1981aren eta 2021aren artean, Euskal AEn 51.000 biztanle gehiago daude –pixka bat gehiago–, baina, aldi horretan zehar, aldaketak ez dira beti berak izan, Eustatek eginiko eta 2022ko Panorama Demografikoan laburtutako fenomeno demografikoen analisitik ondorioztatzen denaren arabera.

Lehen aldian, 1981etik 2001era bitartekoan, 59.000 pertsona baino pixka bat gehiago galdu ziren, gehienak 90eko hamarkadan; orduan, migrazio-saldo negatiboak eta saldo begetatibo (jaiotza eta heriotzen arteko aldea) negatiboak batu ziren. 2001aren eta 2011ren artean, 91.000 pertsona baino gehiago irabazi ziren, migrazio-saldoak oso positiboak izan zirelako, eta saldo begetatiboak ere positiboak izan zirelako; beraz, hamar urte hauetan, nabarmen berreskuratu da aurreko 20 urteotan galdutakoa.

2012an eta 2013an, biztanle kopuruak behera egin zuen, migrazio-saldo negatiboen ondorioz, baina, 2014tik aurrera, berriro hazi zen, 2020ra arte, orduan izan baitzen Euskal AEn biztanle kopuruaren maximo historikoa, ia 2.200.000koa, esklusiboki migrazio-saldoaren ondorioz, saldo begetatiboa oso negatiboa izan baitzen. 2020an, biztanle-bolumenak behera egin du berriro, zehazki 9.508 biztanle gutxiago, 2019aren aldean, COVID-19aren pandemiak fenomeno demografikoetan izan dituen eraginen ondorioz. Horrek oso eragin negatiboa izan zuen saldo begetatiboan, baina ez zen migrazio-saldoarekin orekatu, zeina, positiboa izanik ere, urtebete lehenagokoaren laurdena izan baitzen.

Euskal AEko biztanleriaren egiturari dagokionez, adin-talde handien araberako banaketaren bilakaerak adin gazteenetan jaitsiera nabarmena eta etengabea izan du; adinik zaharrenetan, aldiz, igoera. 1981etik 2021era bitartean, 65 urteko eta gehiagoko biztanleria % 9tik % 23ra pasatu da; 2,5 aldiz biderkatu da. Gazteen espazioa erritmo horretan murriztu da: 1981ean hiru pertsonatik batek 20 urte baino gutxiago zituen; 2021ean, adin horietan, % 18k. Are nabarmenagoa izan da pertsona nagusienen (85 urte eta gehiago) kopuruaren igoera: 5,3 aldiz biderkatu da 40 urte hauetan eta biztanle kopuru osoaren % 4,1 dira.

Jaiotza-tasa gordina nabarmen jaitsi da azken hamar urteotan; mila pertsonako 9,7koa zen 2011n, eta 6,7koa 2020an, tasarik baxuena 1976tik –orduan ia milako 20koa zen eta Espainiakoaren gainetik zegoen–. Jaiotzei dagokienez, aldi horretan % 64ko jaitsiera egon da; alegia, 26.361 jaiotza gutxiago. 2020ko jaiotza-tasa % 4,4 baino ez da jaitsi aurreko urtearen aldean; beste urte batzuetan izan den jaitsiera baino baxuagoa izan da. Beraz, ematen du fenomeno demografiko horren portaeran COVID-19aren pandemiak ez duela eraginik izan, urteko azken bi hiletan izan ezik.

Amek seme-alabak jaiotzean duten batez besteko adina 4,4 urte igo da 1981etik, eta 33 urtera iritsi zen 2020an. Kopuru hori Espainiakoa (32,3 urte) eta Italiakoa (32,2 urte), Portugalekoa (31,6 urte) eta Alemaniakoa (31,3 urte) baino handiagoa da; haiek ere ugalkortasun txikia dute.

Heriotza-kopurua % 70,1 hazi da 1980tik, baina 2020an COVID-19aren ondorioz izan zen heriotza-tasa handiagoa kontuan hartu behar da: halakorik egon izan ez balitz, hazkuntza % 48,4koa izango zatekeen. 1976tik, Euskal AEko gizon eta emakumeen bizi-itxaropena etengabe handitu da, eta 2019an izan zituen maila altuenak: 80,8 urte gizonetan eta 86,6 emakumeetan. 2020an, gizonen bizi-itxaropena hamarren bat jaitsi zen, 2019arekin alderatuta, eta emakumeena, hiru hamarren.

Jaitsiera hori COVID-19aren pandemiaren ondorioz izan den heriotza-tasa handiagoaren ondorioz gertatu da. Pandemiaren ondoriozko heriotza horiek gertatu izan ez balira, bizi-itxaropena gizonetan 81,3 urtekoa izango zatekeen eta emakumeetan, 86,8koa; alegia, 5 hamarren handiagoa gizonetan eta 2 hamarren handiagoa emakumeetan, 2019an baino. 2019aren eta 2020aren artean bizi-itxaropenean izan den jaitsiera hori Espainian izan denetik oso urrun dago; izan ere, Espainian 1,5 urtean jaitsi da bi sexuetan. Espainiakoa da Europar Batasuneko herrialdeetan izan den altuenetako bat; izan ere, jaitsiera orokorra 0,8 urtekoa izan da gizonetan eta 1 urtekoa emakumeetan.

Tumoreak eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunak, heriotza gehien eragiten dituztenak

Heriotza-kausak –COVID-19ak eragindakoez aparte– aldatu egin dira azken 30 urteotan, batik bat tumoreetan eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunetan. 1990ean, azken horiek heriotza guztien ia % 36 eragiten zuten, eta tumoreek, % 27. Bi kausa-talde horien bilakaeraren ondorioz, 2020an tumoreek pisu handiagoa izan zuten (% 29,4) zirkulazio-sistemaren gaixotasunek (% 26,5) baino.

Kanpoko kausen eraginak behera egin du aldi horretan; 1990ean % 6 ziren ia eta, 2020an, % 3,5. Hori hala izan da, trafiko-istripuek nabarmen egin dutelako behera. Baina nerbio-sistemako gaixotasunek eta nahasmendu mentalek izan dute hazkuntza handiagoa; 1990ean % 4,3 hartzen zuten eta, 2020an, % 15,3, batik bat Alzheimer-en gaixotasunaren eta dementzien igoeraren ondorioz.

1988aren eta 1999aren artean, Euskal AEk 52.638 pertsona galdu zituen migrazioengatik, baina 2000. urtetik, 169.425 irabazi ditu, funtsean atzerritarren immigrazioak gora egin duelako. Mende honen lehen hogei urteotan, 787.321 pertsonak immigratu dute eta 617.896 emigratu; hala, XX. mendeko azken hamaika urteetako noranzkoa alderantzikatu da; orduan, 136.159 etorkin izan ziren eta 188.797 emigrante.

2014aren eta 2019aren artean, migrazio-saldo positiboa handiagoa izan zen urtero, harik eta 2019an handiena izan arte, 1988tik. 2020an, nahiz eta positiboa izaten jarraitu zuen, % 77 jaitsi zen, aurreko urtearekin alderatuta, pandemiari aurka egiteko dekretatu ziren mugikortasun-murrizketen ondorioz.

1988tik 2020ra bitartean, Euskal AEko kanpoalderarekiko migrazio-saldoen portaera bestelakoa izan da, aztertzen den eremu geografikoaren arabera. Atzerriarekiko saldoak beti izan dira positiboak, 2012an, 2013an eta 2014an izan ezik (12.851 pertsona gutxiago), baina, 1997ra arte, oso eskasak ziren eta ez ziren 2.000 pertsonatik gorakoak. 2019an 18.133 pertsona izan ziren, baina, 2020an, % 71 egin zuen behera.

Saldo negatiboa

Espainiako gainerako lekuekiko saldoak, berriz, negatiboak izan dira 1988-2008 aldi osoan. 1988an izan zen saldo negatibo handiena (21.000 pertsona baino gehiago), eta, hurrengo urteetan, egonkortu egin zen (4.000 inguru). 2008a da, Eustatek estatistika hau egiten duenetik, beste erkidego batzuetatik Euskal AEra immigrazio gehiago gertatu diren lehen urtea (49 pertsona) erkidego horietarako emigrazioak baino. Hurrengo urteetan, saldo hori handitzen joan da, 2011n 6.638 pertsonara iritsi arte; hala ere, 2019an, 1.335 izan ziren. Pandemiak eragin handiagoa izan zuen gainerako autonomia-erkidegoekiko migrazio-saldoan, negatiboa izan baitzen eta 733 biztanle galdu baitziren.

COVID-19ari aurre egiteko dekretatutako pertsonen mugimenduen murrizketen ondorioz, ezkontza kopurua nabarmen jaitsi zen 2020an; 3.750 egon ziren, aurreko urteko 6.912en aldean, hau da, % 45,7 gutxiago. Beraz, ezkontza-tasa gordina ‰ 1,7koa izan zen, eta, aurreko urtean ‰ 3,2koa, eta 1978ko tasa baino ia % 59 txikiagoa. Euskal AEko ezkontza-tasa beti izan da inguruko herrialdeetakoa baino baxuagoa, baina aldea handitu egin zen 2020an; Europar Batasun osoko ezkontza-tasa gordina ‰ 3,2 izan zen.

Ezkontzen kopuruak behera egiteaz gain, Euskal AEko biztanleen ezkontza-portaeraren ezaugarririk garrantzitsuena da ezkontzen diren ezkongabeen adinak gora egin duela. 1988tik, senarren batez besteko adina 9 urte igo da, eta 10 emazteena. 2020an ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina 38 urtekoa izan zen, eta emakumezko ezkongabeena 36,2 urtekoa.

Egilea Andoni Beitia