Gero eta ohikoagoa da laneko elkarrizketa birtual batean parte hartzea. Denbora aurreztea eta prozesua bizkortzea dira enpresen hautaketa-prozesuetan online modalitatea aukeratzearen arrazoietako batzuk. Hala, ziur gaude sei gomendio hauek interesatuko zaizkizula, zure hurrengo bideoelkarrizketari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko

Teknologia berriek gure bizimodua aldatzeaz gain, ingurune profesionaletako komunikazioa ere aldatu dute. Horrenbestez, gero eta ohikoagoa da enpresek lan-elkarrizketak online egitea, horretarako Zoom, WhatsApp edo Skype plataformak baliatuz, besteak beste. Izan ere, konpainia guztiek ez dute elkarrizketak modu presentzialean egiteko denbora eta aukerarik. Hori dela eta, askorentzat nahikoa da Internet konexioa duen bitarteko elektronikoren baten bidez elkarrizketa bat egitea, hautagaia ezagutzeko eta kargurako egokia ote den jakiteko.

Lehenik eta behin, garrantzitsua da aukeratutako online formatuarekin eroso sentitzea eta enpresaren inguruko informazioa izatea, baina ez hori bakarrik; elkarrizketa arrakastatsua bermatzeko, badira beste hainbat trikimailu. Hemen, online modalitateko lan-elkarrizketa bat gainditzeko ezinbestekoak diren sei aholku azaltzen dira:

Proba teknikoa egin: elkarrizketarekin hasi aurretik, egiaztatu ekipoaren bateria topera kargatuta dagoela eta Interneteko konexioa ona dela. Alderdi tekniko guztiek behar bezala testatuta egon behar dute elkarrizketa hasi baino lehen. Egin proba bat lagunen batekin, dena ondo dabilela egiaztatzeko.

Espazioa zaindu: elkarrizketa egiteko aukeratzen duzun lekua erabakigarria da, beraz, espazioa zaindu eta kontrolatu kamerak jasotzen duena. Gela garbi bat bilatu, akustika onekoa eta kanpoko zarata gogaikarririk gabea, argiztapen egokiarekin. Agertoki desordenatu batek zure solaskidea distraitzeaz gain, zure antolatzeko gaitasunari buruzko irudi kaskarra bidaltzen du.

Begiratu kamerari: kamerari zuzenean begiratu, ez pantailan duzun zure irudiari; kontzentratuta zaudela ematen lagunduko dizu. Kamara pixka bat makurtuz gero, elkarrizketatzailearekiko kontaktu bisuala areagotuko da, eta zure aurpegi-adierazpenak hobeto erakusteko aukera emango dizu.

Ez azeleratu: elkarrizketa birtualetan, presentzialetan baino azkarrago hitz egiteko joera dute hautagaiek, eta, ondorioz, baliteke behar bezala ez ulertzea. Hartu arnasa, hartu segundo batzuk erantzun bakoitza pentsatzeko eta saiatu ohi baino gehiago silaba bakoitza ahoskatzen.

Gorputz-lengoaia zaindu: elkarrizketa birtualetan, gorputz-hizkuntzaren akatsak agerikoagoak dira ohiko elkarrizketetan baino. Jarri kameraren batez besteko distantziara, besoen goiko erdia agerian mantenduz. Utzi tartetxo bat buruaren gainetik, elkarrizketatzaileak zure gorputz-hizkuntza hobeto irakur dezan.

Itxiera on bat egin: elkarrizketa pertsonal batean bezala, zure indarguneak eta lorpenak aurkezteko unea aurkitu behar duzu. Funtsezkoa da zure elkarrizketatzaileari eskerrak ematea eskaini dizun denboragatik, eta hautaketa-prozesuan jarraitu beharreko hurrengo urratsak zeintzuk diren jakitea.