Zigorrek Madrilgo aireporturako potentzia-estazioak hornituko ditu

Zigor Corporación konpainia arabarrak 2,5 Mw-ko potentzia-estazioak emango dizkio Aena Espainiako aireportuen kudeatzaile publikoari Cymi-Insae ABEEaren bidez. Hala, aireportuko operadoreak Madril-Barajasko aireportuan eraikiko duen eguzki-autokontsumorako lehen instalazio handia egin eta abian jarriko du. Instalazio horrek 7,5 Mw-ko potentzia sortuko du, 5.500 etxetako energia-kontsumoaren baliokidea, eta urtean ia bi tona CO2 gutxiago isurtzeko aukera emango du.

Zigorrek hornituko dituen sortze fotovoltaikoko ekipoak 1,25 MW-ko inbertitzaileek, tentsio ertaineko sistemek (transformadorea eta gelaxka) eta hozte-sistema eta zerbitzu osagarriek osatzen dituzte. Hala, potentzia-estazio horiek eguzki-energia elektrikoa eraldatzen dute, kontsumitzaileak konektatuta dauden banaketa-sarera injektatzeko. Aurtengo irailean entregatzea aurreikusten da, eta hasiera batean urrian jarriko litzateke martxan.

Aurrerapausoak

Aenarekin lortutako kontratua Zigorrek teknologia mota horrekin aurretik lortutako beste batzuei gehitu behar zaie; esate baterako, 6 MW-ko 30 potentzia-estazio hornitzea Mexikoko eguzki-parke handienetako baterako. Bertan ordezkaritza propioa du konpainiak, bai eta Kolonbian ere.

Balio erantsi handiko kontratu horiek, Zigor taldea eguzki-energia aprobetxatzeko azken teknologiako sistemen hornikuntzan Espainiako eragile handienetako bat bezala kokatzen dute, eta bere energiaren negozio-lerroari 4,6 milioi eurotik gorako hazkundea emango diote 2020an, alegia, % 50etik gorako hazkundea izango du konpainiaren 2019ko fakturazio osoaren aldean.