Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak herritarren parte-hartzea sustatzeko diru-laguntzen 2022 deialdia onartu du astearte honetan, lurraldeko udal eta toki erakunde txikiei zuzendua, 490.000 euroko diru-laguntzarekin. Herritarren parte-hartzeari dagokionez, 230.000 euro bideratu dira arlo horretara, eta, beraz, aurten, guztira, 720.000 euroko laguntza emango die partaidetzaren arloko ekimenei, hau da, 195.000 euro ( % 37) gehiago iaz baino.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azken Gobernu Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko prentsaurrekoan azaldu duenez, herritarren parte-hartzea sustatzeko diru-laguntzetara bideratutako baliabideen igoera justifikatuta dago, batetik, iaz jasotako eskaeren gorakadagatik, eta, bestetik, Aldundia parte-hartzearen esparruari “bultzada bat emateko” egiten ari den ahaleginagatik.

Kudeaketa publikoan herritarren parte-hartzea integratzeak “herritarren erakundearengan konfiantza sortzen” laguntzen duela defendatu du foru arduradunak. “Gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu egiten dira, gizarte-aniztasuna integratzen da, gizarte-interesak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoa antolatzeko prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa finkatzen da”, adierazi du.

Helburu eta lehentasun horiek betetzeko, Mendozak “Gobernantza-eredu berri, ireki eta kolaboratibo bat” diseinatu behar dela adierazi du. “Etorkizuna Eraikiz eredu horren adierazpenik argiena da, eta parte-hartzeak funtsezko eginkizuna du herritarrekiko lankidetza gauzatzeko”, azpimarratu du.

Toki-erakundeetzako laguntzak

Udalen kasuan, bozeramaileak gogorarazi du Aldundiak “aspaldidanik” laguntzen diela toki entitateei “egiten duten lana bultzatzeko eta errazteko, eta laguntza ekonomikoa eman diela udal esparruan sustatzen diren parte-hartze prozesuei”.

Iazko deialdiari erantzunez, 45 udalek laguntzak jaso zituzten eta 55 proiektu finantzatu ziren. Finantzatu ziren proiektuen artean, adibide gisa, honako hauek aipatu ditu Mendozak: Zarauzko Udalak bultzatutako Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren inguruko hausnarketa partekatua; Debako Udalak abian jarritako Zumardiko jarduerak zehazteko parte-hartze prozesua; eta Oñatiko Udalak ekintza komunitarioari buruzko azterketa estrategiko bat abian jartzea.

Bestalde, laguntza-lerro horiei esker, Aldundiak elkarteek bultzatutako beste 44 proiektu lagundu zituen diruz. Adibidez, Landetxa auzo-elkarteak, CEAR Euskadik edo SOS Arrazakeriak zuzeneko diru-laguntzak jaso dituzte partaidetza-prozesuak abian jartzeko.

Egilea Andoni Beitia