XABIER IRAOLA / Orain dela gutxi, ENBA nekazaritza-erakundeak bere sorreraren 30. urteurrena ospatu zuen, eta, antolatutako ekitaldian, barne-kontu gutxi batzuez gain, NPBren negoziazio amaigabea aztertu zen. Horretarako, Asajako Nazioarteko Gaietarako zuzendari Ignacio López-Asenjoren laguntza paregabea izan zuten. Erakusketa mahai-inguru batekin osatu zen. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako zuzendari Jorge Garbisuz gain, Inma Iriondo (artzaina) eta Mikel Arteaga (esnetarako behien jabea) abeltzainek parte hartu zuten, eta adituen planteamendu orokorrenei nolabaiteko errealismo-berniza eman zieten, baita ezkortasuna ere. Azalpenean, nola ez, López-Asenjok nekazari aktiboaren definizio arantzatsua eta problematikoa jorratu zuen (“benetako nekazari” terminoa baztertu egin da, ofizialki onartu baino lehen ere); izan ere, azken finean, Nekazaritza Politika Bateratuaren hartzaileen kopurua kontrolatzeko iragazkietako bat da, eta haren bidez zabaltzen edo estutzen da sarrerako atea.

Jasotzaileak

Hitz egiten ari garenaren berri izan dezagun, komeni da gogoratzea Euskadin 7.800 jasotzaile inguru daudela, eta 3.000 euroko laguntza hartzen dutela batez beste; Nafarroan 12.600 daude, batez beste 5.100 euroko laguntza hartzen dutenak; eta Estatuan, berriz, 680.000 jasotzaile inguru. Ministerioaren proposamenak jasotzen duen definizioaren arabera, nekazari aktibotzat hartuko da NGSEBean autonomo gisa alta emanda dagoen titular oro, edo bere diru-sarrera guztien %25, gutxienez, ustiategian egindako nekazaritza-jardueratik datorrela frogatzen duena. Beste baldintzetako bat, polemikoena, urtean gutxienez 5.000 euroko laguntza zuzenak jaso dituzten nekazariena da. Hau da, sistemarako sarrera hirukoitza aurreikusten da, eta, hala, orain arte bezala, mundu guztia sartuko da. Azken batean, beraz, aldaketa txikia izango da horri dagokionez.

Egilea Admin