez kanpokoak izan direla, Googleren helburua merkatuan duen nagusitasuna babestea eta indartzea izan delako.