2020. urtea lazgarria izan da arlo ugaritan. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du gizartea, eta eritasunak sortu dituen eraginekin (sozialak, ekonomikoak, etab.) elkarbizi behar izan da. Ingurune nahasi eta ezkor honetan, berri onak ere egon dira. Horren adibide izan da Guuken sorrera. Guuk telekomunikazio operadore berria da, MásMóvil enpresak babestua. Guuk aurtengo uztailean sortu zen, eta helburu du Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako etxebizitza merkatuetan bere lekua lortzea. Bere arma nagusia hurbiltasuna da: “Hemengo pertsonengandik, hemengo pertsonentzat”. Faktore horretaz gain, eskaintza ulerkorra eta tranparik gabekoa eskaintzen dute, “erraza, letra txikirik gabea eta bezeroari arreta onena ematen diona”.
Gizarte bat definitzeko unean, hainbat faktore daude. Horien artean komunikazioa dago. Komunikazioaren bidez harremanak sortzen dira; edozein jendartetako kideen arteko loturak eratzeko erreminta da komunikazioa. Euskal komunitatean eta gizartean benetako lotura lortzea du asmo Guukek, Euskadin eta Nafarroan zuntza eta mugikorra eskaintzen duen euskal telekomunikazio konpainiak, alegia. Enpresa horren balioak herri baten baitan errotuta daude, herri horrek esentzia bat partekatzen baitu, izendatzaile komun bat, bertako biztanle guztiak batzen dituena.
Guuk, bere izenean bertan dago konpainia honen idiosinkrasia. Operadore telefoniko honek kontra egin dio urte lazgarri honi, eta bere lehenengo pausoak eman ditu. Ibilbide labur honekin batera, enpresak bere filosofiarekin bat egin du aurrera. Bere estrategiaren erdigunean ez daude bakarrik bezeroak. Guuk harago joaten da, eta bere publikoaren testuinguru kulturala kontuan hartzen du (euskara, hurbiltasuna, etab.).
Guuk pertsonak batzen dituen teknologia-sektorearen esperientziarekin eta ezagutzarekin sortu zen, hemengo jendearen arteko harreman-zubi arina. Bere denbora pertsonalaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera emango dion zerbitzua nahi duen gizarteari erantzuna eman nahi dio. Eta, garrantzitsuena, hurbilen duen ingurunearekin, senideekin, lagunekin konektatzea erraztea, dauden tokian daudela. Izan ere, komunikazioa, benetako lotura, dabilen gizarte batean, errazagoa da dena. Horretan, Guukek abantaila du: bertako enpresa bat da, eta bere jendea ezagutzen du. Horregatik, bezeroari agindutakoa betetzen du, itzulingururik gabe. Etorkizunean harremanak sortu nahi ditu, konfiantzan, gardentasunean, eta fakturen erraztasunean eta argitasunean oinarritutakoa. Fidagarritasun eta segurtasun horiek dira Guuken giltza, konektatuago dagoen, etengabe garatzen ari den eta etorkizunerako itxaropenak dituen lurraldean barneratzeko.
Ezaugarri hori enpresaren leloan nabarmentzen da: “Berriro konektatzen dugu”. Ideia hori dago plataformaren erroan, “identitate proiektu bat delako, hemengo pertsonekiko lotura berreskuratu nahi dugulako”. Hain zuzen ere, bezeroarekiko arreta, euskaraz eta gaztelaniaz, bere indarguneetako bat izatea nahi du.
Guukek Euskaltelek egin duen alderantzizko mugimendua egin du. Gaur egun arte izan den euskal operadore nagusiak Virgin Telco operadorearekin akordioak adostu ditu, bere zerbitzua Espainia guztira zabaltzeko. Guuk, berriz, EAEn eta Nafarroan hasiko da bere zerbitzuak eskaintzen. Mugimendu hori dela-eta, Jon Ander de las Fuentes Guukeko lehendakariak berretsi du bere proiektua ez doala “inoren aurka”.
Nahiz eta lehiakortasun handia izan, merkatuan hobia dagoela defendatu du lehendakariak, etxebizitzen merkatuari, autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako eskaintza baterako. Euskadi eta Nafarroa ia osora iristen da, 4G zuntz optiko eta mugikorreko sarearekin. Azpiegitura horren zati bat MasMóvili esker dauka eskuragarri, eta bestea, operadore nagusiekin egindako akordioen bidez.
Hasiera are zailagoa
Orokorrean, hasierak zailak dira, baina aurtengo egoerarekin, arrisku-kirola da ekintzaile izatea. Zerotik abiatuta eta pentsaezina den egoera batean jaio zen Guuk uztailaren 3an. “Bertigoa ematen zuen, noski. Otsailean Guuk muntatzeko erabakia hartu genuen, eta martxoan mundua erori zen”, adierazi du Juan Antonio Goñik, Guuken CEOak.
Guuk une zail batean jaio zen, mundu mailako osasun-krisi eta krisi ekonomiko baten erdian. Hala ere, lehendakariak aukera gisa ikusi zuen bere garaian egoera berria, eta “une egokia” bezala definitu zuen denbora tarte hori: “Pandemiak telekomunikazioen garrantzia nabarmendu duelako, eta, Euskadin sektore horretan lehia handia dagoen arren, gurea bezalako eskaintza batek bere tokia lortu ahal du merkatuan”.
Ez dute bakarrik merkatuaren egoera baloratu; izan ere, azpiegituren maila ere goraipatu dute. “Pandemiak erakutsi du telekomunikazioen azpiegitura oso ona dela Estatuan. Eta uste dut hori Espainiako merkatuan lehia-maila handia dagoelako dela. Lehia guztiok hobetzeko pizgarria da. Guuken, EAEko etxeen %92k zuntz optikoa dute puntuz puntu, etxeko egongelara arte, 600 mega simetriko; eta 4Gn, EAEko eta Nafarroako etxeen %98ra iristen gara.”
Enpresaren sorreraren arrazoien atzean, sorterrian arrakasta lortzeko nahia dago. Guuken oinarrian MasMóvil eta Dominion enpresa euskaldunen arduradunak daude, eta, enpresa horiek emaitza eraginkorrak lortu zituzten arren, sortzaileek ez zuten sentitzen halako atxikimendurik euskal gizartearekiko. “Hasieran, Guuk proiektua bururatu zitzaigun, inoiz ez ginelako profeta izan gure lurraldean, ez MásMóvil ez Dominionekin.”
Ezberdintzea
Azaldu den bezala, Guukek hainbat balore transmititu nahi ditu. Goñik bere marka lehiakideengandik aldentzen duen ezberdintasuna azpimarratu du. Bezeroak enpresak bere egunerokotasunean egiten duen lanaren kontzientzia edukitzea nahi du, normalean atzean gelditzen den jarduna baloratzea. Ezaugarri horrek bat egiten du gizartean lortu nahi den atxikimenduarekin: “Jendeak jakin behar du norbaitek, bideokonferentzia bat egin ahal izateko, zanga bat egin duela, eta sistema etxera eraman dutela. Dirua kostatzen da, eta balioa eman behar zaio, hori guztia zentzuz eta arrazoizko prezioetan azalduta. Aukera eman zigun. Balioa beste modu batera eginda duen horrek, zerbitzuan bikaintasuna lortzeko bokazioarekin, bere lekua izan dezake merkatuan”.
Ezagutza prozesu hori hurbiltasunarekin lotuta dago. Tokiko enpresa baten irudia lortu nahi da, gizartean barneratze prozesua leunagoa izateko. Guuketik azpimarratzen denez, egun, Europako telekomunikazioen merkatuak kontzentrazio-prozesura jotzen du operadore handien inguruan. Halako bilakaera, neurri batean, logikoa da, 5G teknologiaren etorkizuneko garapenarekin egin beharreko inbertsio garrantzitsuengatik. Merkatuak aukerak eskaintzen dizkie kalitatezko zerbitzua eskaintzen dutenei, baita tokikotasuna eta bertako izaerari atxikita daudenei ere.
Guuk telekomunikazioen sektoreko operadorea da, eta gauzak beste modu batean egin nahi ditu, gure lurraldeko balio tradizionaltzat hartzen diren balioak oinarri hartuta: seriotasuna, zintzotasuna, emandako hitza, ahalegina… Hori guztia, eskura dagoen teknologiarik onenarekin konbinatuta, baita zuntz-sarerik onenarekin ere. Juan Antonio Goñik azpimarratzen duenez, “balio horiek eta teknologiarik onena uztartuz gero, gauzak egiteko eta bezeroekin harremanetan jartzeko beste modu bat dago. Gure lurrarekin, balioekin eta sustraiekin berriro konektatu nahi duen enpresa-proiektua gara.”
Gardentasuna da Guuken beste apustu handietako bat, eta beste operadore batzuen aldean “balio bereizlea” izango da. Horretarako, Juanan Goñi kontseilari delegatuak adierazi duenez, konpainiak prezio “bidezkoak, behin betikoak eta letra txikirik gabekoak” eskaintzen ditu. Webgunean edo arreta-guneetan, bezeroek zuntz eta mugikorraren eskaintza bat aukeratu ahal izango dute, zuntz bakarrekoa edo mugikor bakarrekoa.
Guukek eskaintzen duen kalitate-prezio balantza hainbat adituk goraipatu duten arren, enpresatik aitortu dute ez dutela prezioa bihurtu nahi bere barneratze prozesuaren ardatz. Beraientzat, garrantzitsua da gauzak beste era batera egitea. “Beti dago hutsunea zerbitzu bikaina ematen duen enpresa batentzat. Askotan, jendea aldatu egiten da operadorez, ez duelako balioaren diferentzialik aurkitzen, prezioa izan ezik. Guk bikainak izan nahi dugu zerbitzuan, baina, era berean, adierazi nahi dugu alde handia dagoela operadore batzuek eta besteek eskaintzen duten teknologian. Oso teknologia ona eskaintzen dugu, eta bezeroak neurtzea nahi dugu, faktore bereizgarria ere badelako. Horri arrazoizko prezioa, bidezkoa, gardena eta betikoa gehitzen badiogu, jendeak ez du arrazoirik izango egunero operadorez aldatzeko”.
Bezeroen fidelizazioa
Konpainiak ez du low cost merkatuaren borrokan sartzeko intentziorik. Balio-segmentua helburu duen bidea hartu dute, eta harremanak izateko beste modu batekin, Guukekin bat egiten dutenak pozik uzteko. Bezeroen fidelizazioa beste oinarri garrantzitsu bat da bere estrategian, eta kanpoan dagoenari ez diote eskaintza hobea emango barruan dagoenari baino.
Sei hilabete pasatxoko ibilbidea du, eta datorren urtean Guukentzat sendotze ekitaldia izango da. “Apurka-apurka olio-orban txiki bat bezala hazten joatea gustatuko litzaiguke, gure bezeroek ez baitute konpainiaz aldatzeko arrazoirik”, adierazi du Goñik, erronka gisa “konpainia honen hipotesiak baieztatzea” jarrita. “Egunetik egunera pixka bat hobeak izatea eta harago ez begiratzea. Ez dugu proiekzio handirik egiten epe luzera”. Egungo egoerak ere ezin du ikuspegi hori diseinatu.
Elkargi eta Guuken harremana
Euskadiko telefonia-operadore berrienak erreferentziako euskal operadore gisa kokatu nahi du. Guukek euskal merkatuan sendotu eta bere akziodunak indartu nahi ditu. Hori dela-eta, Elkargi SGR, Euskal Herrian erreferentzia den elkarren bermerako sozietatea, akziodun gisa sartu da.
Berme-sozietate horrek kapitalaren % 5 hartu du, eta beste erreferente bati gehitu zaio, Caja Rural de Navarrari, hain zuzen ere, Guuk operadorearen akziodunen % 10aren titularrari. MásMóvilek dauka kapitalaren gehiengoa (% 60), eta Dominion akzioen laurdenaren jabe da.
Bazkide berri honi esker, Guukek loturak estutu ditu euskal enpresa-sarearekin. Duela gutxi Adegi Gipuzkoako enpresa-erakundean afiliatu zen, eta orain Elkargi eta Caja Rural de Navarra bezalako akziodunekin are gehiago konektatuko du. Guukeko arduradunen arabera, Euskadiko eta Nafarroako enpresa-sarearekin elkarlana hobetuko da, zuntz eta mugikorreko zerbitzu onenak eskaintzen, 5G teknologiarekin eta bere behar digitalei irtenbideak emanez.
Kontseilari delegatuaren arabera, Elkargik bere enpresei lagundu ahal izango die, eraldaketa digitalaren prozesua azkartuz. Izan ere, euskal telekomunikazio-operadoreak bere eskura jarriko ditu konpainia horien beharrak asetzeko ezagutza eta teknologiarik onena hainbat arlotan, hala bola hostingean edo sinadura digitalean. “Gure lurraldearen garapenerako eta aberastasuna sortzeko hain garrantzitsuak diren aliatu indartsuekin”.
Elkarrekiko bermerako sozietatea akziodun gisa sartzeari dagokionez, bultzada nabarmena izango da Guukentzat: “Elkargi funtsezko eragilea da Euskadiko eta Nafarroako enpresa-sarearentzat, eta oso harro gaude gure konpainian sartu delako”.
Ildo beretik, Goñik aintzat hartu du jorratzen ari den eraldaketa teknologikoa, eta ziur agertu da digitalizazioa dela euskal gizarteak eta enpresek aurre egin beharreko erronkarik handienetako bat. “Elkargi akziodun gisa sartzeak balio handiago eman ahal izango die enpresa bazkideei, konektibitate-irtenbideak eta eraldaketa digitalera azken belaunaldiko zerbitzuak ere proposatu ahal izango baitizkie”.