Aritu 1994an Aretxabaletan (Gipuzkoa) sortutako enpresa da. Bere lehen urratsak ingeniaritza eta bulego teknikoko laguntza zerbitzuak eskaintzen zituen enpresa bezala eman zituen, eta, handik gutxira, informatika gehitu zuen bere zerbitzuetan, zehazkiago software ingeniaritza.

Gaur egun, Arituk soluzio propio baten alde egin du, Elora PLM izenekoa, open sourceko plataforma bat hain zuzen ere. Arduradunen arabera, PLM teknologien erabilera demokratizatzea du helburu plataforma horrek. “Elorak enpresen esparru garrantzitsuenak, hau da, produktua, prozesua eta ezagutza, babesten eta kudeatzen laguntzen du”, azpimarratu du Arituk.

Produktuaren edo proiektuaren bizi-zikloa kudeatzeko diseinatutako plataforma digital eta kolaboratiboa da Elora. PLM honek enpresak eskatzen duen antolaketa guztiari buruzko ezagutza ematen du, merkataritza, ingeniaritza, erosketa, fabrikazio edo kalitate sailetan, hartara, produktua azkarrago eta eraginkortasun handiagoz garatu ahal izateko.

Lankidetzarako plataforma

Gainera, hornitzaileekin, bezeroekin eta kanpoko laguntzaileekin lankidetzan aritzeko plataforma bat izatea ahalbidetzen du.

Bere konplexutasuna dela eta, horrelako PLM sistemen eskaintza txikia da merkatuan. Horregatik, Euskadin garatutako plataforma hau Siemens bezalako marka ezagunekin lehiatzen ari da. Gainera, Elora software librekoa da, eta hori are arraroagoa da merkatuan, euskarazko lehen plataforma izateaz gain, bakarra ere bada.

Arituren etorkizuneko planak, Elorari dagokionez, plataformaren garapenean aurrera egitea eta bere prozesuak hobetzen jarraitzea dira, plataforma digitalizatzeko gaitasunak eboluzionatzeko helburuarekin.